'Livide' filmarekin hasiko da Donostiako Beldurrezko Zinema Astea, hilaren 29an

Hogei film luzek hartuko dute parte azaroaren 4ra bitartean Ikusleen Saria eskuratzeko lehian

Livide filmarekin, Dario Argentoren lana omendu nahi izan dute zuzendariek. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Alexander Bustillok eta Julien Mauryk zuzendutako Livide ekoizpenarekin hasiko da, urriaren 29an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. 22. ekitaldia du aurtengoa zinema asteak, eta bertan hogei film luze lehiatuko dira, ikusleek ematen duten 6.000 euroko saria eskuratzeko. Zinema astea azaroaren 4an amaituko da, Alejandro Bruguesek zuzendutako Juan de los muertos komediarekin. Azken hori lehiatik kanpo emango dute.

Sail ofizialean emango dituzte, besteak beste, Kevin Smithen Red State eta Joe Cornishen Attack the Block. Smithen filmak Sitgeseko zinema jaialdiko sari nagusia irabazi du aurten, eta Cornishen ekoizpenak ere arrakasta handia lortu du jaialdi berean. Horietaz gain, beste batzuen artean, ikusmin handia piztu duten hainbat film eskainiko ditu Donostiako zinema asteak: The Devil's Rock (Paul Campion), The Orphan Killer (Matt Farnsworth), Saint (Dick Maas), Tomie Unlimited (Noboru Iguachi), Troll Hunter (Andre Ovredal).

Ohi bezala, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak film laburren saila ere izango du aurten, eta hor hamabost film lehiatuko dira hiru sari eskuratzeko: Publikoaren Saria, Nazioarteko Epaimahaiaren Saria eta Epaimahai Gaztearen Saria.

Film «kaltegarriak»

Beren garaian gizarteak kaltegarritzat jo zituen hainbat film ere ikusi ahal izango dira Donostian. Zatoz eta Begira zikloak zortzi film jasoko ditu, guztiak ezagunak «ezusteko gaiak edota jasanezinak» landu dituztelako: La semana del asesino (Eloy de la Iglesia), Tras el cristal (Agusti Villaronga), Seul contre tous (Gaspar Noe), A Clockwork Orange (Stanley Kubrick), Cannibal Holocaust (Ruggero Deodato), Peeping Tom (Michael Powell), Possession (Andrzej Zulawski) eta Thriller. A Cruel Picture (Bo Arne Vienius).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.