Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala

Lehengo burutik txapela

Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bigarrenez. Xabier aitak jarri dio txapela; Pili amari eskaini dio semeak. Buruz burukotik kanpo gelditu da Martin, puntu bakarragatik

Manex Mantxola Urrate.
Donostia
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Astiro joan da berotzen zezen plazako giroa, Anoetako hooliganei inbidi gutxi izan diete Illunbekoek. Bestalde, tamalez, irristadak ere ez dira Txuri-Urdinera mugatu. Dena den, final aparta eta oso maila altukoa eskeini dute zortzi bertsolariek.

Agurretan,Aitor Sarasua, Juanito Mitxelena eta Jon Barberena izan ditu gogoan Jon Maiak, eta sortuko direnei egin die erreferentzia. Laburuk Donostiako noria «haundi bezain garestia» hartu du aitzaki «behekoak igo eta goikoak jeitsi» daitezkeela nabarmentzeko. Elustondok aurreko faseetan geratutako kantukideak oroitu ditu. Martinek bertsoaren nutrizioaz eta piramideen borobiltasunaz kantatu du. Lizasok, azpeitiartasunaz, capote gabe eta puertagayola egin du salto zezen plazara.Iguaranek «esan nahi dudan hori daukat irabazteko» eta «gaur egun ederra da mugak hausteko» bota du. Labaka «gorputzetik» abestea eta «hitzei behar adina asterisko» jartzera etorri da eta Gaztelumendik Anoeta eta Illunbe alderatzearekin batera, talde sena helarazi nahi izan die kantukideei.

Zortziko handian zertzelada txukunez aritu dira bertsolariak. Gehiegi arriskatu gabe, finala pauso sendoz hasi nahian. Aipatzekoak Elustondo eta Martinek haurdun dauden bi emakumeren rolean osatutakoa, baita Lizaso eta Iguaranek eskiatzera joateko gurasoei dirua eskatu behar dieten bikotearen paperetik botatakoak ere.

Zortziko txikian etorri da final osoko bertsoaldi umoretsu bezain surrealistenetako bat, entzuleak gogotik eskertu duena. Martin eta Maia, lehena okina, iluntzero isteko ordua heltzen zaionean saldu gabeko ogiak oparitzen dituena; bigarrena, bezeroa, azken aldian itxi baino bost minutu lehenago azaltzen zaiona. Umore absurduzko hitz-jokoen hartu eman batean mamitu dute saioa. Martinek ireki dio absurduari atea «Altu duzu umorea ta kolesterola./ Doainik lortzea da zuretzat kirola./ Ez dizut bada gratis emango hola-hola./ Hurrena esango dizut txapata dagola». Jarraian Maiak apustuari eutsi «emaidazu mesedez Alaia txapata,/ inoiz ez dizut sartu hainbeste txapa ta.» eta hordagoa Martinek «ni jator jatorra naiz eta eskuzabala/ eta zu berriz zara xuhurra integrala». Une batez, 6.000 laguneko bertso-afari bilakatu dute Illunbeko plaza.

Puntu erantzunen txanda heldu da jarraian, luzimendurako baino irristaldirako aukera gehiago ematen dituen ariketa izangatik ere, izan da ateraldi ederrik. Esaterako, Elustondok kirol arroparen inguruan botatako erantzuna «pijoen kontra egin ohi degu jarduna,/ baina Goretexduna, hoi da diruduna», aldarri dotorea eta egia borobila. Saio ederra osatu du legazpiarrak eta buruz burukotik ez da urrun ibili. Lizaso eta Laburu ere ziur bezain dotore aritu dira.

