Lemoak hartuko du Bizkaiko II. Erromeria Eguna, urriaren 17an

Durangon antolatu zuten lehen aldia, iaz, eta Bizkaiko eskualde desberdin batean egin asmo dute urtero. «Aurpegi eta formatu guztietako erromeriak» egun bakarrean batu nahi dituzte.

Durangon egin zuten Bizkaiko I. Erromeria Eguna, iaz. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Durangon egin zuten Bizkaiko I. Erromeria Eguna, iaz. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ainhoa Sarasola.
2026ko urtarrilaren 28a
11:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urtean egin zuten estreinakoz Bizkaiko Erromeria Eguna, Durangon. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, Danok musikarien kooperatibaren sorkuntzarekin eta antolakuntzarekin, tokian tokiko udalarekin elkarlanean eta BERRIAren babesarekin sortu zen egitasmoa. «Bizkaiko Erromeria Eguna luzerako jaio da, eta urtero gure lurraldeko eskualde ezberdin batera eroateko asmoa daukagu», iragarri zuen iaz Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak. Egun osorako egitarau zabala antolatu zuten iaz, eta emaitza «bikaina» izan zela iritzita antolatu dute bigarren aldia. Hala, Lemoak hartuko du lekukoa aurten: urriaren 17an, zapatuz, egingo dute bigarren edizioa.

Euskal musika, kantuak eta dantzak izango dira nagusi Lemoan egun horretan, foru aldundiak ohar bidez azaldu duenez. Eta ziurtatu du adin eta gustu guztietarako askotariko jarduerak antolatuko dituztela Lemoan ere, hala nola kalejirak, hitzaldiak, tailerrak, umeentzako puzgarriak eta ekitaldiak, haur berbenak, dantza plazak, fanfarreak, kantu jirak eta beste. «Aurpegi eta formatu guztietako erromeriak batuko dira, funtsean, Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioan».

Oraingoan Lemoako Udala bidelagun izango duela ere adierazi du aldundiak, eta aurreratu du uda aurretik emango dituztela aurtengo programazioaren xehetasunak, parte hartuko duten erakundeetako ordezkariekin eta erromeria egunean parte hartuko duten artista batzuekin batera Lemoan bertan egingo duten aurkezpenean. Egun horretan bertan aurtengo kartela ere aurkeztuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.