Aifon zaharberri beltz bat hartu dut gaur pakistandarrenean. Ea zer berri sarera jo dut, handik irten naizenean. Nirea ere baden aldi hau bilatuz inorenean, eskrol berean nahastu zait dena, ordea, desordenean: Williamsen gola, Gazako haurrak olgetan misilen menpe, goi-bilera bat migrazioaz, barrezka lau presidente, publi pornoa, suteak Indian, bi meme adoleszente, eta katu bat bosgarrenetik espaloira jausten tente. Etxera bueltan Eme kantuan entzun dut bere gelatik. Ge malko-bola bat dariola dator musika eskolatik. Mesedez, arren, eskatu arren, ez dit kontatzen zergatik; berak motxila uzten du, eta nik zer egin ere ez dakit. Deus eta zero esanda gero, banoa ezkaratzera, irratiaren laguntzarekin omeleta prestatzera: bebeuveak gora eta gora egin omen du atzera; ertzainak atzo joan dira atso zahar bat desjabetzera; laster jarriko omen da martxan Bilbao-New York bueloa, Epstein, Mundiala, mediku-greba, azken Vito modeloa; berriz iazko gabonetako iragarki memeloa… eta hi, lelo garai, bai, lelo, leloa garai leloa.
Kolpez itzali irratia, eta sakon hartu dut hasperen. Arrautzak hartu, eta ohartu naiz Ele dudala hemen. Gabon, diosta, etzi dugula sagar-biltzea Senperen; pankrean zerbait duela Dek, eta etorriko ez ote den. Eta nik, pentsakor, etxetik hasi ala atera mundura, mahaian ipintzen ditut lau plater, sardexkak, ogia, ura… Elkarri hitza janez gabiltza afaritan, hau eta hura; ohartu gabe isilik gaude, laurok daukagu logura. Gaur Sally Rooney dut zain ohean. Bon, bere liburutzar bat. Amesgaiztotan, beste askotan legez, lagun dut Donald Trump. Baina goizean, autobusean, berriro naiz nintzena bart; nire aurrean dagoen beltzak poltsan daramatza kargak. Bion ondoan bat hor non doan txiadun galletak jaten, atxetemelez webguneren bat programatuz tablet baten. Jakizu sillak edo misilak!, zer saldu ote dezakeen. Parean andra-gizon bi doaz, elkarri txarto esaten.
Eta ni selfi-bertsolaritzan, zer ote dioen ninaizek, eta zer gugarak eta ni lako artista-usteon gaitzek; besteren bizi zatitxoekin sortzen ditugun emaitzek; zer hartu eta nora eroan deitzen duena Harkaitzek. Zer eta nora daroazuna, zertarako eta zergatik. Ala nahiko da edertasuna: artea arteagatik. Sokuntzak behar luke proiektu politiko batetatik, ala sormenak politika bat badakar bere baitatik. Agian hortik ote datorkit daukadan errezeloa; hainbat biderrez, ezpainei errez lotzen zaiela zeloa; ahotsa hots huts baino ez bada, hobe ote den txeloa… eta hi, lelo garai, bai, lelo, leloa garai leloa.
Ari al gara heltzen mailara gaurko wordker euskaldunak. Artea maite dugu benetan, ala artista lagunak. Gure buruaz uste dugunaz pentsatzen al du garunak. Bai. Behar dugu eskuma. Baina behar al gaitu eskumak. Erosi uste ote gaituzte botere-modu anitzek: dirulaguntzek, sariek, luntxek, ebentoetako bitsek. Hegoak kate ote gauzkate -ismoek, -kuntzek eta -gintzek. Zatarra eder egin, beste zer lortzen dute gure hitzek. Behar al ditu arte ederrak, edo arte edertxoak, mundu aldrebes honek gaur bizi duen giro perbertsoak. Nahikoa al ditu herri-antzezpen makal honen atrezzoak txatjepeteak egin ditzakeen kantak, nobelak, bertsoak.
