Giro berezia sumatzen zen La Sinsorga kulturgune feministan, Bilbon, asteazken iluntzean. Ahotsek, barreek eta esku artean ageri ziren kopek osatzen zuten giroa. Ikus-entzule gehienak emakumezkoak ziren, nahiz eta tartean gizon batzuk ere ikusten ziren. Adin guztietako jendea bildu zen Uxue Alberdi eta Miren Amurizaren solasaldia entzuteko. Aurkezpenarena baino gehiago, lagunarteko topaketa baten itxura hartu zuen hasieratik, eta liburuek horretarako aitzakia ezin hobearena.
Saioaren antolatzaile den komunikabide honek mezu zehatz eta argi batekin eman zion hasiera arratsaldeari: «BERRIA egunkariak erdigunean jartzen ditu kultura eta feminismoa». Uxue Barrenetxea BERRIAko marketin saileko kidearen hitzak izan ziren horiexek. Horren ostean, Alberdik eta Amurizak hartu zuten hitza; lagunen arteko konplizitateaz baliatuz, euren bizipenen berri emateko gogoz ekin zioten solasaldiari.
Alberdik esan zuen Pleibak eta Hetero liburuek ez dutela «bizitza bera» izan. Alberdik sarri hartu du parte aurkezpenetan eta ekitaldietan; Amurizak, berriz, ama izan berri, beste erritmo batean hartu du liburua plazaratu osteko aroa. Alde horrek ez ditu bi idazleak urrundu; kontrara, gehiago lotu ditu.
Uxue Alberdiren Hetero liburuak ipuin sorta bat biltzen du; horietan, eguneroko egoerak eta harreman sozialen dinamika aztertzen ditu idazleak. Testuetan heteronormatibitatea eta genero harremanak dira agerikoenak, eta pertsonaien ikuspegien bidez errealitate horien konplexutasuna erakusten du Alberdik.
Pleibak liburuak, berriz, gaztaroaren oroitzapenak eta belaunaldi baten erreferentzia kulturalak jasotzen ditu; horretarako, prosa narratibo eta bisuala darabil Amurizak. Nostalgia eta memoria dira ardatz nagusiak, eta testuek iragan hurbila berreraikitzen dute, pasadizo pertsonalak eta kolektiboak uztartuz.
Liburua kantuan
Hetero liburuaz mintzatu zen gero Amuriza. Irakurleari aurrean daukana «ikusarazten» diola nabarmendu zuen, eta gaineratu ipuinek idazkera «musikala» dutela. Esan zuen Hetero-ko kontakizun bakoitzak abesti bat ekartzen ziola gogora, liburuak «berezko soinu banda» balu bezala. Amurizak sortutako samurtasun atmosfera horrek Alberdi bera eta entzuleak kutsatu zituen: begirada goxoak, irribarreak eta baieztapen keinuak gehitu zitzaizkion giroari.
Jarraian, Pleibak liburuaz aritu zen Alberdi. Literaturan emakumeen ahotsari ematen zaion lekuari buruz hausnartu zuen: «Emakumeei zuzenak eta gordinak izatea saritzen zaigu. Gozoa izatea, maitasunaz aritzea, berriz, gutxiestekoa dela ematen du. Gizonengan, ordea, alderantziz gertatzen da: samurtasuna ospatu egiten zaie». Publikoak begi-bistako adostasunez hartu zuen mezua. Alberdiren esanetan, Amurizaren prosa zehatza da: «Ez da hitz bakar bat ere soberan; esaldi guztiak perfektuak dira, eta indargunea adjektibazioa da».
«Emakumeei zuzenak eta gordinak izatea saritzen zaigu. Gozoa izatea, maitasunaz aritzea, berriz, gutxiestekoa dela ematen du»
UXUE ALBERDIÂ Idazlea
Jendeari hunkigarri egin zitzaion anekdota bat ere azaldu zuten: Eñaut Elorrieta musikariak, Alberdiren bikotekideak, Pleibak-eko esaldi eta hitzekin melodia bat sortu eta opari egin zion Amurizari urtebetetzean. Literaturaz harago, laguntasunaren isla garbia izan zen.
Bi lagunek gogoratu zuten sortze prozesuan elkar animatzen zutela egunez egun, elkarri mezu laburrak bidaliz. Horrek, idazkera estilo desberdinak izan arren, elkartu egin zituen: Alberdi intuitiboago eta abstraktuago, Amuriza zehatzago eta bisualago.
Sortzeko bi bide
Sortze prozesuez aritzean, bien arteko aldeak agerian geratu ziren. Alberdik aitortu zuen zerrendetatik abiatzen dela idazteko, «etnografia literario» gisa. Ez zaio trama bera interesatzen, baizik eta uneak, pertsonak eta horien arteko sinergiak. Kontakizun askotan pertsonaia bera agertzen dela esan zuen, baina ikuspegi ezberdinetatik. Alberdi: «Errealitatea haluzinatu egiten dut». Alegia, gertakari erreal bat hartu eta literatura bihurtzea du gogoko.
Amurizaren Pleibak, berriz, nostalgiatik sortu zen. Aitortza egin zuen: «Arriskutsua da nostalgia, iragana idealizatzeko joera dago eta. Nik epikatik aldendu nahi nuen, eta nire gaztaroaren argazki txikiak paperera ekarri». Horretarako objektuak, oroitzapenak eta lagunen testigantzak bilatu zituen; baita Pinteresten edo gurasoen ganbaran ere. Alberdiren intuizioaren aurrean, Amurizak metrika eta ikusmena baliatzen ditu, baita zineman inspiratutako storyboard modukoak ere.
Bat etorri ziren, hala ere, entzutea baita idazteko giltza nagusia bientzat. Hetero-n, Alberdik aitortu zuen kontakizun bakoitza idazle batek «desblokeatu» ziola; Amurizak, berriz, arte bisuala eta zinema aipatu zituen iturri nagusitzat.
Umorea eta hausnarketa
Azken zatian pertsonalago aritu ziren. Alberdik «aita biologikoak, politikoak eta kulturalak» hartu zituen hizpide. Eta Hetero-n agertzen diren ipuin guztiak konektatuta daudela nabarmendu zuen.
Amurizak berriz, umorez ekarri zuen publikora sarri entzun duen iruzkin bat: «Zer esango ote du zure aitak liburu hau irakurrita?». Bere erantzuna, ironiaz, Aita gurea-ren bertsio bihurri bat izan zen, paternalismoari keinu kritiko bat eginez. Jendeak barre egin zuen Amurizaren bertsio bihurriarekin. Gainera, azaldu zuen bere belaunaldiko jendeak liburua ondo hartu badu ere adin nagusikoen artean distantzia handiagoa sumatu duela.
«Arriskutsua da nostalgia, iragana idealizatzeko joera dago eta. Nik epikatik aldendu nahi nuen, eta nire gaztaroaren argazki txikiak paperera ekarri»
MIREN AMURIZAÂ Idazlea
Amaitzeko, zera esan zuen Amurizak: «Pleibak gure festa da, guk sortua eta guretzat egina». Ekitaldiak ez zuen liburu aurkezpen arruntaren antzik izan. Laguntasun publiko baten adierazpena izan zen, eta idazleen eta entzuleen arteko mugak hautsi zituen. Literaturaz hitz egiteko baino gehiago, begiradak, barreak eta konplizitatea erakusteko saioa izan zen. Asteazken iluntze hartan, literatura lagunen arteko elkarrizketa bihurtu zen, publikoari zabaldutako festa partekatu bat; une batez bada ere, guztiak izan ziren Hetero eta Pleibak-en parte.