Musika Hamabostaldia

‘Elkarrizketa Ilunak’ ikuskizuna, Viktoria Eugenia antzokian

Lehen aldiz da Iratxe Ansa dantzaria Donostiako Musika Hamabostaldian, Igor Bacovichekin batera.

Iratxe Ansa eta Igor Bacovich dantzariek 'Elkarrizketa Ilunak' ikuskizuna aurkeztu dute. ANDONI CANELLADA
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 23a
16:11
Entzun

Iratxe Ansak (Errenteria, Gipuzkoa,1976) 2020ko Espainiako Dantzaren Sari Nazionala irabazi berri du interpretazioaren modalitatean, eta gaur Donostiako Musika Hamabostaldian debuta egiteko aukera izan du. Igor Bacovich dantzariarekin batera, Elkarrizketa Ilunak ikuskizuna sortu du. Obra honek aukera ematen du Ansa Metamorphosis Dance konpainiako koreografo, zuzendari eta dantzari gisa ikusteko. Konpainia Bacovichekin batera sortu zuen 2019an, eta bertan koreografia, interpretazioa, irakaskuntza, ekitaldien antolakuntza eta ikuskizunen ekoizpena lantzen dituzte. Gaur goizean egin dute emanaldiari buruzko prentsaurrekoa.

«Zer gertatuko litzateke bi pertsona elkarrekin ilunpetan mintzatuko balira?», galdera horrek laburbiltzen du ikuskizuna. Bertatik abiatuta, obra, «plano fisikoan garatzen diren zenbait elkarrizketak» osatzen dutela azaldu du Ansak: «Definituta dauden atalak dira; estiloan, musikan, argiztapenean eta egitura koreografikoan inspirazio jakin bat dutenak». Dantzariak adierazi duenez, pieza Francesco Tristano musikagile luxenburgotarrari eskainita dago; lehenagotik miresten duten musikaria da, eta gaur beraiekin igoko da oholtzara. Tristanorekin elkarlanean hasi baino lehen, piezak haren musikarekin sortu zituztela azaldu du Bacovichek, eta ondoren harekin harremanetan jartzea adostu zutela: «Tristanoren musika gogoko dugu biok, eta horregatik hasi ginen haren musikarekin lanean. Ikuskizun batean soinuak garrantzi handia dauka, eta, musika grabatua erabili beharrean, gurekin zuzenean jotzeko aukera eman genion». Obraren oinarria komunikazioa da, «eraikuntza koreografikorako abiapuntua», Ansaren hitzetan. Horrela, aitortu du elkarrizketa batean sor daitezkeen «akzio-erreakzioak» ikertu nahi izan dituztela.

Koreografiari dagokionez, bost dantzarik hartzen dute parte, eta adierazi dute «fisikoki oso zorrotza den koreografia bati» egingo diotela aurre: «Soloetan, duoetan eta eszena koraletan arituko gara». Ansak XX. mendeko azken laurdeneko koreografo handiekin aberastu du bere estilo koreografikoa; izan ere, William Forsythe, Mats Ek, Jiri Kylian eta Nacho Duato koreografoekin dantza egiteko aukera izan du.

Dantzaz gain, badira berebiziko garrantzia duten beste bi atal: argiztapena eta soinua. Obran iluntasuna protagonista bada ere, argien erabilera oso garrantzitsua dela adierazi du Ansak: «Argiztapenaz Nicolas Fischtel arduratu da, eta guk bezain lan sakona egiten du. Iluntasunean espazio eszenikoa sortu behar da, atal bakoitzaren arabera aldatu egiten dena. Oholtzan lan handia egiten da, baina bigarren mailan dagoen jendeak ere izugarriko lana egiten du gurea ondo atera dadin». Soinu banda, aldiz, Tristanoren Not for piano (2007) lanean bildutako doinuek eta Liu Yiwei txinatarrak idatzitako piezek osatzen dute.

Hogei koreografia baino gehiago

2013an hasi zen bikotea elkarrekin lanean, eta geroztik 30 herrialde baino gehiago bisitatu dituzte. 2019an, Metamorphosis Dance konpainia sortu zuten, eta horretan jarraitzen dute gaur egun. Hogei koreografia baino gehiago estreinatu dituzte nazioarteko talde eta erakunde garrantzitsuetan. Enkarguzko koreografia ugari ere sortu dituzte, baita obra propio luze batzuk ere, munduko hainbat antzoki, sala, eta jaialditan ibilbide luzea izan dutenak. Gaur aurkeztuko duten Elkarrizketa Ilunak obra elkarrekin sortu duten azkena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.