Lee Ranaldo
'The System'.
Diskoetxea: Silver Current Records.
Sonic Youtheko taldekide ohiaren lan berri hau Joris Postema zinemagile herbeheretarrak filmatutako The System dokumentalaren soinu banda da, eta nabarmen aldendu da azken boladan egin dituen folk-rock kutsuko diskoetatik; izan ere, bertan jasotako hamabost kantuek soinu-esplorazio girotzaileen itxura hartzen dute, paisaia zinematografikoak sortzeko asmoz. Halere, gitarrek bultzatutako obra psikodeliko gisara ere funtzionatzen du diskoak. Espiritualtasuna ere haizatzen du bere minimalismoan. Halaber, grabazioan hamaika kolaboratzailek parte hartu dute hala Jim Jarmusch zinema zuzendari estatubatuarrak nola Raul Refree musikari eta ekoizle katalanak.