Esther Kinsky idazle alemaniarrak (Renania, 1956) gorroto du W. G. Sebald idazle alemaniarra. Kontraesankorra dirudi: biek memoriari buruz idatzi dute, eta W. G. Sebald izeneko literatur saria eskuratu zuen Kinskyk 2023an. Hala ere, Kinskyk arrazoi du esaten duenean literatura kritikariek errazkeriaz jokatzen dutela; izan ere, hasierako iruzkinetatik bertatik konparatu zuten hura Sebaldekin, eta in saecula saeculorum errepikatzen da ideia hori bera.
Hainbat elkarrizketatan, Kinskyk aurka egin dio hainbatek aipatzen duten antzekotasun horri, eta baita, emakumezko idazlea izanik, besteek harengan aita ponteko bat ezartzeko sentitzen duten beharrari ere. Tristan Fosterrekin izandako solasaldi batean, argi eta garbi zehaztu zuen bere literatur genealogia: «Badakit kritikek sarritan egileen izenak aipatzen dituztela, ahal dela gizonezko egileenak, nire adineko emakumezko idazle batek bere idazteko modua bere kabuz garatu ezin izango balu bezala. Bereziki haserretzen naute Sebaldekin egiten dituzten konparazioek; izan ere, ez dut inoiz, sekula ere, nire idazkeraren eragiletzat hartu (...). Sebalden idazkeran beti sumatu ditudan hutsuneetako bat, adibidez, bestearenganako errukia da». W. G. Sebalden eraginaren ordez, Pier Paolo Pasolinirena azpimarratzen du. Haren ustez, humanitatearen garrantzia sustatzen du Pasolinik, haren idazketaren abiapuntua eta motorra maitasuna baita. Eta John Burnside poeta eskoziarraren eragina ere aipatu ohi du, hark naturari zuzentzen dion begirada xeheari loturik bereziki. Burnsidek, paisaia ardatz duten poemen bidez, begirada poetiko berritzailea eskaintzen du.
Ibaiertzean kontu kontari
Arestian aipatutakoaren adibide da 2014an argitaratutako Am Fluss (Ibaiaren bazterrean) ez-fikziozko narrazioa. Hartan, narratzaile ibiltariak Lea ibaiaren ibilbideari jarraitzen dio. Lea ibaia Londresko ekialdean dago; iparraldean jaio, eta Tamesisera iristen da. Antzekoa da Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora (Elkar, 2020) lanean egindako bidaia. Azken urteotan euskaraz argitaratu diren saiakeretatik ederrenetakoa da Aizpuruarena. Testuaren justifikazio gisa, honela dio: «Alvaro Cunqueiroren Tertulia de boticas prodigiosas liburuko Flumines adversus melancholia testuan idazten denez, ibai baten ibilbideari begira egotea bezalakorik ez dago melankolia sendatzeko. (...) Cunqueiroren aholkuari jarraituz, ibiltzen jarraitu dut Bidasoa ibaiaren ertzetik».
Saiakeragile ibiltariak Michel de Montaigneren hitzak egiten ditu bere: «Nire gogoa ez dabil zangoek ez badarabilte». Aizpuruaren testuak ibaiaren historia soziopolitiko eta kultural oparoa harilkatzen du, pinturan eta literaturan Bidasoa islatu duten artistengandik hasi eta historiako gatazka eta indarkerietaraino. Une oro, estiloak uraren malgutasuna darama bere baitan. Kinskyrena, aldiz, ez da saiakera, ez-fikziozko narrazioa baizik. Askoz subjektiboagoa izan arren, alderdi historikoak ere aintzat hartzen ditu, bereziki hiriaren garapenari lotutakoak. Testuko egile-narratzaileak bere biografiaren txatalak aurkezten ditu, bizitzan zehar ezagututako ibaien bidez: haurtzaroko Rhin ibaia eta Quebeceko San Lorenzo ibaia, besteak beste. Ibai bilduma horren bitartez, subjektu nomadaren bizitza ezagutuko du irakurleak.