Hamarreko txikian, guztiak izan dira goi-mailako saioak. Gainotzekoen sakontasunetik ihesi, nabarmentzekoa izan da Iguaran eta Gaztelumendik osatu dutena bi pailazoren rolean. Gaia entzun eta segituan bideratu du Iguaranek nondik heldu «jendeari eskerrak indartsu gaude gu,/ udalak hustu zuena herriak bete du.». Jarraia Gaztelumendik «Anaitasuna bete degu hola-hola:/ lehenengo filan haur bat, baba dariola,/ hango muxu gorria ta horko pottola,/ nahiz ta aulkitan ez den ikusten inola, ziur Enrique Maya begira dagola.» oraindik kasua zein zen harrapatu ez bazenik bazen. «Ea kutsatzen zaion gure kolorea» bota dio Iguaranek eta «haien mundua baita zuri beltzekoa» gehitu dio Gaztelumendik. «Zuk begira jendeak ze poz dakarrena./ Haurren irriparra da mendeku ederrena.» egin du aldarri lehenak eta «UPNk nahi zuen gurea gelditu./ Opusi ohi diote errez obeditu/ ta sudur gorri batek ikaratzen ditu.» Borobildu dute saioa.

Bakarkako gaien unea heldu da ondoren. Bi nabarmentze aldera, Gaztelumendirena: langabezia saria kobratzen ari da eta sari hau baino soldata baxuago duen lanpostu bat eskeini diote. «Gaur egun lana deitzen diote esklabu izateari» bota du lehenengoan,«nahiz ta saiatu aurrezten eta bankuan daudenak pizten,/ beti gordetzen beti gordetzen ta inoiz etzait iristen». Bigarrenean, aurreko txapelketan etorkinaren rolean kantatu zuen bertsoaren eskemari keinu eginaz. Amaitzeko «ta ezezkoa erantzun diot zergatia garbi dago:/ duintasunak balio baitu lan batek baino gehiago.» borobildu du ariketa.

Aipatzeko bigarren bakarkakoa, Martinek iritzia publikoki ematen duen eta etxe parean pintadak egin dizkioten feministaren rolean botatakoak. «Beldurra daukat baino amorrua askoz handiagoa da.» bota du lehenengoan, «baina txikia da azken batean gure euskal jendartea/ ta feminista batentzat zail da gauzak argi esatea.» bigarrenean eta «eta barkatu jendarte maite ez bazaude hain ados,/ nire iritzia emango baitut gero ta indar handiagoz.» aldarri eginez amaitu du. Saio aparta osatu du oiartzuarrak, amaieretan adina bidean josiz.Buruz burukorako hautagai zuten askok eta hain zuzen puntu bakarrera geratu da, batzuetan matematika ez da hain zientzia justua.

Buruz burukoa

Laburu eta Gaztelumendik batu dituzte puntu gehien eta, beraz, buruz burukoan abesteko eskubidea. Seiko motzean Lurra planeta bizitoki modura erabaki aukeratu edo ez eztabaidan dabiltzan bi extralurtarren rolean kantatu dute, umoretik eta bizi biak ala biak, baina batez ere Laburu. Puntuka ere beste hainbeste, Errealaren eta Barsaren partida ikustera doazen bi futbolzale katalanen roletik abestu dute, nahastu eta Illunbeko finalean amaitu dutenak. Gaiak berak nahiko irri eragin du entzuleen artean.

Amaitzeko, kartzela heldu da. «Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute.» zioen gaiak. Laburuk seme autista duen guraso baten rolean kantatu du «Gure sistema ez da aldatzen eguzkitik eguzkira/ ta hezkuntzara ez dakit zenbat dei egin dedan guztira./ Soilik laguntza eskatzen det nik, ez det eskatzen gupida./ Baino jende ona badira, joan gabe urrutira/ ondore rugby inklusibora joaten da Hernanira/ ta irripar bat ateratzen zait harmailetatik begira», bota du azken bertsoan.

Gaztelumendik eman dio bukaera saio puntuagarriari. Ikuspegi pertsonaletik, edo bederen, oso sinesgarritik heldu dio gaiari. Bizi-gidoi alternatibo baten aukeratzearen zilegitasunaz kantatu du beretik bezain gordinetik. Honela borobildu du bakarkako ariketa bikaina: «eta berdin zait nik diodana besteek etzuten duten./ Nik nahikoa lan badaukat eta nere burua entzuten».

Berak bildu ditu puntu gehien eta «nahiz ta igual ez zenuen gaur protagonismorik nahi,/ ama hau zuri eskeini gabe ez nengoke lasai:/ Xabierren semea naiz ta Pilirena ere bai», kantatuz eman dio amaiera txapelketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.