Musika

Lido Pimienta, mango baten ura ezpainetan

Aurrez zapaldu gabe zeuzkan lurretan erein zuen bere laugarren albumerako hazia Lido Pimientak, Medellingo Orkestra Filarmonikoa bidelagun hartuta. Besteak beste, belztasunari eta wayuu kulturari egiten dio kantu, samur baina garratz.

Lido Pimienta, 'La belleza' diskorako sustapen irudietako batean. ADA NAVARRO
Lido Pimienta, 'La belleza' diskorako sustapen irudietako batean. ADA NAVARRO
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko martxoaren 22a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ustekabean gertatu zen, iragan urriaren hondarrean, Rosaliak bere laugarren albumaren Berghain aurrerapen kanta plazaratutakoan. Mundu osoko dozenaka milaka zale liluratuta azaldu ziren abeslari katalanak kantu horretan erakutsitako norabide aldaketagatik. Poparen mugak zabaltzea aitortu zioten disko osoa eman zuenean, orkestra musika elektronikarekin eta, are, abeslariaren hastapenetako pausoetan ardatz izandako flamenkoarekin batuz bide guztiz berri bat urratu izana; iraultza egitea. Eta orduan heldu zen, espero gabe, dardara. Dardara bat Lido Pimienta abeslari kolonbiar-kanadarraren sakelakora. Hainbestekoa, ezen esplikazioak ematera behartua ere sentitu baitzen, eta zorrotz erantzun zuen, horregatik, komunikatu batean: «Zuria edo europarra edo aberatsa edo maistream-a ez izateak ezabatu egiten zaitu historiatik. Erregutu egiten dizuet: ez berriz esan inori kopiatu diodala». Eta datei loturiko informazio argigarri bat ere utzi zuen agerian segidan: La belleza bere laugarren diskoa Rosaliak LUX argitaratu baino sei hilabete lehenagotik zen kalean. Besterik da biek sentitu bazuten musika klasikora hurbiltzeko grina. 

Hala eta guztiz, dardarizo horrek ez zuen Lido Pimientaren bidea askorik garraztu. Musikaria bolada gozoan da azken diskoarekin, biran, eta, entzuleen babesa ez ezik, kritikarena ere erdietsi du hilabeteotan. 2010ean abiatu zuen musika ibilbidea, Color diskoarekin, eta La Papessa (2016) eta Miss Colombia (2020) lanekin segitu zuen bidean aurrera, bai eta haiei esker aitortzak jaso ere. Esaterako, zenbait aldiz izan da Grammy sariren bat irabazteko hautagai, eta Kanadako Polaris musika saria eman zioten 2017an.

Batik bat, synthpopa eta elektronika Kolonbiako doinu eta erritmo tradizionalekin uztartzeagatik da ezagun Lido Pimienta, hala nola cumbiarekin, porroarekin, bullerenguearekin eta champetarekin

2025eko maiatzean kaleratu zuen La belleza, bere ibilbideko laugarren lan luzea. Horretan, abeslariak hasi eta buka erakutsi du musika klasikora arrimatuta ere zeinen eroso josten dituen kantuak, eta nola, aldi berean, orkestra musika eta koruak baliatuta ere ez dion zertan uko egin urteotan guztietan haren estiloaren zutabe izan diren bestelako joerei. Batik bat, synthpopa eta elektronika Kolonbiako doinu eta erritmo tradizionalekin uztartzeagatik da ezagun Lido Pimienta, hala nola cumbiarekin, porroarekin, bullerenguearekin eta champetarekin. Orain, abesti berriak doinu klasikoetan lurreratu dituen honetan, Medellingo Orkestra Filarmonikoarekin eta haren koruarekin aritu da disko osorako, eta Owen Pallet izan du ekoizle. Bederatzi kantu jaso dituzte albumean.

Wayuu kultura eta kantu gregorianoa

«Jakin-minak eta burugogorkeriak ekarri nau ona», esplikatu zuen abeslariak albuma atera berritan, norabide aldaketak entzuleengan sortu zuen harriduraz jakitun. Haren esanetan, aurrez apenas zuen formakuntza klasikorik, baina, harekin tematu, eta buru-belarri ekin zion ikasteari. Gainera, beste motibo bati ere egotz dakioke interes horren agerpena. 2021ean, Sky to hold obra konposatu zuen New York City Ballet konpainiaren enkarguz, eta, gerora aitortu duenez, esperientzia hark biziki inspiratu zuen ondoan emandako pausoetarako. 

Aurreko lanetan bezala, kantuen hitzetan kasik etengabeak dira abeslariaren sustraiei buruzko erreferentziak eta, ondorioz, Kolonbiako wayuu komunitate indigenaren ingurukoak: Ahora abestia da horren erakusle. Kantuen zerrendan bigarrena da hori, zehazki, eta, aurrez, Overturn (Obertura De La Luz Eterna) kantuarekin zabaltzen du lana abeslariak. Lux Aeterna XVI. mendeko kantu gregorianoan inspiratuta konposatutakoa da hori, eta kantuan ezinezkoa da hitzik bereiztea, eta ahotsari tronpeta baten doinu eztiak laguntzen dio etengabe. 

Bere larruan bizi izandakoei edo barne gogoetei buruzkoak kantuetara eramatea ohikoa da Lido Pimientaren kantagintzan, baina ikuspegi politikoari loturik egiten du hori kasik aldiro. Nork bizi duen zer, ez baita berdin. Musikaria gogor mintzatu ohi da, kantuetan zein haietatik kanpo ere, arrazializatutako emakume bat izateak ekarri dion zapalkuntzaz, bai eta, propio, edertasun kanonek eragin dioten minaz. «Edertasun konbentzionalak nire autoestimua zauritu du, arrazismoak pozoitu egin du nire jendea, eta ez dago modurik lodifobia desagerrarazteko». 

«Edertasun konbentzionalak nire autoestimua zauritu du, arrazismoak pozoitu egin du nire jendea, eta ez dago modurik lodifobia desagerrarazteko»

LIDO PIMIENTA Musikaria

Eta, orain, La belleza-n jaso ditu horiek guztiak eta beste. «Indigena eta beltz izateak daukan edertasunean inspiratutako diskoa da hau. Mintzo naiz mango ondu batean hortzak iltzatzearen plazer karibetarraz, baina baita aldebikoa ez den maitasunaz ere, eta arbasoen zeremoniez, eta bizitzaz eta heriotzaz, eta arimen bidaiez, eta zenbait gauzari alde egiten uzteaz: demagun bihotza harri batek ordezkatu dizula sentiarazten dizun horri joaten uzteaz, zernahi dela ere».

Musikaria ez ezik, artista plastikoa ere bada Lido Pimienta, bai eta arte kritikari eta komisarioa ere. Eta zinemaren munduan ere hasia da urratsak egiten; oraingoz, musikari loturik, betiere. Luzbeidy Monterrosa Atenciok zuzendu eta aurtengo Berlinale jaialdian aurkeztutako The Dream of Dance filmari hark egin dio musika, hain justu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA