Antzerkia

Lorcaren ondarea eta Tinder euskarazko antzerki batean

'Loreen hizkuntza' komedia «ez hain komediak» XXI. mendeko ligatzeko prozesuen nondik norakoak xehatzen ditu. Gaur taularatuko dute Gasteizko Jesus Ibañez de Matauko aretoan, eta hiriko neguko programazioko lehena izango da.

'Loreen hizkuntza' antzezlanaren aurkezpena, astelehenean, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
'Loreen hizkuntza' antzezlanaren aurkezpena, astelehenean, Gasteizen. GASTEIZKO UDALA
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko abenduaren 18a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Federico Garcia Lorcaren Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores antzezlanean oinarrituta (Rosita andereño ezkongabea edo loreen hizkuntza), XXI. mendean ligatzeko moduetan sortzen diren anekdotak biltzen ditu Loreen hizkuntza antzezlanak. La Matxapa antzerki konpainiaren lehen lana da, eta Getari Etxegaraik zuzendu du —aktore ere arituko da—. Gaur antzeztuko dute Gasteizko Hegoalde gizarte etxeko Jesus Ibañez de Matauko aretoan. Eta, hain zuzen, emanaldi horrek abiatuko du neguko programazioa, zeinak martxoaren 28ra arte iraungo duen.

Unai Izquierdo izango da obrako antzezleetako bat, eta aitortu du berari bururatu zitzaiola obrarako ideia. «Obsesionatuta nengoen. Aplikazioak nagusitu zaizkie tabernei. Mundu hiperkonektatu batean bizi gara, eta ez dakigu elkarrekin komunikatzen. Soilik emotikonoak edo audio eta erantzun laburrak erabiltzen ditugu».

Eta buruan zebilkien kezka hori kontatzeko, antzezlanak hiru istorio tartekatuko ditu: banandu berri den emakume baten istorioa, bikote heterosexual batena, eta mutil gay batena. Hiru istorio horiek kontatu ahala, egungo gizartean ohikoak diren kezkak jorratuko dituzte: amatasuna, bakardadea eta harreman zaharrak, besteak beste.

«Obsesionatuta nengoen. Mundu hiperkonektatu batean bizi gara, eta ez dakigu elkarrekin komunikatzen. Soilik emotikonoak edo audio eta erantzun laburrak erabiltzen ditugu»

UNAI IZQUIERDOAktorea

Generoari dagokionez, ordea, Izquierdok aitortu du ez dela komedia soil bat: «Oinarrian komedia bat da, bai. Ikusleak barrezka hasiko dira, baina antzezlana aurrera doan heinean, irribarrea izoztuko zaie». Izan ere, azken urteetako ligatzeko moduen arazoak xehatuko dituzte: Tinder eta Grindr bezalako ligatzeko aplikazioetan gertatzen diren identitatearen ordezteak, desengainuak, maitasun erromantikorik ez duen harremanen berpizteak eta abar. Etxegaraik ere argi azaldu du zer ezkutatzen den digitaltasunaren atzean: «Ligatzeko aplikazioak erakargarriak bezain arriskutsuak izan daitezke. Ezizen baten atzean edonor da ausarta».

Halere, anekdota bitxiak tartekatuz, Izquierdok iragarri du publikoak ondo pasatuko duela: «Barre egiteko beharra daukagu, eta geure buruaz egingo dugu barre. Are gehiago, publikoak bere buruaz egingo du irri, maitasuna eta haren inguruko arazoak unibertsalak dira eta».

«Ligatzeko aplikazioak erakargarriak bezain arriskutsuak izan daitezke. Ezizen baten atzean edonor da ausarta»

GETARI ETXEGARAIAntzezlanaren zuzendaria eta aktorea

Antzezlaneko bi partaideek nabarmendu dute jorratuko dituzten gaien aktualitatea dela-eta irudi dezakeela gazteentzako antzerki bat dela, baina inondik inora ere ez dela horrela: «Gure sorpresarako ere, egindako emanaldietan arrakasta handiagoa izan du 55 urtetik gorakoen artean». «Banandutako heldu asko daude ligatzeko aplikazioetan», gaineratu du Etxegaraik.

Eta harrera onaren arrazoi bat obraren multidiziplinartasuna dela azaldu dute. Izan ere, aktoreak rolak jokatzen ari diren bitartean, Ibon Belandia musikariak zuzenean euskal herri kantak musika elektronikarekin uztartuko ditu.

Hizkera landua

Harrera positiboaren beste arrazoi bat aktoreek darabilten hizkuntza izan daitekeela nabarmendu du Etxegaraik. Haren esanetan, ahalik eta hizkera gehienek presentzia izan dezaten saiatu dira: «Aktore batek mendebaldeko hizkera darabil, beste batek erdialdekoa, eta bada beste bat euskaldun berria dena, eta euskara batuan hitz egiten duena».

Biek ala biek adierazi dute aurretik egindako emanaldietan publikokoak antzezlanaren hizkeraren ulergarritasuna goraipatu dietela. Izquierdo: «Ez da euskara maila handia eduki behar gure antzezlanaz gozatzeko. Getxoko [Bizkaia] emanaldian, esate baterako, euskaltegiko ikasleak etorri ziren, eta amaieran, dena ulertu zutela eta asko gustatu zitzaiela esan ziguten». Zuzendariak gaineratu du beharrezkoak direla euskara informalean egindako antzezlanak, baita euskaraz egindako komediak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.