LEAH SENIOR
'Pt. Roadknight'
Diskoetxea: Spinster.
Leah Senior folk musikari australiarraren bosgarren diskoa da Pt. Roadknight, AEBetako zigilu batekin argitaratzen duen aurrenekoa. Bere bandcampean Sandy Denny eta Vahsti Bunyan aipatzen ditu erreferentzia gisa, eta bai, badu disko honek 1970eko hamarkadako folk progresibotik zerbait, batik bat bilduma irekitzen duen Mothersong-en antzematen dena. Baina lan aipagarri honetan Joni Mitchellen (Talk to Me) eta Nick Drakeren (Two Weeks) eragina antzematen da, eta, batzuetan, kantari garaikideen eremuetara ere hurbiltzen da musikaria. Hala, Laura Veirsen folk-pop intimoaren ahaireak suma daitezke tronpetak lagundutako Winter kantu leunean. Ezusteko bikaina.