LAUTAN HIRU ANTZERKI JAIALDIA
Konpainiak eta antzezlanak: Gehibat (Zaku berekoak), Supituki (Antzerki inprobisatua), Kafe Bar Bilbao antzerki testu saritua (Goiuri… grabatzen!), amaHiru (Igogailu batean amaitu zen mundua). Lekuak: Euskaltzaindiaren egoitza, Zazpi Katu gaztetxea eta Bira kulturgunea. Egunak: Otsailaren 5a eta 12a.
Hasiera batean, Lautan Hiru izeneko jaialdian hiru antzezlan labur antzezten ziren Bilboko Alde zaharreko lau lekutan. Gaur egun bost dira antzezguneak —Euskaltzaindiaren egoitza, Kafe Bar Bilbao, 7katu gaztetxea, Bira! kultur gunea eta AEKren Kalderapeko taberna— eta, lekuak txandakatuz, bi lan aurkezten dira otsailaren ostegun bakoitzean. Aurtengoan edizioaren erdian gaudenez, horra hor orain arte ikusitakoen kronika txikia.
Hilaren 5ean hasi zen programazioa Zaku berekoak piezarekin. Gehibat konpainiako Xabin Fernandezek gizonezko baten bakardadea irudikatu zuen bere bakarrizketan, inguruko senideez inguratuta zegoela. Baina senideak —ama edadetua, emaztea, alaba nerabea eta seme gaztetxoa— panpina mutuak baino ez ziren, protagonistaren bizitzan bezala seguruenik, eta interesgarria izan zen haien maneiu ona eta haiek eraikitzeko tresneria ikustea. Ordea, lehen harridura gaindituta, argumentuaren garapena interesa galtzen joan zen artistaren jarduera txukuna gorabehera.
Jarraian Bira! euskal gunean izan zen Supituki izeneko emanaldia. Izenburuak aipu egiten dio antzerki inprobisatuari, eta taula gaineko lau lagunek (emakume bat eta hiru gizon) umore finez eta gaitasun eszenikoz egin zieten aurre ikusleek jarritako gaiei. Nik behintzat nahiago nukeen saio bakoitzaren aurrean ezer ez azaldu izana ikusleek berek deskubritu zezaten hurrengo saioaren teknika, baina kontu hori kenduta, emanaldi distiratsua eskaini zuten, denon gozamenerako.
Otsailaren bigarren ostegunean 7katu gaztetxean ikusi genuen Goiuri… grabatzen! izeneko lana. Mikel Martinezek azaldu zigunez, Idoia Garzesen testuak Kafe Bar Bilbao saria eskuratu zuen gidoien arloan, eta horren irakurraldi dramatizatua eskaini zuten Josu Iriartek, Amets Larreak, Nerea Lizarraldek eta Jare Torralbak. Testu irudimentsua eta entretenigarria izan zen, eta haren bidez jabetu ginen euskararen benetako jatorriaz, euskal kosmonauta batzuek espazioan zehar egindako espedizioaren kontura.
Azkenik, eta Bira! euskal gunean berriro, Igogailu batean amaitu zen mundua antzeztu zuten amaHiru konpainiako Eneritz Sanchezek, Iñigo Elosegik eta Iñaki Cidek. Izenburuari kasu eginez, igogailu batean harrapatuta geratu diren gizonak eta emakumeak AAren ustezko laguntza eskatzen dute handik irteteko, baina zoramenezko ondorioen zurrunbiloan eroriko dira. Planteamendu ona eta antzezpen onak lagun, txalo beroak jaso zituzten ikusleen aldetik.
Horraino orain arte Lautan Hirun ikusitakoa. Datozen bi ostegunetan beste lau eszenaratze izango dira, eta haien artean Hautagaia (Pantzo Hirigarai eta beste bost artistarekin) eta Adriene Bergson-Johnson (Baionako Itzuli konpainia, Maryse Urrutirekin) gomendatuko nizkizueke.