Laurent des Cars Parisko Louvre museoko presidentearen postua kolokan zegoen joan den urriko lapurretaren eta haren ostean gertatutako ezbeharren ondorioz. Gaur dimisioa eman du des Carsek, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak onartu egin du: «Munduko museorik handienak lasaitasuna behar du, baita bultzada berri bat ere, ziurtasun eta modernizazio lanak behar bezala burutzeko».
Des Carsek 2021ean hartu zuen Louvreko museoa zuzentzeko ardura. Haren kudeaketa joan den urrian jarri zen auzitan, Frantziako Koroaren zortzi harribitxi ostu zituztenean. Artean ez dituzte lapurrak atzeman, eta harribitxiak desagertuta daude oraindik. Gertaera horrek agerian utzi zituen museoaren segurtasun neurrien gabeziak, eta kalte handia egin zion Parisko museoaren irudiari.
Lapurreta nahikoa ez, eta zenbait areto itxi behar izan zituzten hilabete eskas baten buruan, eraikineko habeetan pitzadurak azaldu zirelako. Jarraian uholdea izan zuten Egiptoko erakusgaien aretoan, eta zenbait dokumentuk eta artelanek kalteak izan zituzten.
Handik gutxira, bertako langileek grebara jo zuten, eta itxialdiak antolatu zituzten aldaketak eta baldintza hobeak eskatzearren. Gabonetan bertan behera utzi zuten protesta, baina urtarrilean berriro ekin zieten itxialdiei.
Bestalde, «eskala handiko» iruzurra ere deskubritu zuten, sarreretan eta turistei zuzenduriko eskuliburuetan, eta zenbait lagun atxilotu zituen poliziak.
Des Carsek instalazioen «zaharkitze kezkagarriaren» berri eman zuen zorigaitz horiek guztiak gertatu baino hilabete batzuk lehenago, baina Frantziako Gobernuak ez zion jaramonik egin.