Literatura

Literatur kritikei kritika, Nafarroa kartografiatzeko

Euskaltzaindiak antolatutako 'Euskal literatura Nafarroan (1975-2025)' zikloan, 50 urteotako nobelagintzaren gaineko hitzaldi bat eman du Koldo Izagirrek Iruñean. Eleberriei buruz idatzitakoak aletu ditu, eta haien joerak azaleratu.

Koldo Izagirre, atzo, Iruñeko Pinaquy aretoan emandako hitzaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Koldo Izagirre, atzo, Iruñeko Pinaquy aretoan emandako hitzaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko maiatzaren 9a
10:20
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hau dena askoz ere luzeagoa da, baina...». Hitzaldia bukatu, bueltan etorri zaion txalo zaparradaren ondoko isiluneari itxoin, eta berandu gabe egin du ohartarazpena Koldo Izagirre idazleak. Hitzez hitz esan gabe, baina hau azaldu nahiko balu bezala: ezin dela azken mende erdian Nafarroan argitaratutako euskarazko literatura ordubetean esplikatu. Gutxi-asko, orain zenbait hilabete, Euskaltzaindiak hori eskatu zion idazleari. «Enkargu zabal bat zen», aitortu zuen joan den astelehenean Castillo Suarez euskaltzain eta idazleak. Euskal literatura Nafarroan (1975-2025): sortzaileen begirada izeneko jardunaldiak antolatzekoak zirela eta, Izagirreri galdegin zioten saia zedila 1975etik hona Nafarroako euskarazko literaturak izaniko bilakaera eta haren harrera azaltzen. Eta Izagirrek baietz. Hain zuzen, atzotik dira abian akademiak antolatutako jardunaldiok, Iruñean, eta idazlearen hitzaldiak zabaldu du egitaraua, Pinaquy aretoan: Lurralde berri bat. Nobelagintzan zentratu da batik bat, eta literatur kritikak izan ditu helduleku. Besteren kritikak eta bere hausnarketak harilkatuz osatu du irakurritako testua. Finean, 1975etik 2024ra arteko kronologia literario bihurtu da solasaldia; baina «kartografia» ere dei zekiokeen, idazlearen hitzetan.

Gabriel Aresti eta Francisco Franco hil ziren urtean, Nafarroan ez zen euskarazko liburu bakar bat ere argitaratu. Hala eta guztiz, idazle nafarren bost lan atera ziren argitara, baina beste lurralde batzuetan: Azken elurra (Eñaut Etxamendi), Ezten gorriak (Gorka Trintxerpe), Euskaldunen seksu bideak (Jose Mari Satrustegi), Hego Haizearen konpasean (Mikel Arregi) eta Huarte, hator Etxerat (Jean Baptiste Etxarren). «Ikerketa bat, bi poema liburu eta bi nobela», zehaztu du Izagirrek, kronologiaren lehenbiziko urteaz mintzo: 1975.

Datu sorta mardulak eskaini ditu solasaldian —aitortu duenez, Jon Alonso idazleak egin du horretarako lanketaren parte handi bat—, baina, batik bat, hitzaldian aurrera egin ahala aipatu dituen elementuekin lotuta beste batzuek idatzi eta esandakoek erantsi diote azterketari ikuspegi kritikoago bat. Esate baterako, Izagirrek ez du zoriz ekarri solasera Patxi Zabaletak Euskaldunen seksu bideak liburuaren aurkezpenaz idatzitako kronikaren pasarte hau: «Liburuaz eta egileaz aipamen maitagarriak entzun genituen. Nafarroa euskaldun guztien sehaska bezela azaldu zigun». Hori irakurriz, Izagirrek agerian utzi du paradoxa.

Ondotik, idazleak 1976ra egin du jauzi ibilbidean; gero, 77ra; 1982ra ondotik. 1983ra iritsita, Pamiela aldizkariaren lehenbiziko alea aipatu du idazleak, besteak beste; eta 1988ra iritsita oroitu du, adibidez, Patxi Huarte Zaldieroa-ren Napartheid lana.1996an, detaile bat azalera. Pablo Antoñana idazleak Vianako Printzea saria irabazi zuela jakin berritan esandakoa leitu du Izagirrek: «Gorbatarik gabe joango naiz, txapela buruan. Eta euskaraz hitz eginen dut».

118
 

Nafarroako zenbat idazlek argitaratu dituzten euskarazko lanak 1975etik 2024ra. Idazle horien %77 gizonezkoak dira, 91; %23, emakumezkoak, 27.

