Lau koreograforen ikuskizunek dantzan jarriko dute Tabakalera

Donostiako 84. Musika Hamabostaldiko Tabakalera Dantzan zikloaren laugarren aldia da aurtengoa. Lau emanaldi egingo dituzte abuztuaren 17tik 22ra, Tabakaleran bertan

Clara Montero, Dani Hernandez, Olatz de Andres, Blanca Arrieta eta Patrick Alfaya, atzo, Tabakaleran. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Nagore Garmendia Artano
Donostia
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Tabakalera da, Kursaal auditoriumarekin batera, aurtengo Musika Hamabostaldiko dantza eskaintzaren erreferentziazko egoitza. Tabakalera Dantzan zikloaren laugarren aldia da aurtengoa, eta Tabakalerako Patioa, Plaza eta That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa-Tabakalera erakusketa izango dira zikloko dantza proposamenen eszenatokiak. Lau ikuskizunetatik hiru espazio horietan egingo dituzte, eta laugarrena ikuskizun ibiltari bat izango da, Tabakalerako hainbat gunetatik pasatuko dena.

Bi berritasun handi dakartza Tabakalera Dantzan zikloak aurtengo aldirako: batetik, zikloak komisario bat izango du, Olatz de Andres koreografoa; eta, bestetik, sorkuntza egoitza bat izango du, ziklorako espresuki sortutako obra bat ekoizteko. «Programa osatzen duten piezak testuinguru eszenikotik atera, eta beste aurkezpen espazio batzuk betetzen dituzten sorkuntzak dira», adierazi du De Andresek. Komisarioak gehitu du «bilaketa oso pertsonala» duten tokiko zein nazioarteko lanak aurkeztuko dituztela.

Programazioak biltzen duen lehen ikuskizuna Vera Tussing Belgikako konpainiaren The Palm of Your Hand #2 izango da. Dantzarien eta publikoaren arteko zuzeneko interakzio bat da; izan ere, publikoa elipse batean kokatuko da, eta dantzariak elipsearen barruan arituko dira, espazio eszenikoa mugatzen dutela. Vera Tussing bera da konpainiaren sortzailea; urteak daramatza ukimena eduki koreografiko moduan erabiltzen, eta ideia horren barruan sortu zuen lehen pieza da The Palm of Your Hand, 2015ean. 2017an birsortu zuen, eta horixe da aurten Tabakaleran aurkeztuko duen bertsioa. Bi emanaldi egingo dituzte, abuztuaren 17an, 18:30ean eta 21:00etan, Tabakalerako Patioan.

Poliana Lima koreografoaren Las cosas en la distancia lanarekin jarraituko du aurrera programazioak. Zortzi dantzari ditu ikuskizunak, eta bere eduki koreografikoa emakumeen erresilientziaz eta erresistentziaz hitz egitean oinarritzen da. Lima Brasilen jaio zen, 2011n hasi zuen bere ibilbidea, eta 2016an sortu zuen Las cosas en la distancia. Gaur egun Madrilen bizi da, eta nazioarteko hainbat jaialditan ibili da, bere beste zenbait ikuskizun saritu baitituzte, dantza lehiaketa garrantzitsuetan; besteak beste, Madrilgo 23. Koreografia Lehiaketan eta Vienako Dance Web lehiaketan. Bi emanaldi egingo dituzte, abuztuaren 18an: 12:00etan eta 19:30ean arituko dira dantzariak, Tabakalerako Plazan.

Dantza ibiltari bat

Dani Hernandez koreografo espainiarra bere haurtzaroan eta nerabezaroan oinarritu da Cordoba Drone sortzeko. Isaac Albenizen Cordoba partitura izan du abiapuntu, eta tradizioa eta bere bizitzako etapa horietan sentitzen zuena berrikusi eta berrinterpretatu du, gaur egungo ikuspuntuarekin: «Betidanik izan dudan bihozkadatik abiatuta berraztertzen eta berridazten dut», adierazi du. Ikuskizun ibiltaria izango da harena, eta aitortu du «Hamelingo txirulariaren antzera» lan egitea gustatuko litzaiokeela: «Jendeak, ni kalean ikusteaz gain, niri jarraitu nahi izatea gustatuko litzaidake».

De Andresen hitzetan, ikuskizun ibiltaria eginez gero, publiko zabalago batera irits daiteke dantza, nahiko ezezaguna baita zenbait sektoretan. Drone erritmora egingo du dantza Hernandezek, Tabakalerako Plazatik abiatuta, abuztuaren 18an, 19:00etan. Musika elektroniko mota bat da hori, musika esperimentalaren barruan kokatzen dena. Soinu horrek publikoarekiko tentsio bat sortzen duela azaldu du Hernandezek, eta horrek indarra ematen diola haren mugimenduari: «Hipnotikoa eta kontenplatiboa da ikuskizuna», haren hitzetan.

Lehen aldia da zikloak sorkuntza egoitza bat hartu duena; hau da, koreografo bati lan espazio bat eta laguntza ekonomikoa eskaini zaizkio aurten, Tabakalerako espazioekin lotutako proiektu bat garatzeko. Blanca Arrieta izan da aurtengo koreografo egoiliarra, eta That Time erakusketa izan du abiapuntu Eso pieza sortzeko, areto hori bera bere eszenatoki bihurtuta. Galdera batetik sortutako lana da: zer presentzia du mugimenduak erakusketa areto batean? «Eso-k bidea eman du hainbat artistak eta garaitako obrek espazio berean elkar eragiteko», adierazi du Arrietak. 2000. urtean ekin zion sorkuntza lanari, eta, geroztik, obra eszeniko ugaritan ibili da, koreografo, interprete eta kolaboratzaile gisa. Abuztuaren 19an, 20an eta 21ean aurkeztuko du Eso ikuskizuna, 20:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.