Lizar Begoñak irabazi du Igartza saria, nobela proiektu batekin

Benidormeneko kiosko bat da 'Itzalkinak eguzkitan' izeneko eleberri proiektuaren gertalekua, eta hartan lan egiten duten bi emakume dira kontakizuneko protagonistak

Lizar Begoña idazlea, atzo goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Kiosko bat, gune turistiko bateko pasealeku batean, hondartzaren ondoan; eta, kioskoaren barruan, langile bat, egunkariz, aldizkariz eta askotariko oroigarriz inguratuta ia aurpegia besterik ikusten ez zaiola. Irudi hori iradokitzailea zaio Lizar Begoña idazleari, eta haren barneko askotariko gaiak lotuta irudikatu du Itzalkinak eguzkitan nobela proiektua. 25. Igartza saria irabazi du —Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dute—, eta atzo eman zuten haren berri, Donostian, Begoñak, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, Leire Artola Beasaingo alkateak eta Ioritz Iraola CAFeko Euskara Batzordeko ordezkariak.

Aurten, 11 proiektu aurkeztu dituzte Igartza sariketara, eta Begoñarena hautatu dute irabazle Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek. 6.000 euroko laguntza jasoko du, eta urtebete izango du eleberria lantzeko; ondo bidean, 2024ko udaberrian aterako dute.

Begoña (Sopela, Bizkaia, 1996) Arte Ederretan graduatua da, eta euskara eskolak ematen ditu lanbidez. 2020an kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Aro beilegia poesia bilduma, Donostia Kultura poesia saria irabazi eta gero, eta aurten argitaratu du bigarrena, Gepardo japoniarrak, hori ere poesiazkoa. Hitzen materialtasunari segika ondu zuela azaldu zuen BERRIAn, joan den astean egindako elkarrizketa batean: «Formaren lanketak eta testuaren espazialtasunarekin jolasteak gogorarazten dizu hemen bertan dagoela irakurri beharrekoa, ez bilatzeko harago. Gordintasunaren eta gorputzaren aldarrikapena da; hori nahi nuen, ez inolako aurarik».

Itzalkinak eguzkitan izango da narratiban egingo duen lehen lana. Benidormen (Herrialde Katalanak) girotu du istorioa: hondartza pareko gune turistiko batean dagoen kiosko bateko bi langile dira protagonistak. Bata, 65 bat urteko emakumea: haren familiak zabaldu zuen kioskoa, turismoaren boomaren garaian, ezagutu zituen negozioaren garai hobeak, eta larritasunez bizi du paperaren egoera. Bestea, idazlearen adin bueltako neska bat: ikasketak utzi berritan hasi da kioskoan lanean, eta beste ikuspegi batetik begiratzen die inguruari eta harreman sozialei.

«Gustatzen zait bi pertsonaien arteko kontrastea: batak ekarri ahalko luke garai bateko Benidormeko testuingurua, eta prisma interesgarri bat izan daiteke gaur egungoari begiratzeko; bestea sare sozialetan ibiltzen da, eta perspektiba horretatik hitz egiteko aukera ematen dit», azaldu du idazleak.

Kiosko bat izanik istorioaren «nukleoa», Begoñak «paperaren eta pantailen arteko talka» landu nahi du bereziki, tokia metafora gisa erabiliz, «inflexio puntu» bat irudikatzeko.

Hizkuntza bihurritua

Benidormen kutsu «kitsch» eta «komikoak» erakarri du idazlea: «Dena da esajeratua, dena puzten du». Ironia erabiltzeko gogoa du, gainera. «Turistifikazio garai handi bat izan du, eta horren ostean geratu den paisaia kitsch-a interesatzen zait estetikoki: itzalkinekin doan jendea, erreta dauden turistak... Leku koloretsu bat da». Martin Parr argazkilariaren lana erreferentzia bisual bat da horretarako: «Idatzi nahi dudanak bat egiten du haren iruditeriarekin». Hala ere, Begoñak barre txikiarekin aitortu du Benidormen inoiz izan gabea dela oraindik: «Agian joan beharko dut aurten turismo apur bat egitera».

Liburua ataletan banatzeko asmoa du, bi langileen lan txanden arabera. Txanda bakoitzean, bietako baten ahotsak gidatuko du kontakizuna, lantokiko bizipenak, pentsamenduak eta oroitzapenak nahastuta. Estilo berezi bat lortu nahi du horretarako, hizkuntzaren «errespetu falta kontzientea» izango duena, arauak hautsiko dituena hizketa bizi propio bat izateko. Aurora Venturiniren Las primas (Lehengusinak, 2007) eta Andrea Abreuren Panza de burro (Asto sabela, 2020) dauzka erreferentetzat: «Gustatzen zait testualtasuna lantzeko modu gordin hori», esan du.

«Poesiarena bide zuzen bat izan da, baliabide bat nire pentsamenduak ahalik eta argien plazaratzeko», Begoñaren hitzetan. Badaki eleberria idazteak beste lan bat eskatuko diola, baina bazuen gogoa genero horretan aritzeko: «Uste dut poesiarekin ez nintzela iritsiko hain zabala den gai bat jorratzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.