Lo ez hartzeko abestiak

Indarra eta melodia uztartu ditu Governors taldeak 'Morphinapolis' izeneko diskoan, beren ibilbideko laugarrenean

Governors taldeko kideak, atzo Bilbon egindako aurkezpen prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bataren indarra maite zuten, baina baita bestearen melodikotasuna ere. Eta bi ñabardurak uztartzea erabaki dute orain Governors taldeko kideek. Nolabait ere, beren bigarren eta hirugarren diskoak nahasita osatu dute laugarrena. Frenetikodrome diskoko gogortasuna, eta Collage diskoko melodiak batuta. Eta taldearen bi aurpegi horiek batuta sortu dute Morphinapolis. Ohi baino beltzago, halere, Jsang abeslari eta konposatzailearen hitzetan. «Aurreko lanen hitzak baino ilunagoak dira oraingoan letrak». Azaldu duenez, ezin izan baitute, egungo errealitate gordina ahaztu. «Ezin genion bizkarrik eman horri».

Hautaketa lan handia egin dute. 26 bat kanta proiektu aurkeztu zizkien taldeko beste kideei Jsangek, eta hamaika kantako diskoa kaleratu dute, azkenean. «Ez da lan erraza izan», aitortu du Jorge baxu jotzaileak. Arantzan (Nafarroa) egin zuten filtro lanik gogorrena. Hantxe elkartu, landa etxe bat alokatu, eta zer kanta garatu eta zer kanta baztertu erabakitzen eman zuten asteburu osoa musikariek. «Baina prozesu luzea izan da gerokoa».

Ez da disko kontzeptual bat, baina badago diskoa alderik alde gurutzatzen duen ezinegon bat. Portadak irudikatzen du argien: desegindako hiri bat atzealdean, bideo kameraz jositako kaleak eta erabat uniformatutako jende saldo homogeneoa. Horixe Morphinapolis izeneko fikzioko hiri distopikoa. Eta horregatik diskoaren titulua ere. «Jendearen erantzunak soilik ekidin dezakeen balizko egoera da Morphinapolis». Eta horren aurkako aldarri gisa sortu dute diskoa. Txerto modura. Lo ez hartzeko. Jsang: «Edozein egunkaritako azala ez da gure azala baino positiboagoa».

Kolaborazio sorta izan dute horretarako. Hitzetan, adibidez. Orain arte Jsang abeslari eta konposatzailearenak izan dira Governors taldeko kanta gehienen hitzak ere, baina kanpora jotzea erabaki du oraingoan. «Hobea naiz kantak konposatzen, hitzak idazten baino. Eta kolaborazioek laguntzen dute diskoaren maila hobetzen». Hala, Aiert Goenagak sinatu ditu diskoko bost kantaren hitzak, Mikel Etxaburuk beste birenak, Iñaki Viñaspre eta Eider Zumaldek banarena, eta bi abestiri jarri die hitza Jsangek. Gaiak emanda aritu dira batzuetan kolaboratzaileak, eta baita libre ere. Diskoaren kontzeptu orokorraren ildoan, betiere.

Ahalegin berezia egin dute soinu kalitatearekin, eta ongi ezagutzen duten leku batera joan dira horretarako. Usurbilen (Gipuzkoa) izan dira grabazio lanetan, Higain estudioan. Han grabatu zuten beren lehen estudioko lana, eta bertan grabatu dute azkena ere. Uztailean eta abuztuan izan dira estudioan, eta Haritz Harregi izan dute teknikari. Musikari dagokionez ere, Aitor Antruejo izan du Jsangek laguntzaile kantak sortzeko eta konponketak egiteko, Koldo Uriarte aritu da sampler, teklatu eta pianoekin, eta Soziedad Alkoholika taldeko Jimmy gitarra jotzaileak eman dizkie gitarren soinuei buruzko aholkuak. Napoka Iria taldeko Miren abeslariak ere ahotsa jarri du Hienaren irribarrea abestian.

Zuzeneko ikuskizun berezia

Aitor Antruejo gitarra jotzaileak grabatu ditu gitarrak estudioan, eta huraxe arduratu da konponketez ere. Zuzeneko emanaldiak indartzeko, ordea, Urtzi gitarra jotzailea batuko zaio taldeari. Boskote gisa arituko dira, beraz, Jorge baxu jotzailea, Pako eta Urtzi gitarra jotzaileak, Heloy bateria jotzailea eta Jsang.

Zuzenekoetarako ikuskizun bereziak prestatzen dabiltza. «Orain arte taldeak egindakoa berriz asmatzen saiatzen ari gara». Jon Mentxaka dabil saioen irudia eta kontzeptua lantzen. Durangon (Bizkaia) abenduaren 21ean egingo duten kontzertuan estreinatuko dituzte emanaldietarako prestatutako berrikuntza guztiak. Azaroaren 30ean emango dute, berez, disko berriko kantuekin osatutako lehen kontzertua, Donostian. Ikuskizun osoaren aurrerapena eskainiko dute han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.