Lauaxetaren ondarea 'bijotzetik' oholtzara eramango duen emanaldia estreinatuko dute gaur, Laukizen

Gontzal Mendibil musikariak gidatuko du 'Bijotzean Lauaxeta' saioa, eta dantza, antzerkia, musika eta olerkiak uztartuko dituzte. Poetaren bizitza kontatu eta gogoratuko dute.

Lauaxetaren argazki bat, Donostiako Aranzadi zientzia museoaren egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
Lauaxetaren argazki bat, Donostiako Aranzadi zientzia museoaren egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Agur, ene herri, Jaunak naroa/ Aberri eder argira./ Neure negarrak jarion neuzan/ zeure mendiai begira./ Seme bat zeukan, baña etsayak/ kendu eutsoen biotza/ soin ederrera ixuri yakon/ mayetz bateko goiz otza». Frankistek fusilatu zuten Estepan Urkiaga Lauaxeta, 1937an, baina oraindik ere irakurtzen dira haren poemak. Gontzal Mendibilek Lauaxetaren sei poema musikatu ditu; haietako bat da Agur, Euzkadi! —Agur, ama! ere esaten zaiona—, fusilatua izan aurretik idatzitakoa. Bijotzean Lauaxeta ekitaldi musikatua sortu du Mendibilek abesti horiekin. Dantza eta antzerkia ere baliatu ditu saioa osatzeko, eta gaur estreinatuko du, Laukizen (Bizkaia), 19:00etan.

Lauaxeta duela 120 urte jaio zen, eta efemeridea haren bizitza omenduz ospatuko dute gaur, poetaren sorterrian. Mendibilek gidatuko du ikuskizuna; poetaren haurtzarotik abiatuko dira, eta fusilatu arteko ibilbidea zeharkatuko dute, dantza, interpretazio, kantu eta poesia artean. Arkaitz Gartziandiak jokatuko du Lauaxetaren rola, eta Urepel abesbatzak osatuko du korua. Gainera, Beti Jai Alai dantza taldeak girotuko du ikuskizuna, eta beste hainbat musikari ere izango dira: Ainhoa Tabuyo kantari ariko da, Angel Unzuk gitarra eta buzukia joko ditu, Jose Luis Canalek pianoa, Josu Gonzalezek saxoa, eta Iñaki Dieguezek akordeoia. «Lauaxetaren bizitza kontatu, kantatu eta eszenifikatu egingo dugu», argitu du Mendibilek.

«Lauaxetaren bizitza kontatu, kantatu eta eszenifikatu egingo dugu»GONTZAL MENDIBIL Abeslaria

Pasadizoz pasadizo kontatuko dute Lauaxetaren bizitza. Haietako bat aipatu du Mendibilek: antza denez, 1930ean Errenterian (Gipuzkoa) izandako lehiaketa batengatik egin zen ezagun Lauaxeta, 25 urte zituela; hain zuzen, Maitale kutuna poemagatik. «Iñoiz ikusi bako maitale kutuna/ neure opa samurrok laztanduten dabe./ Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna/ eta bere larrosak usainduten nabe». Txapelketan bertan zeuden, besteak beste, Lizardi eta Orixe, baina poeta bizkaitarrak eraman zuen saria. Lauaxetak Federico Garcia Lorcari idatzitako eskutitza ere izango dute mintzagai; zehazki, 1935ean Lorca Bilbora etorri zenean idatzi ziona, haren poemak euskarara itzuli ahal izateko baimen eske. Nolanahi ere, ekitaldian Lauaxetaren bizitza aletuko badute ere, poesia izango da haria.

Aberria eta askatasuna

1937an atxilotu zuten Lauaxeta, Le Petit Gironde egunkariko kazetari bati Gernika suntsitua erakusten ari zitzaiola, eta Gasteizen espetxeratu zuten gero. Besteak beste, bertan gatibu zela idatzitako poemak musikatu ditu Mendibilek, «tristeak» diren arren. Izan ere, abeslariak bilakaera nabarmena antzeman die aro bateko edo besteko Lauaxetaren olerkiei: «Gaztea zela oso poema alaiak idazten zituen, erromantizismoz beteak. Gero gerra hasi, eta harrapatu egin zuten. Orduan hasi zen triskantza». Hala, emanaldiak, aroz aro, Lauaxetaren lirikari segituko dio, eta, azkenerako, Mendibilek dioenez, «hunkigarria izango da oso».

«'Dana eman behar jako maite dan askatasunari' zioen Lauaxetak, eta erreferente bat izan da askatasun oihu horretan»GONTZAL MENDIBIL Abeslaria

Mendibilek Euskal Herriko historiako poetarik esanguratsuenen artean kokatzen du Lauaxeta, eta, gaur egun ere, sinbolo bat dela uste du: «Askatasunaren aldarria egiten du poemetan. 'Dana eman behar jako maite dan askatasunari' zioen, eta erreferente bat izan da askatasun oihu horretan». Gainera, Mendibilek gogora ekarri ditu amak poetari —semea artean haurra zela— esaten zizkion hitzak: «Ez ahaztu nor zaren, ezta nondik zatozen ere». Lauaxetak aberria, euskara eta askatasuna zituen hizpide, eta horien denen ikur da jaio zenetik 120 urte igaro diren honetan.

Bijotzean Lauxeta ekitaldi musikatua Laukizen estreinatuko badute ere, herri gehiagotara eramateko asmoa adierazi du Mendibilek, eta gaineratu du gogoan izan behar direla erreferente izandakoak: «Beharrezkoa da memoria egin eta halakoak gaur egunera ekartzea». Hortaz, gaur memoria ariketa bat egingo dute Laukizen; hain zuzen, Lauaxetaren ondarea lau haizeetara zabal dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.