Literatura

Leire Errandoneak irabazi du Minaberri beka

Marie-Aude Murail idazle frantsesaren 'Sauveur et fils' liburua euskaratuko du; Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izango du mentore zeregin horretan.

Leire Errandonea itzultzailea eta BERRIAko euskara taldeko kidea. BERRIA
Leire Errandonea itzultzailea eta BERRIAko euskara taldeko kidea. BERRIA
Ainhoa Sarasola.
2025eko ekainaren 6a
12:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Bigarren urtez banatu dute Minaberri beka, zeinak gazte literaturako nazioarteko obra esanguratsu bat euskarara itzultzea sustatzen duen, mentoretza baten bitartez. Hamar lagun aurkeztu dira deialdira, eta, guztien artetik, Leire Errandonea Garcia-Larratxe itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kidea (Bera, Nafarroa, 1997) hautatu du epaimahaiak. Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur et fils lana ekarriko du euskarara Errandoneak, eta Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta editorea izango du mentore horretarako —bi orduko zazpi mentoretza saio jasotzeko aukera izango du itzultzaileak—.

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolatzen du Minaberri beka, Iruñeko Udalaren, Txalaparta argitaletxearen eta Cedro Eskubide Erreprografikoen Espainiako Zentroaren laguntzaz, eta 30 urtetik beherako itzultzaileak aurkez daitezke deialdira. Fernando Rey Escalerak, Amaia Orbe Barriok eta Xabier Olarra Lizasok osatu dute aurtengo epaimahaia, eta, nabarmendu dutenez, Errandoneak maisutasunez ebatzi ditu jatorrizko testuaren zailtasunak, baita beharrezko leialtasuna gorde ere lana euskarara ekartzeko orduan. Halaber, iritzi diote bete-betean asmatu duela bai lexikoarekin eta bai sintaxiarekin, eta, horrela, euskarazko testu irakurterraz eta sinesgarri bat sortu duela.

Errandoneak Euskal Ikasketak egin zituen Baionan; Itzulpen eta Teknologia graduondokoa osatu zuen segidan, UEUn, eta itzulpen masterra ondotik, Granadako Unibertsitatean (Espainia). 2021. urtetik, itzultzaile eta zuzentzaile lanetan ari da BERRIAn.

Itzuliko duen obra Sauveur Saint-Yves haurren psikologoa protagonista duen sail bateko lehena da; umorez, kontsultan entzuten dituen arazoak aletzen ditu psikologoak. Egilea, Marie-Aude Murail idazlea, haur eta gazte literaturako lanengatik da ezaguna, eta errealismo kritikoaren tradizioan kokatu izan dituzte haren obrak.

Bekaren antolatzaileek iragarri dutenez, beranduenez datorren urteko abenduan argitaratuko dute Errandoneak euskaratutako liburua. Txalaparta argitaletxeak plazaratuko du lana. Hain zuzen, etxe horrek berak udazkenean emango du argitara lehen deialdian nagusitu zen itzulpen proiektua: Laurie-Halse Anderson idazlearen Speak, Ainhoa Mendiluzek Aiora Jaka mentorearen laguntzaz euskaratua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.