Aner Euzkitze.

Zikinkeria antolatua

2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021eko abendua. Pisukideak Tinder egin zuen, eta bere match-ak eta elkarrizketak erakusten zizkigun pisuan, gauez, afalostean. Niri lotsa ematen zidan, edo beldurra, edo zikin-sentsazioa, edo artifizialitatea, edo «gauza horiek normal egin behar dira, utzi fluitzen». Inbidia ere bai. Martxoan Tinder egin nuen. Zita batzuk eduki nituen, ez asko. Tragoak hartzeko geratzen ginen, kafeak, Instagrama pasa, Higerko itsasargiko banku batean eseri, malekoian ezagun komunak zerrendatu, kotxean bila pasa, gauza normalak, gauza horiek. Gero Grindr egin nuen, eta gero Bender eta Scruff, eta Badoo, eta Feeld, eta azkena Bumble. Eta ordutik orain arte.

Grindr da gela ilun baten sareko erreplika. Anonimoa, azala, lizuna, inpertinentzia, jubilatuen zakilak goizaldeko hiruretan, edo zazpietan, kafesnetan bustitzeko. Grindr da norena den ez dakizun kokapen bat. Grindr da XL buscando pasiva, aurpegirik gabeko gorputzak, albumak, fetitxismoa, profil hutsak. Grindr-en txortan egiteko geratu naiz ia beti, zuzenean, kaferik, itsasargirik eta Instagramik gabe. Grindr-en zugandik gertu daudenei baimenik eta match-ik gabe bidal diezazkiekezu nahi adina mezu, nahi bezalakoak. Horrek ate asko zabaltzen ditu, eta akaso gauza batzuk normalizatu ditugu.

Duela bi hilabete, igandez, Pol izeneko bat agertu zitzaidan Grindr-en. Donostiarra. «Eei aupa! Zemoouz?» idatzi nion. Hizketan hasi ginen. Aner Peritz al nintzen galdetu zidan hasieratik. Lotsatu egin nintzen pixka bat eta elkarrizketa desbideratu nuen. Aipatu genuen biok genbiltzala zerbait kasualaren bila, «bikoteikan ez. tipo rollete». Komentatu genuen zer gustatzen zitzaigun sexuan, zein zen gure rola, zein ohitura, gustu, modu geneuzkan larrutan. Esan zidan heteroa zela berez, «baño ya como q bi». Astelehen gauean hizketan jarraitzen genuen. Pixka bat flipatuta nengoen, Grindr-en ez da hain elkarrizketa luzerik edukitzen.

Geratzeari buruz hasi ginen asteartean. Elkarri aipatu genion kaña bat hartzeko elkartzea gustatuko litzaigukeela, eta ea. Hemen ja arraroa iruditu zitzaidan: kaña bat nahi izatea, zita normal bat balitz bezala eta ez Grindr-ekoa, asteartean hizketan jarraitzea eta ez presaka eta atropellatuta geratzea, erdi-ezkutuan. Jakitun naiz, fuertea da hori arraroa iruditzea. Libre geneuzkan egunak zerrendatu genituen, hurrengo astean. Eta hemen, igandean hasitako elkarrizketa asteazkeneko 00:40ra heldu zenean, ni nahiko pozik eta ilusionatuta nengoenean, iritsi zen: umiliazioa.

«Bale te comento. zea krixton pertsona ona. supermajus. ta deskubrituet zeala oso naturala. ta beti zeala pertsona iuala. neska bat izanaiz denboa guzti hontan ta kasualidadez zuk idatziyazu. nere karrerako lan bateako da. miyesker laguntzagatik».

Orain, Donostian, paseatzen dudanean, nirekin gurutza daiteke Pol izena ez duen antropologiako ikasle bat, edo elkarrizketa hau komentatu duen bere kuadrilla osoa, badakiena zer gustatzen zaidan sexuan, zein roletan nagoen erosoen, zein jolasek berotzen nauten. Eta hori da identitatea suplantatzea, intimitatea urratzea eta informazioarekin jolas egitea. Eta plano emozionalagoan, ilusio faltsuak sortu eta zapuztea ere bai.

Egin barre, asko egin dugu lagun artean honezkero. Hau kontatzen dut, lehenik, anekdota irakur dezazuen; bigarrenik, hau publiko eginda, geratzen zitzaidan lotsa eta pudore apurra desagerrarazteko; eta, hirugarrenik, hori egin ezin dela adierazteko.

Ekintzek ondorioak dakartzate, eta halakoek ekar ditzakete segurtasun falta, beldurra, edota atzera egitea. Sor dezake probatzera sartu den marikita bat berriz ez sartzea horra, eta beraz, ligatzeko, ondo pasatzeko eta plazererako aukerak galtzea. Igual ez da hori marikoiek behar dutena. Zain ditzagun dauzkagun espazioak, denak, saunak, gela ilunak, Grindr, cruising guneak, webcamak, guarrichillak; eta ez txosnaguneak eta Tinder bakarrik. Utzi eskatu gabeko zakilak bidaltzeari, eta eskatu lasai, eufemismorik gabe. Zikinkeria ongi antolatuak soilik hautsiko du garbitasun heterosexuala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.