Eta zer arraio inporta zaio hau guztia Josujoni, Florentinori, Lagarderi eta jende bihozbako honi. Petrolioa da, ergel hori! Stupid!, the economy. Aspaldi esan zuen Carvillek… nora begira nago ni. Nora begira, Guggenheim egin gura bazuten Urdaibain, eta aurrerapena eta hori dena armagintza bada orain. Zeri begira, pentsalaririk finenak liburuan lain, jo badezaket tiktoker batek flipatzen duena online. Eta eskerrak goizalbak, festa, beheko-sua, arraina, itsas-labarrak, gauak, zakilak, aluak eta ekaina. Eskerrak dantza, mekagoendiosak, liburuak, ke-usaina, jende ederra, garagardoa, siestak, musuak... baina. Maitasunagaz ez da nahikoa, maitasuna ez da aski; ez bikotean, ez jendartean; ezta politikan ere, naski. Denok bakarka salbatu nahi hau noiz gailendu da zehazki. Zeren gauzak ez dira horrela, horrelaxe daude: gaizki. Ordu bat kendu digutenetik, are eta okerrago. Bostak eta laurden ez diren arren, daborduko ilun dago. Gizon bat, bere makila lagun, mantso doa aurrerago. Segundo erdiz, bizirik berriz, aita ez ote den nago…
Ondoren gora, auskalo nora, joaten zait begirada. Etxebizitza askotan piztu dituzte argiak jada. Bakoitzean nor eta nola bizi diren, misterioa da: pozik, gaixorik, bakardadean, zoriontsu beharbada. Ahal den dena egin ohi dugu. Ahal den den-dena gutxi da, mundurik ezin baitugu egin ilargiari begira. Angela Davis eta abar, berriz, bestelatsu mintzo dira; diziplina bat da esperantza, hala esan dute. Tira… Saia gaitezen, bada, izaten diziplinatuagoxe; tipo Rosa Parks, tipo De Beauvoir, tipo Mandela, tipo Che. Bestela, geure zaharrek utzi duten ejenplua hortxe: laurogei urte berdin pisu bi, sei beroki, hiru kotxe. Eta burukomin honekin, Txomin Iturbe behera eta gora, non eta Garberan, bai!, eskaileran, ez datorkit ba gogora. Erruduntasun lako bat sartzen zait kolpez bihotz-ondora; Tel Aviv lehertzen badute, berdin zaidalako izango da.
Saia gaitezen, baina, izaten, bai, diziplinatuago, ze egia da, izan al da ba garai hoberik lehenago; errege ergelen eta estatu ustelen mendeetako esklabo, teknoligarken eta ego lohi karken mende ote gauden nago. Eta esperantza ez da nahikoa, esperantza ez da aski. Euskalduna ere ezin da izan, ez, la vache qui rit, le basque qui. Hala bagaude, dudarik gabe, zerbait egin dugu gaizki; gazteek ezin idazteraino zaborrontzian lau hizki. Gainera, askok ez du besteon zain egoteko denbora, xopin egiten dugun artean, bidaiak, afariak, yoga. Zerbait aldatu gura badugu, zerbait egin beharko da, geure buruaz kezkatzeaz gain, begiratuta ondora. Zer manifestu da hau!, ordea. Panfletoa. Libeloa. Kanpokoa eta baitakoaren kronika paraleloa. Collage bat baino, kolapsoraino nahasi den zerebeloa… eta hi, lelo garai, bai, lelo, leloa garai leloa.
Burua joaten hasi zait, baina aditu dut uatxap hotsa. De irten ei da ospitaletik; akitua, baina ontsa. Hatxek argazki bat bidali dit; mosutxoa eta bihotza. Uk bihar zerbait hartuko dugun; nik ok, atzamar pototsa. Zeruan zauri urdina zuri doa hegazkin-lurruna. Bat, bi eta hiru, bihurtu zaigu mundu hau ezezaguna, baina, neuk ere baietz diotsut, ederra dela eguna, eta garai hau mandarinarik gozoenak dauzkaguna. Banatzaileak lanean ari dira astebururako. Noiz nora irten planak egiten dabil hamaika gu lako; bakoitza bere minekin ere, beste behin prest mundurako, denari aldi berean heltzen ezin bizi dugulako.
Arnasa apur bat nahi dut neuk ere; domeka-pauso geldoa. Donibanetik Zokoaraino, ibilian motel noa. Han jesarriko naiz, eguzkitan, lasai hartu arte loa… eta, hi, lelo garai, bai, lelo, leloa garai leloa.