'EURI ETA ATERI'
Bada gazte literaturako genero bat neskentzako literatura esaten zitzaiona, zeinak nobela arrosarekin eta erromantikoarekin ezaugarriak partekatzen dituen. Partekatzeagatik, ospe txarra ere partekatzen dute, halako generoen bidez maiz gizarte patriarkalaren klixeak errepikatu izan direlako. Baina ez gaitzala desbidera erabilera oker honek. Neskentzako horren atzean ezaugarri jakin batzuk dituen literatur mota bat dago, idazlearen arabera emaitza bikainak ematen dituena matxismo eta patriarkatuaren antipodetan. Hala hartzen dut nik Euri eta ateri narrazio luzea, izen egokiago baten faltan neskentzako literatura izendatuko dudan literatura intimista honetakoa, belusezko eta lumatxazko igurtzia eragiten duena, barne bidaiak hobesten dituena eta emozioez hitz egiten dakiena.
Gatozen harira. Liburua azal gogorrekoa da, hamaika ataletan hirurogei orrialde inguruko kontakizuna eskaintzen duena, irudiekin ongi jantzia. Objektua fisikoki erakargarri egiten duten ezaugarriak orobat, edizio zaindua lagun.
Gertakari intimo bat da konfliktoa: protagonista ito egiten da bere administrari bizitza monotonoarekin, ezertarako gauza ez dela jartzen da. Istorioak blokeo bat deskribatzen du, hasten denetik hura gainditzen duen arteko guztia. Gainera lau pausotako «zaintza protokolo» bat eskaintzen du (beti arriskutsua izaten dena, autolaguntza azalpenak fikziozko istorio batean erabiltzea ez baita egokiena azalpen eta testuinguru errealen faltan).
Pertsonaia eta lokalizazio oso gutxi izendatzen dira, justukoak, fokuan dagoena presentzia ia bakar bihurtuz.
Testua erredundantzia bidez jantzi da, hizkuntzaren maila batean baino gehiagotan, hala nola onomatopeiak, sinonimoak, esaldiak... Ohitu egin behar da irakurlea dentsitate honetara, gozatzeko modua izango du baldin eta erredundantzia onartzeko prest badago. Era berean, jolas literario guztiek egiten duten bezala, guztizko errepikapen giro honek kontakizunari tonu dramatikoa leuntzen dio, eta sosegua ematea lortzen du, neurri batean bederen.
Ilustrazioak aingurak bezalakoak dira, tenk eusten diote irakurleari; teknika ezohikoaren exotismoa dute eta, unean unean, protagonistaren aldartearen adierazpide grafiko eraginkorrak dira. Gaur egun ez dago jakiterik, baina estanpatu teknika erabili dela iruditzen zait, baliabide digitalak lagun dituela, nola ez. Oinarrizko lana egiten duten kolore gris-beltzak daude, lagun dutelarik pertsonaiaren (istorioaren) fase bakoitzean kolore desberdin bat: lehen fasean, protagonista zurrunbilo itogarrian dabilen bitartean, kolore gorria dugu; ondoren, tarteko garaietan ari garela, okreak ordezkatzen du gorria; eta azken faserako, erresoluzioa eta oreka berriaren garairako kolore urdina agertzen da, baina ez bakarrik: amaierako azken irudian hiru koloreak agertzen zaizkigu, harmonian, protagonista dagoen bezala.