Ezin, baina, 1975etik 2024ra arteko bidean urtez urte, orpoz orpo, aritu. Argazki zabalago bat eman du Izagirrek, horregatik. Nabarmendu duenez —Jon Alonsok eskuratuak dira datu hauek ere—, azken 50 urteotan 118 idazlek argitaratu dituzte euskarazko lanak Nafarroan: 510 liburu, guztira. Idazleen arteko 81 Nafarroa Garaikoak dira, eta 37 Nafarroa Beherekoak; 91 gizonezkoak, eta 27 emakumeak.

Kritiken ertzak

Izagirrek kritiko begiratu dio kritikagintzari. Are, nabarmendu duenez, literatur erreseinek eta literatur kritikek diluiturik dirudite euskal literatur sisteman. «Erreseina obra bat zertan den jakinarazteko da, eta kritika obra bat nolakoa den argitzeko da. Bata albistea, bertzea kronika. Euskal literatur sisteman nahastuak daude biak, gurea kritika demokratikoa dela esan genezake [...]. Nahaste horrek eragozten du gure kritika irakurleen iritzia manipulatzeko aristokrazia bihur dadin».

Bere tesia argudiatzeko hainbat adibide plazaratu ditu Izagirrek. Urteotako zenbait eleberriren gainean idatzitako zenbait kritikaren pasarteak irakurri ditu, eta kritiko iruzkindu haietan sumatutako gabeziak. Zenbait kasutan, desados azaldu da kritikariek ateratako ondorioekin; beste batzuetan, kritikariek beren testuetan baliatutako hizkerak eragin dio aznahia Izagirreri. «Marka da, gero, literatura irakurtzen duten zenbait profesionalek literatur hizkerari dioten ikara edo destaina, edo zoko-baztertu beharra».

«Euskal literatur sisteman nahastuak daude erreseina eta kritika. Gurea kritika demokratikoa dela esan genezake [...]. Nahaste horrek eragozten du gure kritika irakurleen iritzia manipulatzeko aristokrazia bihur dadin»

KOLDO IZAGIRREIdazlea

Hainbat zerrenda luze leitu ditu ahots goran. Esaterako, errenkadan irakurri ditu 50 urteotako eleberrietan jorratu diren hamaika gai, edo nobeletan umorea baliatzeko hartutako bideak. Antzera, zerrenda batean jasota irakurri ditu idazle nafarrek literaturaren bitartez «ondare sinbolikoari» eginiko ekarpenak. Eta, horiek zehazteko, hau izan du irizpide nagusi Izagirrek: eleberria non gertatzen den. 

Sinetsia dago, adibidez, Itxaro Bordak literatur eremu bihurtu duela Baiona, Aingeru Epaltzak antzera egin duela Iruñearekin, edo Maddi Ane Txoperenak Bera, Donibane Lohizune, Paris eta Mattanbaitarekin. Edo Mikel Tabernak Alkasoroko Bentarekin. «Lurralde berri baterako» lurrak dira horiek guztiak, Izagirreren iritziz.

«Literaturak euskara ikasi du Nafarroan»

Literatura «kontrasistema» bat ez ote den, susmo hori plazaratu du Izagirrek solasaldiaren hondarrean. Aitortu duenez, literatura eta euskal literatura zer ote diren gogoetan ari zela azaldu zitzaion kontrasistemaren ideia bidera. Antonio Candido idazle brasildarraren hitzekin topo egindakoan. Hala baitzioen Candidok, Izagirrek oroitu duenez: «Literatura artea baldin bada, eta artea ausarta, irreberentea, berritzailea eta ohikoaren desmitifikatzailea bada, ez al litzateke bidegabekoa izanen literatura sistema gisa, alegia, literatura beti helburu jakin batean antolatua den multzo gisa hartuko bagenu? Literatura ez ote da, oroz gain, kontrasistema bat?».

Hortaz, arrazoia eman dio Izagirrek Candidori. Hau izan du errematea: «Baiki, Nafarroako nobelagintzak kontrasistema bat osatu du bere idatzietan eta bere kapital sinbolikoan [...]. Gure artea ez al da ausart, irreberente, berritzaile eta desmitifikatzailea? Emantzipatu egin gaitu, lurralde berri horretan nahi gaitu. Hizkera egoki batez erranik, literaturak euskara ikasi du Nafarroan».

Gaur dute bigarren eguna Euskaltzaindiak Iruñean antolatutako jardunaldiek. 3 belaunaldi, 3 begirada mahai ingurua eginen dute arratsaldean: Pinaquy aretoan, 18:30ean. Irati Jimenez izanen da gidari, eta Angel Erro, Aingeru Epaltza eta Oihane Zuberoa Garmendia arituko dira solasean.

Bihar, Lur bat zedarritzeko hitzak poesia errezitala eginen dute eguerdian, 12:00etan, Kondestablearen jauregian. Iosune Goñi, Izaskun Igoa eta Esti Martinez Diaz de Zerio poetek errezitatuko dute, eta lagun izanen dute musika: Danserie Ensemble taldeak joko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.