Literaturaz, komikiaz eta antzerkiaz gainera, aurten pieza eszeniko hibridoak ere sustatuko ditu Geuretik Sortuak bekak

Sorkuntza sustatzeko diruaz gainera, hilabete inguruko egonaldi bat ere eskaintzen dute, eta, ondoren, aurkezpen ziklo bat. Orain artean, 20 eta 30 proiektu inguru babestu dituzte aldiro. Azaroaren 14ra bitarte eman ahalko dute izena sortzaileek.

'Promesarik txikiena' antzezlana izan zen 2024ko Geuretik Sortuak deialdiak babestutako proiektuetako bat. BERRIA
'Promesarik txikiena' antzezlana izan zen 2024ko Geuretik Sortuak deialdiak babestutako proiektuetako bat. BERRIA
Inigo Astiz
2026ko urriaren 13a
12:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abian da jadanik Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak sortzaileentzako laugarren laguntza deialdia. Gaur argitaratu dituzte izena emateko oinarriak, eta azaroaren 14ko gauerdira arte egongo da zabalik epea. Euskarazko lanak izan beharko dira guztiak, eta lau alorretarako eskatu ahalko dute laguntza sortzaileek: ipuin luzeak idazteko, komiki lanak sortzeko, antzezlanak lantzeko edota oholtzan aurkezteko moduko bestelako pieza hibridoagoak sortzeko. 2.500 euroko laguntza jasoko dute komikiak eta ipuinak sortzeko babesa jasotzen duten sortzaileek, eta laguntza hori 30.000 eurokoa ere izan daiteke, adibidez, antzerki lan profesionalak badira. Dirua ez ezik, hainbat astetako sorkuntza egonaldia ere biltzen du laguntzak hautatutako sortzaileentzat, eta, lana bukatutakoan, 2028tik aurrera, aurkezpen ziklo bat ere antolatuko dute deialdiari esker sortutako lanak gizarteratzeko. Azaroaren 14ra bitarte egongo da izena emateko aukera.

Proiektuan izena ematen duen herri kopuruaren araberakoa da deialdi bakoitzean banatzen den laguntza kopurua ere, eta antolatzaileek oraindik erabat itxi gabe dute atal hori. Horregatik ez da zehazten zenbat laguntza banatuko dituzten oraingoan. Edonola ere, orain artean, 20 proiektu baino gehiago sustatu dituzte aldiro, eta 2024ko deialdian, esate baterako, guztira 30 proiektu babestu zituen deialdiak.

Oinarrietan zehaztuta dator alor bakoitzeko lanek bete beharreko baldintza sorta ere. Adibidez, zehazten denaren arabera, hautatuko literatur sortzaileek, egonaldia egin eta gero, 30.000 eta 40.000 karaktere arteko ipuina aurkeztu beharko dute hurrengo urteko irailaren 6rako. Komikiei dagokienez, gutxienez, 15-20 orrialdeko lana aurkeztu beharko dute azaroaren lehenerako, eta antzezlanek aretoetara moldatzeko modukoak izan beharko dutela ere aipatzen da oinarrietan. Horrez gainera, deialdian hautatuko diren antzerki proiektuen artean, gutxienez, kalerako sortutako pieza bat ere egon beharko dela zehazten dute, eta arte eszenikoen alorrean, egonaldien ostean sortutako azken emaitzak, gutxienez, 45 minutu iraun beharko duela.

Laguntzen zenbatekoa ere zehazten dute oinarriek. Hala, 2.500 euroko babesa jasoko du narrazioa idatziko duen sortzaileak, bai eta proiektua bakarka egingo duen komikigileak ere. Bikotean arituz gero, berriz, 3.500 eurokoa izango da komikiaren bi egileen artean banatu beharreko kopurua. Deialdiak, bestetik, gehienez ere zazpi kideko antzerki taldeak babestuko ditu, eta, ezberdina izango da laguntzaren kopurua kasuan-kasuan. 30.000 eurorainoko babesa emango zaie sormenerako antzerkilari profesionalei, eta kopuru hori 15.000 eurokoa izango da antzerkigile berrientzat.

Proiektu hibridoak

Arte eszenikoei eskainitako laguntza da aurtengo nobedade nagusia. Orain artean zinemagintza izan da deialdiak babestutako lau alorretako bat, baina arte eszenikoak hautatu dituzte haren ordez. Antolatzaileek bidalitako oharraren arabera, antzerkigintzaren mugetatik kanpo geratu ohi diren «oholtzara eraman daitezkeen proposamen berritzaile eta irekiagoak» dira deialdiaren adar horretara erakarri nahi dituztenak. Haien artean aipatu dituzte, adibidez, poesia, performancea, dantza eta bertsolaritza ere. Alor horretan, 10.000 eurokoa izango da deialdiak ematen duen laguntza, eta gehienez ere lau sortzaileko taldeak aurkeztu ahalko dira.

Balioespen batzorde batek hautatuko ditu proiektuak, eta haiek erabakiko dute haietako bakoitza zer herritan landu ere. Hautatutako sortzaileek hainbat astetako egonaldiak egingo baitituzte haiei esleitutako herrietan, eta, hain zuen, bertako esperientzietatik abiatuta sortuko baitituzte ipuin, komiki, antzezlan eta arte eszenikoetako piezak, ondoren, lanak amaitutakoan, 2028an, Euskal Herri osoa hartzen duen aurkezpen zirkuituan erakutsi ahal izateko.

Sorkuntzarako laguntza ez ezik, lana burututakoan hura erakutsi ahal izateko bira moduko bat ere antolatzen du Udalbiltzak. Deialdian zehaztuta datoz horri buruzko xehetasunak ere, eta, esate baterako, 200 euroko ordaina ezartzen dio komikigintzaren eta ipuingintzaren alorreko aurkezpen bakoitzari. Eta, esate baterako, zehaztuta dator talde amateurren antzezlanen emanaldiek 2.500 euroko ordainsaria izango dutela ere. 2028ko urtarriletik edo otsailetik aurrera hasiko dira lan horien birak, eta, hain justu ere, oraintxe bertan ere bira horretan murgilduta daude aurreko laguntza deialdian hautatutako lanetako batzuk.

Proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko bi solasaldi ireki ere antolatu dituzte hurrengo asteetarako. Urriaren 20an, Baionako Biltxoko elkartean egingo dute lehena, Itxaro Borda eta Miren Artetxe idazleekin, eta Gasteizko Elkar dendan izango da bigarrena, urriaren 22an, Aritz Ibarra eta Uxue Bereziartua komikigileekin. Eta, gainera, urriaren 27an, asteartez, izena emateko sistema azaltzeko eta interesdunen galderei erantzuteko webinar bat ere antolatu dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA