Azken urteotan konpainia sortu berrien antzezlanentzat oholtza bat eskaini izan du, tarteka, Bilboko Pabiloi 6 guneak. Emergenteen Zikloa antolatu du oraingoan, «panorama birdefinitzen ari diren sortzaileei ahotsa emateko» asmoz. Heldu den astean egingo dute zikloa, hilaren 12tik 15era, eta lau antzezlan taularatuko dituzte beste horrenbeste konpainiak; horietatik bi izango dira euskaraz, eta emanaldien ondotik solasaldiak ere egingo dituzte. Halaber, lehen aldiz, talde hasiberrien topaketa bat ere egingo dute, «arte eszenikoen inguruko elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko».
Antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, «proposamen ausarten bidez, ohikoei aurre egiten dieten eta errealitatearen aniztasuna eta konplexutasuna erakusten duten gai garaikideak jorratzen dituzte» konpainia gazteek. Horren erakusle izango dira oholtzaratuko dituzten lau antzezlanak. Nadie sabe lo que sufre un caracol antzezlana izango da lehena agertokia hartzen, otsailaren 12an. Memoriaz, musikaz eta mugimenduz betetako lana da, antolatzaileen hitzetan, eta Clara Chaconek Lo que queda mañana bere bigarren liburuko hitzak eszenaratzeko beharra zuelako jaio da. Egilea eta Graciela Doniz izango dira oholtzan obra antzezten.
Hurrengo egunean, Las Nenas konpainiak —Ane Sagues Abadek eta Cristina Tomas Olaiak osatzen dute— Manual para dos cuerpos desorientadxs aurkeztuko dute. Hitzaldi performatibo baten moldean, gorputzen aurkako egiturazko indarkeriaren formak aztertzen ditu lanak, eta, besteak beste, «indarkeria estetikoaren eta irudiaren diktaduraren kontzeptuen inguruko hausnarketa» piztu nahi du.
Herriko plaza, jai egun batez
Larunbatarekin, Harreman konpainiaren Enbor(r)rak izango da ikusgai. Antzerkia eta dantza uztartu dituzte proposamenean, eta sustraiak, adiskidetasuna, dantza eta, batez ere, bizikidetza goraipatzen. Hala, herriko jaietako egun bat da obraren ardatza, eta herriko plaza agertoki nagusia. Paula Gironi antzerkigile eta obraren zuzendariak hala azaldu du ikuskizunaren mamia: «Gutaz hitz egiten du, hemen gauden guztiez. Gaurkoaz, atzokoaz, beharbada biharkoaz. 1937ari buruz. 2024ari buruz. Familiari buruz eta familia berriari buruz. Doluei buruz. Ondoan duguna babesteaz. Aldatu garen guztiaz. Etengabeko guda batean ez egoteaz. Bizikidetzaz... horretaz guztiaz dihardu».
Egun berean egingo dute Konpainia Emergenteen I. Topaketa. Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak antolatu du topaketa, profesionalen arteko elkargune bat sortzeko asmoz, baita «hizkuntza eszeniko berriei eta gaur egun gazte sortzaileak interpelatzen dituzten errealitateei buruzko elkarrizketa eta hausnarketa» sustatzeko xedez ere. Aretoan bertan izango da bilkura, 10:30etik 13:30era, eta sarrera librea izango bada ere erreserba egitea beharrezkoa dela jakinarazi dute.
Igandez amaituko dute zikloa, Libe Estebaranz Leizearen Mina espazio antzezlanaren emanaldiarekin. Mina espazioa 90eko urteetan Bilbon sortutako diziplina anitzeko gune alternatiboa izan zen, zeinak aukera eman zien euskal artista gazteei sormenezko komunitate bat eta esperimentatzeko leku bat eraikitzeko. Gunea itxi eta 25 urtera taularatuko dute izen bereko proposamena. Antolatzaileen hitzetan, hainbat «keinu eszeniko» bilduko ditu emanaldiak, hala nola «belaunaldi berrien artean ahanzturan eror zitekeen oroitzapen kolektiboa berreskuratzea».
Ostegun, ostiral eta larunbateko emanaldiak 19:30ean izango dira, eta igandekoa, berriz, 12:00etan.