2019ko maiatzaren hondarrean ziklo bat itxi zuen Usopop elkarteak: eten egin zuen hamar urtez Saran (Lapurdi) antolatutako musika jaialdiaren jarduna. Dena dela, ohartarazpen bat ere egin zuten: argitu zuten segur aski hori ez zela izanen behin betiko amaiera, baizik eta geldialdi bat, bien bitartean bestelako proiektu batzuk abiarazteko. Izatez, ordurako hainbat ideia omen zituzten buruan zirika, eta, hori aintzat harturik, orain aiseago uler daiteke elkartearekin ekimenez ordutik hona izandako kultur emari bizia: gelditu gabe ari dira. Eta makineriaren engranajeak ongi olioztaturik dituzten erakusle da, hain zuzen, Marrumaka jaialdia, aurten estreinakoz antolatua. Gaur eta bihar eginen dute, Sarako leizeetan. Mitologiak eta musikak bat eginen dute haitzuloetan.
Sorreratik, baina azken urteotan bereziki, «gogoak gidatuta» mugitzen dira batetik bestera Usopop elkartekoak. Hala nabarmendu du taldeko kide Joanes Garcia Basurkok. Hori bai: jaialdia Sarako leizeetan egiteari dagokionez, argitu du gogoa ez ezik beste bultzada bat ere giltzarri izan dela proiektua osatzeko: Sarako Leizeen zuzendaritzan izandako aldaketak. 2023an, Fabrice Iparragirre izendatu zuten zuzendari —François Pouyeten tokia hartu zuen—, eta, Garciak iradoki gisara, hark beste begirada klase bat ekarri dio erakundeari. Are: Iparragirrek berak egin zien Usopopeko kideei leizeetan kultur programazio bat antolatzeko eskea.
Bi entitateen arteko elkarlanaren emaitza da, funtsean, Marrumaka. Egunerako eta gauerako antolatu dituzte jarduerak. Goizean goiz hasi eta arratsaldera bitarte, sormen tailerrak, ibilaldiak, dantza emanaldiak eta pailazo ikuskizunak izanen dira, besteak beste; batera edo bestera, mitologiari buruzkoak izanen dira guztiak. Ondotik, iluntzetik aurrera, kontzertuek beteko dute egitaraua, bai gaur eta bai bihar. Hain zuzen, Usopop arduratu da musika programazioaz. «Hori baita egiten dakiguna», erantsi du Garciak, alai.
Bihozkadek esanda
Bederatzi musika talderekin osatu dute kartela, zehazki. Gaur, 18:00etatik aurrera errenkadan, This Is The Kit, Mabe Fratti, Kaskezur, Los Sara Fontan eta Ezezez taldeek joko dute. Bihar, berriz, Lumi taldearen emanaldiak zabalduko du kontzertu segida, 17:40an, eta 18:00etatik aurrera beste hauek joko dute: Penelope Trappesek, Ibil Bedi-k eta Gorka Urbizuk. Dagoeneko ez dago sarrerarik salgai —iragan astearen erdialderako bukatu ziren guztiak: 650—.

Osatutako kartelarekin bereziki pozik da Garcia, aitortu duenez. «Beti saiatzen gara hemengo artistekin hasten eta gero kanpora ere zabaltzen. Eta, betiere, saiatzen gara gure plazetan —Iparraldeaz ari naiz— gutxitan ikusten ditugun artista batzuk etorrarazten; kasu honetan, adibidez, Ezezez», esplikatu du. Dioenez, elkarteak aspaldi ditu horiek helburu, eta eginiko ahaleginak zenbait fruitu eman dituela ere ikusi dute, gainera. «Oroitzen naiz lehenbiziko urteetan Anari bezalako norbait etorraraztea ja bazela halako lorpen bat, ez baitzen hain modan. Baina guk maite genuen, eta ohartuak ginen aukera gutxi zela hemen ikusteko. Mursegorekin-eta, berdin, justuki».
Atzerriko artistak ekartzeari ere ematen diote garrantzia. Asteburu honetako egitarauan, horren adibide dira Mabe Fratti artista guatemalarra, This Is The Kit britainiarra, Los Sara Fontan musika esperimentaleko talde katalana eta Penelope Trappes kantari eta ekoizle australiarra. Garciaren esanetan, Usopopeko kideen «bihozkaden ondorio» dira haiek guztiak. «Guk maite ditugu; horregatik dira hemen».
Kontzertu gehienak leizeen atarian izanen dira, arkupean, baina salbuespen bat ere bada: Lumi taldearena. Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako bikoteak haitzulo barrenean emanen du kontzertua bihar. 30 minutuko ikuskizuna prestatu dute ordurako, eta bitan eginen dute. Proiekzioak ere baliatuko dituzte, bestalde. «Arrunt berezia izanen da. Ez dakigu zehazki zer emanen duen; sorpresa ere izanen da, hortaz: ez jakiteak sortzen duen estres hori badugu, baina, bereziki, kuriositatea», onartu du Garciak.
Mitologiaz bai, baina
Sarako leizeei estuki lotutako izaki mitologiko batengatik jarri diote Marrumaka izena festibalari. Antzinako kondairaren arabera, zezen gazte batek zaindu zuen luzez Sarako leizea, eta, hain zuzen, antolatzaileek horregatik ekarri dute marru hitza izenburura. Kondairako zezen hori Ahatxe edo Behigorri izenez da ezaguna batez ere, eta lurrazpiko izpirituen metamorfosia da —bada hura Mariren agerpen batekin identifikatzen duenik ere—. Altxorrak dituzten leizeak zaintzen omen zituen izaki hark. «Hain ozen orro egiten zuen, nehor ez zen ausartzen barnera sartzera», garatu dute kontakizuna Usopopeko kideek.
«Guk duda izan dugu, uste baitugu sobera aipatzen dela mitologia euskaldun eta lorifikatu hori, eta ez genuen erori nahi zepo horretan»
JOANES GARCIA BASURKO Usopopeko kidea
Sarako leizeen arduradunen ideia izan zen festibalean musika ez ezik mitologia ere lantzea. Behigorriren kondaira baliatzeko aukera ona zela iruditu zitzaien Usopoekoei, baina dudaren bat edo beste ere piztu zitzaien hastapenetan. «Guk duda izan dugu, uste baitugu sobera aipatzen dela mitologia euskaldun eta lorifikatu hori, eta ez genuen erori nahi zepo horretan», azaldu du Garciak. Dioenez, erabaki dute diferente begiratzea mitologiari, «gaurko eta biharko kondairak» izatea hizpide, eta «gauza berri bat sortzea». «Izan daiteke mitoak aldatzeko manera bat, eta aintzat hartu behar dugu gaur egungo istorioak mitoak izanen direla gerora». Marrumaka izan dadin mito bat inoiz; hori nahi lukete antolatzaileek.