Literatura

«Literatura irakasteko modu atsegin bat» euskaratu du Joxan Elosegik: 'Uda batez Montaignerekin'

XVI. mendeko humanistaren gaiak eta pentsamendua aintzat hartuta, egunez eguneko irratsaio bat egin zuen Antoine Compagnon idazle eta akademiko frantsesak 2012ko udan, eta hartan oinarritu zuen liburua, urtebeteren buruan.

Joxan Elosegi, 'Uda batez Montaignerekin' liburua eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Joxan Elosegi, 'Uda batez Montaignerekin' liburua eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko uztailaren 21a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Logikaz, egileak berak izan beharko luke Uda batez Montaignerekin liburuaren protagonista: Antoine Compagnon idazle, irakasle eta akademiko frantsesak, hain zuzen ere (Brusela, 1950). Haren alde, «mami ez hain errazetik liburu atsegin eta irakurterraz bat, frantses giroan eta frantsesez» ondu izana goraipatu du Joxan Elosegi euskaratzaileak (Irun, Gipuzkoa, 1955). Liburuaren ardatzean, baina, Michel de Montaigne XVI. mendeko filosofo, moralista eta humanistaren pentsamendua dago, eta hark landutako gaien bueltan osatuta daude liburuko atalak, berrogei guztira. Hortaz, zalantzarik gutxi dago Elosegirentzat: «Ez ote duen horrek Montaigne egiazko protagonista bihurtzen». Eta kasik beste horrenbesteko punta atera dio euskaratze lanari ere: «Liburua nik itzuli dut, baina zorionez aspalditxotik daude Montaigneren entsegu guztiak euskaraz, Eduardo Gil Berak itzuli baitzituen duela 34 urte. Lan handia da Entseiuak, eta hori bera baliatu dugu. Hori zen bide egokia».

Liburuaren protagonista nagusiaren rola izan ala ez izan, «ezagutu beharrekoa» iruditu zaio Montaigne humanista Elosegiri: «Alde batetik, Euskal Herritik gertu sortu zelako da interesgarria. Baina ez dakit zer-nolako irudia izango ote zuen euskaldunei buruz. Ez nuke esango hain atsegina izango zenik». Hain zuzen, aspaldian Bordelen finkatutako merkatari aberatsen familia batean sortu zen Montaigne 1592an, eta hezibide handia jaso zuen; besteak beste, latina eta grekoa ikasi zituen oso txikitandik. Haren lana frantses hizkuntzako prosa nagusi eta goretsietako bat da, bai eta entsegua genero literario gisa definitzen hasteko giltzarria ere.

«Montaigne zaldun bat zen, eta garai hartako zaldunei hitz egiten die, eguneroko egoerez, erlijioaz, bere buruaz edota bere gisako jendeaz, besteak beste»

JOXAN ELOXEGI Euskaratzailea

Baina, Elosegiren ustez, zehaztu beharra dago: «Bere egunerokoan gaskoiz mintzo zen Montaigne, ez frantsesez. Hautu garbia egin zuen nobleziako jendearen artean gailentzen ari zen hizkuntzaren alde». Eliteari zuzentzen zitzaion, beraz: «Hura zaldun bat zen, eta garai hartako zaldunei hitz egiten die, eguneroko egoerez, erlijioaz, bere buruaz edota bere gisako jendeaz, besteak beste. Horietxetan txertatzen zituen gogoetak».

Testuinguruari ere jarri dio arreta itzultzaileak: «Frantziako erregeak apur bat lehenago konkistatu zuen Ipar Euskal Herria. Erresuma gero eta boteretsuagoa zen, eta, hain zuzen, orduantxe hasi ziren koroa eta letrak uztartzen. Frantsesa arte eta literatura hizkuntza bezala loratzea lortu zuten». Erlijio gerrak puri-purian ziren XVI. mendean, eta horri ere heldu zion Montaignek. Horri lotuta, Elosegik gogorarazi du garaitsukoa dela Bibliaren euskarazko lehen itzulpena ere: 1572an ondu zuen Joanes Leizarragak Jesus Krist Gure Jaunaren Testamendu Berria.

«Compagnonek erakutsi digu zein den bidea literaturan eta irratian. Uste dut halako batean gauzak askoz argiago esan beharko ditugula Leizarragari buruz»

JOXAN ELOSEGI Euskaratzailea

Montaigneri buruz, klasikoen artean modernoena eta modernoen artean klasikoena dela esaten dute adituek. Hain zuzen, klasiko erromatar eta grekoak oso presente zituen, eta horren ondorioz «joera eszeptikoa» nagusitu zitzaiola ere nabarmendu du itzultzaileak. Bestalde, Alberdaniako editore Aritz Galarraga ekarri du hizpidera itzultzaileak: «Oso gaurkoa dela esaten du berak, baina ez dakit hori horrela den. Montaignek zioen mugimenduaren aldekoa zela, baina hura ez zen egoera irauli zalea; ordena maite zuen, eta egoera barea eta lasaitasuna nahi zituen bere munduan».

Compagnonen asmazioa

Protagonista nagusiaren rola kendu izanagatik ere, itzultzaileak ez dio meriturik ukatu liburuaren egileari. Lanaren jatorrian, France Inter kateak akademiko frantsesari luzatutako gonbita dago: 2012ko udan, uztail eta abuztuan, Michel de Montaigneri buruzko programa bat presta zezan eskatu zion, egun bakoitzeko saio bat egin zezan. Langintza horretatik heldu zen programaren izenburua, bai eta liburuarena bera ere: Uda batez Montaignerekin. Halaber, horregatik ditu liburuak berrogei atal, bat uda hartan egindako saio bakoitzeko. Irrati programak erdietsitako arrakasta ikusirik, behin egitekoa zen hura uda oro emititzeko sail bilakatu zen, eta pentsalari askori egin zioten tokia formula bera errepikatuz.

Elosegiren ustez, bada zer ikasia horretatik: «Compagnonek erakutsi digu zein den bidea literaturan eta irratian. Uste dut halako batean gauzak askoz argiago esan beharko ditugula Leizarragari buruz».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA