Liburu elektronikoa «beste espiritu batekin» jarri du eskuragarri Susak

Deskarga libreko sistema eskaintzen du argitaletxeak, eta ale bakoitza 3,54 euroan eros daiteke

Gorka Arrese Susako editoreak liburu elektronikoen denda digitala aurkeztu zuen atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Paperean eta webgunean ez ezik,liburu elektronikoetan ere irakur daitezke dagoeneko Susa argitaletxearen liburuak. 66 idazleren 142 liburu dituen katalogoa abianjarri dute, eta, oraingoz, poesia eta narratiba alorreko lanak bildu dituzte, 1983tik 1986ra doan Susa saileko aleak barne. Hala ere, sartu gabe utzitako hainbat liburu eta etorkizunean kaleratuko dituzten argitalpenak gehitzen joango zaizkie eskaintza horri. Deskarga askeko liburuak dira, giltzarrapo edo DRM kontrolik gabekoak, eta pdf eta e-pub formatuetan daude eskuragarri www.susa-literatura.com/ebook webgunean. 3,54 euroko salneurria du liburu bakoitzak; dena den, deskarga librekoak izanik, «jendeak erabakiko du pagatu edo ez». Hala eman zuen atzo ekimenaren berri Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak.

Liburua denda batean erosiko balitz bezala planteatzen dute prozedura: esku artean liburua hartu; hau da, deskargatu; nolakoa den ikusi, eta interesatuz gero, erosi egin ahal izango du irakurleak. «Pozik gaude, horrela jendea pirateriara bultzatzen ez dugulako eta espero dugulako modu horretan jendeak liburu elektronikoari dion beldurra kentzea». Aurrerantzean, argitaletxeak liburu bat paperean aurkezten duen egun berean lortu ahal izango du irakurleak liburu elektronikoa denda digitalean.

Salneurriari dagokionez, «jendeak erosten duen produktuarekiko prezio proportzionala ezartzen» saiatu direla azaldu du Arresek. Produkzio kostuak eta transferitzen dituztenak materialak ez direla kontuan hartuta ezarri diote prezio hori. Horrez gain, oso garrantzitsua deritzo liburu bakoitzarengatik jasotako dirua zeinen eskuetan banatuta geratzen den jakiteari. Kasu honetan, 3,54 euroetatik bi idazleak jasotzen ditu, euro bat argitaletxeak, eta gainerako 0,54 euroak BEZ zerga ordaintzeko dira.

Irakurlearen borondatea

Ordaintzea borondatezkoa bada ere, Arrese «sinistuta» dago irakurleak ordainduko duela: «Konbentzituta gaude, zentzuzkoa delako egileari ordaintzea. Uste dut ordaintzeko prezio egokiak direla, idazleek ez dezaten euren eskubidea gal». Susa ez dator bat orain arte liburu elektronikoen inguruan dagoen merkatuaren ideiarekin. «Ez zaizkigu egokiak iruditzen ez prezio altuak, ezta giltzarrapoaren erabilera ere». Horregatik, beste aukera bat eskaini nahi izan diote irakurleari. Arreseren ustetan, «DRMa ipintzea itsasoari hesiak ipintzea bezala da, eta horrek jendea uxatu egiten du liburu elektronikotik; gainera, pirateria sustatzea ere badakar». Argitaletxeak abian jarri duen egitasmoaren ondotik eztabaida espero du Arresek: «Hori ez dela posible esango digute, baina guk oso egingarria ikusten dugu».

Gurebook euskal liburu elektronikoen denda digitala ere izan du hizpide. Duela urtebete inguru sortu zen, eta hainbat argitaletxeren artean zabaldu zuten plataforma. «Liburu elektroniko komertzializatu denak edo ia gehienak kontroldunak dira, DRMdunak, eta prezioak paperezkoenak baino merkexeagoak dira».

Horrelako plataformak eskaintzen dituzten salneurriak aipatzerakoan, balio erantsiaren zergaren inguruan jardun du Arresek. Paperezkoei %4ko BEZ zerga jartzen zaie; elektronikoei, berriz, %18koa. Produktu kulturatzat hartzen dute lehena, eta produktu elektroniko gisa bigarrena. Hala ere, «%18ko zergak ez du horrenbesterako kargatzen liburu elektroniko baten prezioa», Arreseren ustetan.

Orain arte ez dira asko liburu elektronikoen erabiltzaileak Euskal Herrian. Arreseren iritziz, bi arrazoirengatik da eskasa liburu elektronikoak euskaraz irakurtzen dituztenen kopurua: «Ezagutzen ditugun liburu elektronikoen prezioak izugarri altuak direlako, eta euskaraz gutxi pirateatzen delako». Susa argitaletxeak «beste espiritu batekin» egin du salto liburu elektronikoen merkatura.

@Susa argitaletxearen liburu elektronikoaklortzeko: www.susa-literatura.com/ebook
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.