Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Rock on top kultur programaren bosgarren aldia hartuko maiatzaren 27an hasita. Urtero legez, publikoa rock izar gogokoenen bizitzara hurbiltzeko xedez ondu dute egitaraua, eta, hala, musikari buruzko dokumentalak eta erakusketa bat jarriko dituzte ikusgai zikloaren barruan. Gorka Urbizuren sorkuntza prozesua jasoko du erakusketak, hain zuzen, eta argazkiak eta film grabazioak bilduko ditu nagusiki.
Aurten lau dokumental proiektatuko dituzte, Azkena Rock jaialdian izango diren hainbat taldetan oinarrituta: Super Duper Alice Cooper, Bunch of Kunts. A Film About Sleaford Mods, Big Easy Express eta No somos nada. Dokumental guztien proiekzioak 19:00etan izango dira, Montehermosoko Ortuño aretoan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu beharko da Monterhemosoren edo Gasteizko Udalaren webgunean. Gainera, dokumentalak ikustera joango direnen artean Azkena Rock jaialdirako sarrerak zozkatuko dituzte.
Alice Cooper izenez ezagunagoa den Vincent Furnierren istorioa kontatzen du Super Duper Alice Cooper filmak. Lanak animazioa eta rock opera uztartzen ditu, bai eta audio elkarrizketak, kontzertuetako materiala eta telebista saioak ere. Musikariaren ibilbideko mugarri guztiak xehetasunez azaltzen dira dokumentalean, eta Iggy Pop, Elton Johnen, John Lydonen, Bernie Taupinen, Dee Sniderren eta Alice Cooperren beraren ekarpenak jasotzen ditu. Maiatzaren 27an emango dute.
Ekainaren 3an, berriz, Sleaford Mods bikotearen ibilbidea kontatzen duen Bunch of Kunts. A Film About Sleaford Mods filma proiektatuko dute. Jason Williamson eta Andrew Fearn musikariak ardatz hartuta, filmak taldearen biretako irudiak, elkarrizketak eta eguneroko kontuak erakusten ditu. Musika dokumentala baino gehiago, «industriaren arauak zalantzan jartzen dituen eta benetakotasunetik abiatuz publikoarekin konektatzen duen banda baten erretratua da», antolatzaileek azpimarratu dutenez.
Big Easy Express dokumentalak, berriz, Old Crow Medicine Show, Mumford & Sons eta Edward Sharpe & The Magnetic Zeros taldeek 2011ko udaberrian San Frantziskotik New Orleansera (AEB) egindako bidaia musikala kontatzen du. Ekainaren 10ean ikusi ahalko da lan hori.
Bestalde, La Polla Records taldearen, eta, bereziki, Evaristo Paramos liderraren «erretratu intimo eta emozionala» da No somos nada dokumentala, eta ekainaren 17an proiektatuko dute. Artxiboko irudiak, testigantzak eta taldearen agur birako pasarteak uztartuz, filmak Euskal Herriko punk talde mitikoetako baten historia berreraikitzen du. Javier Corcuera zuzendaria eta Evaristo Paramos musikaria Montehermoson izango dira proiekzioaren egunean.
Gorka Urbizuren unibertsoa
Film dokumentalak ez ezik, erakusketa bat ere zabalduko dute Rock on top zikloaren barruan: zehazki, Gorka Urbizuren Hasiera bat diskoaren sormen prozesuari buruzko Janela erakusketa. Garbiñe Ortegak egin ditu komisario lanak, eta Ibai Arrieta del Pico argazkilariaren argazkiekin eta Alexander Cabeza Trigg zinemagileak 16 milimetroko formatuan grabatutako filmekin osatuta dago.
Janela erakusketan, kontatzen da Urbizuk nolako prozesua egin zuen Lleidako (Herrialde Katalanak) Teatre de Ca L'Eril estudioan diskoa sortzeko, eta islatzen da lana aurkezteko lehenbiziko zuzenekoak eta taldekideen arteko harremana nolakoak izan ziren. 2024an inauguratu zuten erakusketa, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, eta orain Montehermoson ikusi ahal izango da, maiatzaren 28tik ekainaren 28ra arte. Hain justu, maiatzaren 28ko inaugurazioan Urbizu bera egongo da.
Inauguraziorako lekuak mugatuak izango dira, eta gonbidapena beharko da sartzeko. Gonbidapenak gaurtik aurrera eskuratu daitezke.