Bost hankako pantaila da Donostiako Tabakalerako pantaila partekatua. Donostia Kulturaren, Donostiako Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren, Elias Kerejeta Zine Eskolaren eta Tabakaleraren artean prestatzen dute hango zinema programa, eta denboraldi berria aurkeztu dute gaur. Laura Citarellak, Billy Wilderrek eta zinema eta zientzia lotzen dituen ziklo batek emango diote hasiera, eta urteko lehen emanaldia Alberto Gastesi zinemagilearen Singular filmarena izango da. Urtarrilaren 8an erakutsiko dute, eta filmaren sortze prozesuaren berri emango die ikusleei ondoren Gastesik, Kontatutako zinea programaren barruan.
Laura Citarellaren inguruko zikloa, berriz, urtarrilaren 15ean hasiko da. Trenque Lauquen lana aurkeztuko du zinemagile argentinarrak —Cahiers du Cinéma aldizkari espezializatuak 2023ko filmik onena izendatu zuen—, eta Elias Kerejeta Zine Eskolan ere arituko da, baita publikoari irekitako lantegi batean ere. Citarellak aurrez zuzendu dituen film esanguratsuen artean daude Historias extraordinarias (2008) eta La flor (2018), besteak beste, eta El Papero Cine ekoiztetxe ospetsuko kide ere bada.
Otsailean, Zineb Sedira artista frantziar-aljeriarra helduko da Tabakalerara —erakusketa bat ere irekiko du bertan—, eta, Aljeriako eta Marokoko zinemagileak ardatz izango dituen ziklo baten barruan, William Kleinek zuzendutako Festival panafricain d'Alger 1969 (1969) filma aurkeztuko du. Apirila eta ekaina bitartean, halaber, atzera begirako bat egingo dute Lucile Hadzihalilovic zuzendari frantziarrari buruz; azken Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zuen La Tour de Glace lanarekin, eta bere filmografia osoa erakutsiko dute orain.
Klasikoak eta zinema ikasleak
Urte osoko Nosferatu zikloa, bestalde, iragan mendeko zinemagile entzutetsuenetako baten inguruan ardaztuko du Tabakalerak: Billy Wilderren inguruan, hain justu. Urtarriletik abendura bitartean, Wilderren 32 film proiektatuko dituzte, haren ibilbidearen erakusgarri: 1930eko hamarkadan Alemanian gidoilari hasi zenetik gero Frantzian eta aurrerago AEBetan zuzendari aritu artekoa, hain zuzen. Sunset Boulevard (1950) filma emanda abiatuko dute zikloa, urtarrilaren 14an; eta Mauvaise graine (1933) eta The Major and the Minor (1942) erakutsiko dituzte gero, besteren artean.
Tabakalerako pantaila partekatuaren eskaintza ezaugarritzen duen beste ildo bat zinemaren eta beste diziplinen arteko elkarrizketena da. Zinemaren eta musikaren, artearen, literaturaren eta zientziaren arteko hartu-emanean jarri ohi dute fokua, eta urtarrilean izango dira denboraldi berriko lehen hitzorduak: hilaren 9an, Franklin J. Schaffnerren Planet of the Apes (1968) filmaren inguruan arituko da Pedro Miguel Etxenike zientzialaria; hilaren 29an, Claire Denisen Beau travail (2022) filmari buruz hitz egingo du Eider Rodriguez idazleak; eta hilaren 31n, soinu bandei buruz arituko dira Niña Coyote eta Chico Tornado musikariak.
Horrez gain, Zinemaldia + Plus zikloak —Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuan duen programak— zinema eskoletan jarriko du arreta 2026an, eta eskola horietan garatzen diren lanak bistaratuko dituzte. Zehazki, honako film hauek: We Can't Go Home Again (1973, Nicholas Ray); Todos vĂ³s sodes capitĂ¡n (2010, Oliver Laxe); Don't Expect Too Much (2011, Susan Ray); Le concours (2016, Claire Simon); Los mutantes (2016, Gabriel Azorin); The Souvenir: Part II (2021, Joanna Hogg); A Night of Knowing Nothing (2021, Payal Kapadia); eta TĂº me abrasas (2024, Matias Piñeiro).
Gainera, ikusleentzako zinema bonua berrituko dute 2026an, eta 90 euroan eskuratu ahalko da 30 filmetarako sarrera. Abenduaren 19tik aurrera jarriko dute salgai, eta urtarrilaren 31ra bitarte erosi ahalko da.