Lehen abestien doinuak bigarren aldietako madarikazioari aurre egiteko

Robbie Williams izan da eguneko izen nagusia, Kobetamendira pop doinuak energiaz beterik ekarrita. 1.111, Hofe, Sara Zozaia eta Kiliki izan dira eguneko kontzertu sorpresa; baina soinuarekin izandako arazoek esperientzia zapuztu dute.

Robbie Williams, Kobeteamendin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Robbie Williams, Kobeteamendin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko uztailaren 11
07:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esan ohi da bigarren zatiak ez direla onak izaten. Atzo milaka lagun gerturatu ziren Kobetamendira horri aurre egiteko. Iragan eguneko parrandak zenbaitengan kalteak eragin dituen arren. Baina, «edari freskoek eta lehen kanta batek» ajea konpontzen dutela uste dute hainbatek. Iritzi horretakoak dira Eugenia eta Imanol. Bilbokoak dira biak, eta haien kasuan eguneko aurreneko abesti hori La MODAren San Felices izan da.

19:00etan abiatu du bere kontzertua Burgosko (Espainia) taldeak, San Miguel eszenatokian. Ehunka zale bildu ditu bertan, haien abestiak ahots goran abestuz eta dantzatuz. La MODAk Gorka Urbizurekin batera ondutako PRMVR abestia ekarri du jaialdira. Euskal Herrirako keinu hori ez da oharkabean pasa, eta «beti libre» oihua bereziki nabarmena izan da Kobetamendin.

Alkoholaren orkestrak oholtza utzi bezain pronto eguneko sorpresa heldu da. Lehen egunaren gisan, bigarren jardunaldian ere behin-behineko eszenatokia kartelaren azpian jarri, eta karteletik at zegoen artista bat ekarri dute. Oraingoan, 1.111 izan da. Madrilgo taldearekin batera irten dira Sara Zozaia, Kiliki eta Hofe. Haien estilo probokatzaileak ehunka lagun bildu ditu Agertoki nagusi pareko maldara.

Kiliki eta 1.111ren kontzertua. BBK LIVE
Kiliki eta 1.111ren kontzertua. BBK LIVE

Jendea gogotsu egon arren, azkar desagertu dira poztasun aurpegiak lehen lerroetatik: abeslarien ahotsak segundo erdi lehenago entzuten ziren zuzenean, Agertoki nagusiko bozgorailuetatik baino. Horrek sentsazio deserosoa eragin die bertaratutakoei. Bigarren aldiak ez dira onak izaten. Are gehiago, 1.111 taldeko kideek ere erreparatu diote horri. «Oso arraroa egiten zait nire burua pareko agertokian ikusi eta entzutea; geroago, gainera».

Arazoak arazo, sorpresek publikoa asetzen dute normalean, eta publikoak pozik abestu du Te espero de vuelta kantua, besteak beste. «Sorpresa puntu horrek are bereziagoa egiten du jaialdia», adierazi du Hofek.

Musikari nafarrak begi onez ikusi du jaialdiaren ekimena, arazoak izan ditzakeen arren. Musikaz gozatzeko beste era bat eskaintzen duela azpimarratu du: «Musikariarengandik jaialdi batean espero ez duzun gertutasun bat izateko aukera ematen dizu».

Energia oholtza nagusian

Alabama Shakesen doinuek hartu dituzte jarraian, Kilikiren edota Zozaiaren ahotsak proiektatzen zituzten bozgorailuak. Kasu horretan, ostera, oholtza nagusiaren gainean. Brittany Howarden ahots indartsuak Agertoki nagusi inguruan zegoen ororen arreta bereganatu du, eta taldearen soul doinuek txalo zaparradak lortu dituzte abesti bakoitzaren ostean.

