Bidasoak kontatzeko dituenak

Eneko Aizpuruaren 'Bidasoan gora' liburuak ibaiaren inguruan gertatutakoak ditu oinarri

Eneko Aizpurua liburuaren egilea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Txingudiko badiatik abiatu eta Xorroxingo iturbururaino, Bidasoa ibaian gora oinez egindako bidaia baten kontakizuna da Eneko Aizpuruk argitaratu berri duen Bidasoan gora (Elkar) liburua. Bidean ikusitakoa eta ikasitakoa jasotzen du, aurretiaz irakurritakoa eta momentuan bertan behatutakoa uztartuz. Ibaia bera ardatz duen memoria kolektiboko ariketa bat da, historiak hondoratutakoak ur azaleratzeko ahalegin bat: «Bidean galdutakoen, arrotz etorri eta arrotz joandakoen arrastoan egindako ibilbide baten kontakizuna da».

Iaz irabazi zuen Tene Mujika bekari esker idatzi du Aizpuruak liburua. Ez da bidaia kronika bat, nolanahi ere; saiakera bat da sakonean, literatura lan bat. «Ez da kazetaritza lan bat ere, tonu jasoagoa du. Moldeak puskatu nahi nituen; literatura egin», esan du Aizpuruak. Izan ere, liburuan badago dokumentazio lan bat, aurretiaz egindakoa dena; baina, badago, halaber, oinez hainbat egunez egindako bidaian, momentuan bertan jasotakoa ere. «Bidea libre utzi nahi nuen; bidea egin eta bideak erakuts ziezadala nondik nora nindoan. Liburu hau ez litzateke posible izango bidean aurkitu ditudanen testigantzarik gabe».

Hala, bi norabideko bidaia bat egiten du idazleak liburuan: ibaiaren arroari segika, urak eta lurrak marraztutako paisaian barneratuz egindakoa, batetik; eta, paisaia horretan jazo eta ahanzturaren emariak eramandako pasadizoetan egindakoa, bestetik: «Maiz aditu izan dugu nondik datozen eta nora doazen badakitelako dituztela askok oinak lur honetan. Gutxiagotan aipatzen dira, ordea, bidean galdutakoak; historiaren ur zurrunbiloak irentsitakoak, ahaztuak. Eta, hain zuzen ere, haien arrastoaren atzetik abiatzen da Bidasoan gora bidaiaria».

«Ur azaleratu»

Duela pare bat urte BERRIArako Moldaviatik idatzitako bidaia erreportajeek eman zioten liburua idazteko ideia. «Konturatu nintzen erreportajeetan behin eta berriz azaltzen zela bertako ibai nagusia dena. Bertakoentzat ere erreferentzia da, ikuspegi politikotik, ekonomikotik eta baita sozialetik ere. Eta berehala Bidasoa ibaiaren irudia etorri zitzaidan gogora», esan du Aizpuruak.

Izan ere, Bidasoa «mugaren kontraesan guztiak biltzen dituen lekua eta ezlekua da» idazlearen hitzetan, historian zehar askotariko gertaeren lekuko eta kokaleku bihurtu dena. Bada, gertaera horietako batzuk gogoratu ditu liburuan, bidaia memoria ariketa bilakatuz.

Esate baterako, Guardia Zibilak Intxaurrondoko kuartelean heriotzaraino torturaturiko Mikel Zabalzaren gorpua Endarlatsan agertu zenekoa; handik hamar urtera, ETAk ,paraje berean, ehun metro beherago, Eduardo Lopez polizia bonba batez hil zuenekoa; frankismo garaian muga igarotzeko ahaleginean uretan itota hil ziren ehunka portugaldarren kasua; edo Pio Barojak eta Aitzolek 36ko gerraren hasieran Beratik Lesakara bidean topo egin zutenekoa. Topatu eta bildu ditu, halere, liburuan sartu gabe bazterrean utzi behar izan dituen beste istorio gehiago ere. «Istorio asko daude oraindik kontatu ez direnak».

Mugaren eragina, ideologiaren ondorioak, memoria jasoa eta galdua... Askotariko gaiak eta gogoetak bildu ditu Aizpuruak liburuan, ibaia «bizkarrezur» edo «bilgune» hartuta betiere. «Ur hondoan betirako loak hartuta» geratu diren lekukotzak eta gertaera historikoak baliatu ditu horretarako, baina errealitatetik eta orainalditik abiatuta, «iragan idealizatutik eta nostalgiatik harago» joanda. «Horiek ur azaleratzea izan da nire asmoa».

Garrantzi berezia eman dio, halere, ibaiaren emariari jarraituz, kontrako norabidean egindako bideari. Astebete inguru eman zuen bidea egiten, ibaia desegiten. Oinez bukaeratik hasierara: bokaletik iturbururaino. «Balio erantsia ematen dio horrek liburuari. Uraren gogoetak ere hor islatzen baitira. Bidaia oinez egin ez banu, oso bestelakoa izango litzateke liburua».

Horretarako erreferentzia izan ditu, besteak beste, Claudio Magris idazle italiarraren Danubio, W.G. Sebald idazle alemaniarrak bere ibilbideetan idazten zituen oharrekin osatzen zituen liburuak, eta Peter Handke austriarraren lanak. «Niretzat eredu dira, eta ispilu horietan begiratuz saiatu gara Bidasoan gora bidea egiten». Bide hori, hain zuzen ere, hitzekin ez ezik, argazkiekin ere ilustratu du liburuan.

Aizpuruak nobela beltzak idazten egin du bidea orain artean. Hiru eleberri kaleratu ditu: Errauts (2011), Herensuge gorriaren urtea (2013) eta Lehertu da festa (2016). Itzulpen literarioak ere kaleratu ditu, eta bidaia erreportajeak ere idatzi ditu. Aurrera begira, ordea, ez du oso argi zein bide hautatuko duen: «Bideak esango du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.