Etorkinaren begirada poetikoa
Londres ekialdeko Lea ibaiaren bazterrak behatzen eta deskribatzen ditu Kinskyk: hiri erraldoiaren ezlekuak eta haietan sortutako etorkinen babeslekuak, hala nola auzoko dendak eta azokak. Eraikitako paisaiak hondakinaren zirrara azaleratzen du, idazleak «bazterren testura» deitzen diona: «Lokatza, morteroa, goroldioa». Biografia eta hirigintza etengabe gurutzatzen dira, eta, hala, xehetasun ezezagunak azaleratuz esaterako: «Lurpeko ibai bakoitzaren lokatzak bere kolore propioa du, eta bere historia ere gordetzen du. Horregatik, Londresko adreiluek munduko kolore paleta aberatsena dute».
Learen bazterrean barrena, hiriaren izaera irudikatzen du. Londres auzoetan banatutako hiri bat da. Han bizi izan den orok badaki, beste metropoli askotan ez bezala, eskala humanizatu egiten dela auzoetan; nagusi diren etorkin komunitateen ñabardurak ageri dira haietako bakoitzean. Eskala humanoago horretan jartzen du arreta Kinskyk.
Ibaia, bizitzaren indarra
Kinskyrentzat ibaia ez da soilik denboraren joanaren sinboloa, Jorge Manriqueren poesian —Nemesio Etxanizen itzulpenean— ageri den bezala: «Heriotz-itsas-azpira/ doazen ibaiak dira/ gure biziak»; hots, heriotzara iritsiko den bizitza-ibaia. Ez da galeraren sinbolo hutsa ere, Bruce Springsteenen The River kantan bezala, etorriko ez den etorkizunaren galera irudikatzen duena. Bi adibide horien muinean galera eta mina daude; Kinskyren iruditerian, ordea, ibaiak muga non dagoen zehazten du. Haren hitzetan, ibaiak beste aldea adierazten du: «Non egon behar du gure bihotzak, eta non ez? Ibai oro muga bat da: horra nire haurtzaroko ikasgaietako bat. Ibaiak besteari buruz dugun ikuspegia eratzen du, eta gelditzera behartzen gaitu, kontrako ertza arreta handiagoz behatzeko».
Kinskyren ahotsa etorkinaren ahotsa da, eta oinez zeharkatzen duen hiriko etorkinei ematen die ikusgaitasuna
Kinskyren ahotsa etorkinaren ahotsa da, eta oinez zeharkatzen duen hiriko etorkinei ematen die ikusgaitasuna. Emakumezko narratzaileak, ibaiaren bazterrean ibili eta aldi berean bere bizitza oroituz, bere egiletasuna finkatzen du. Horrez gain, narrazioaren egitura poetikoki eratuta dago. Lehenengo atalak eta azkenak izenburu bera dute: Erregea. Nor da ibaiertzeko erregea? Martin arrantzalea, narrazioan pertsonifikatzen den hegaztia —dotorea eta, narratzailea bezala, etorkina—, inflexio uneetan agertzen dena. Naturarekiko eraikitzen den harreman poetiko horretan, John Burnsideren eragina agerikoa da. Poetikotasun horren osagarri dira testuan txertatutako zuri-beltzeko polaroid argazkiak.
Ura narrazioa da, eta likidotasunak bizitzaren mugimendua eta hizkuntzaren malgutasuna adierazten ditu. Kinskyk dio ez zaiola gustatzen bere lana gehiegi arrazionalizatzea; nahiago du testuak berak harrapa dezan irakurlea. Eta hala gertatzen da Ibaiaren bazterrean lanean: hitzek irakurlea eramaten dute ziztu bizian, ibaiaren ur biziak bezala.
Abiadura horretan, Kinskyren begiradak bizitzan jartzen du arreta. Pentsa dezagun Euskal Herriko ibaiertzetan 10 urterekin jolasean aritutako haurrengan, maiz garai bateko industriak kutsatutako urak ziren haietan zebiltzanetan; zahartzaroan elkartzen direnean ez dute galera bakarrik ikusiko, baizik eta baita bizitzaren indarra ere: zailtasunak zailtasun, oraindik bizirik iraun izana. Kinskyren ibaiaren bazterreko ibilaldiak Pasoliniren hitzak gogorarazten ditu: «Hildako mundu batengatik negar egiten dut. Baina ni, negar egiten dudana, ez nago hilda».