Alabama Shakersen kontzertua, kobetamendin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Alabama Shakersen kontzertua, kobetamendin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Bigarren eguneko izen nagusiak 22:35ean zuen ordua Kobetamendin. Robbie Wiliiams gogotsu irten da Agertoki nagusira, kolore gorriko arropa soinean. Eta ordu eta erdiz erakutsi du zergatik den Brit sari gehien duen musikari ingelesa. Pop doinuek agudo hartu dute oholtza, Let me entertain you izan baita Williamsek kantatutako lehen abestia.

Ajeagatik eta kontzertu sorpresak soinuarekin izandako arazoengatik norbait bigarren aldien madarikazioaren beldur bazen, azkar uxatu du sentimendu hori abeslari ingelesak. Lehen segundotik jarri du publikoa dantzan, energiaz eta sentsualitatez beteriko kontzertuan. Bere ibilbideko pieza ospetsuenekin osatu du kontzertua: Candy eta Love my life abestiekin, besteak beste. Baina beste artista batzuenak ere kantatu ditu; Frank Sinatraren New York, New York, esaterako.

Agertoki nagusiko oholtza txiki geratu zaie Williamsi eta bere dantzariei. Ertz guztietatik aritu dira dantzan. Are gehiago, zenbait momentutan publikoarengana hurbildu da Williams, mikroa Kobetamendin zeuden horien esku utzita.

Jostari ibili da ingelesa Bilbon. Kantu artean brometan aritu da publikoarekin; arropa aldatzeko tartea ere izan du. Eta beti galdera batekin buruan: «Zer da entretenitzea?». Halere, entretenimenduaz gain, momentu hunkigarriak ere izan dira: Angels abesten ari zela, bere alabetako bat igo da oholtzara.

Kontzertu osoa igaro du Williamsek entretenimenduaren zentzuaren bila. Eta publikoaren jarrera ikusirik, topatu duela irudi du. Euskal Herriaren zentzua, ordea, ez du bilatzeko tarterik izan. Hainbatetan mintzatu da Espainiaz eta herrialde horretan egoteak sortzen dion zoriontasunaz. Are gehiago, Espainiako futbol selekzioak Gizonezko Munduko txapelketako partidua irabazi duela oholtzatik jakinarazi duenean «¡Que viva España!» batekin ospatu du. Eta publikoak? Publikoak, txalo. Bigarren aldietako madarikazioa.

Basajaunen akelarrea

Bi munduk egiten dute bat Kobetamendin: oholtzetako izen handiko musikarienak eta basoko zuhaitz artean geratzen diren doinu baxuen munduak. Bigarren horretan gertatzen direnak ez dituzte kartelen lerro nagusiak betetzen, baina  jende andana biltzen du egun guztian. DJek haien musika elektronikoarekin girotzen dute gunea, eta hamaika buru astintzen dira tekno doinuen erritmora.

Horietako bat da Marcosena. Jaiotzaz Bilbotarra izan arren Madrilen bizi da duela zenbait urte; hala ere, urtero saiatzen da jaialdira etortzen: hogei aldietatik hamazortzitan etorri da. Eta atzokoan hasieratik egon zen basoan; izan ere, Miravalles DJa —17:00etatik aritu da musika jartzen— laguna du. Baina laguntasuna ez da Marcos zuhaitz artera ekartzen duen arrazoi bakarra: «Asko gustatzen zait Basoa gunera joatea, zuhaitzen artean teknoa eta elektronika entzutea sekulakoa da. Gainera, gauean bertan egoten den giroa, argi jolasekin, ezin hobea da».

Gauak Kobetamendi hartu ahala handitzen joan dira arratsaldean sortutako talde txikiak; eta gaueko ordu txikietan, musika nahasten dutenek publiko gehiago biltzen dute zenbait oholtzek baino.

Basandereak eta basajaunak Euskal Herriko basoen zaindariak dira; baina gizakien begietatik urrun egiten dute haien lana. Bada, Bilboko basajaunak eta basandereak urtero asteburu batez ikusi daitezke, haien dantzarako abilezia erakutsi eta baxuen erritmora akelarre bat osatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA