'Todo terminará para navidad'
Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiari esker parada izan dugu 1994an Rosarion (Argentina) sortu zen El Rayo Misterioso konpainia entzutetsua zuzenean ezagutzeko. Eta zuzenean diot, zeren, taldearen izena eta izana ezagutu arren, ez baitut atzo arte aukerarik izan zuzenean ikusteko. Haien webgunean kuxkuxeatzeko gomendatzen dizuet, benetan baita oparoa 32 urteotan eginikoa.
Todo terminará para Navidad (Gabonetan amaituko da dena) tituluak lubakietako soldaduen itxaropena islatzen du. Esaldia ez da inolaz ere hutsala. Historiazaleek ondo dakite 1914ko gerra hasi zutenean gatazka laburra izango zelako ustea zabaldu zela: «Gabonetan dena amaituko da». Badakigu, ordea, iritzi hori ustelduz joan zela, eta negu gorri, beltz eta minean lokazturik eta hormaturik pasatuko zituztela, gero, monumentuetan, morts pour la patrie (aberriaren aldeko hilak) gisa zerrendatu zizkigutenek. Lerro hauetan zenbat lagun hil ziren zehaztea mingarriegia —eta beldurgarria— egiten zait, hain da izugarria zenbakia. Horregatik, Interneten kuxkuxeatzeko gomendatzen dizuet. Lazturan zuek zeuek murgildu zaitezten zeuen kabuz.
El Rayo Misterioso antzerki taldeak teatro korala egiten du, engaiamendu artistiko eta politikotik abiatuta. Haien manerek zerikusi zuzena dute Bertolt Brecht eta Tadeusz Kantorren eskolekin. Horrela, alemaniarrarekin partekatzen dute lan artistikoa zeharkatzen duen weltanschauung zeritzona, hau da, mundu ikuskera bat, ideologia bat; poloniarrarekin, berriz, pentsaera hori adierazteko alde formala, non, esaterako, zuzendaria eszenatokian presente dagoen aktoreen mugimenduak lagundu edota zuzentzeko, atzo errepikatu zuten formula berbera.
Eszena solteek osatzen dute ikuskizuna. Guztietan plastikotasun eta fotogenia handia dago. Nagusitzen den disposizioa zentrala dugu, publikoari begira aurrez aurre. Argi zenitalek urre tonalitatez tindatzen dituzte konposizioak. Arropa zein attrezzoaren aldaketak ilunpetan baina begi bistan eskaintzen dizkigute. Eszenen arteko trantsizioak belztasunean gauzatzen dizkigute, batzuetan irrati-iragarki zaharrak aditzen ditugula, beste batzuetan lehergailuen eztandak edota bolumen handiko soinu aztoragarriak. Asko dira eszenak, bai, berrogei inguru. Ematen du kolore sepiako argazki-albuma ikusten ari garela. Baina, hori bai, lekualdatze eta jauzi kronologikoetan beti zapalkuntza, beti gerra, beti bidegabekeria puntako exekuzioan adierazita.
Eszenatokia hutsik dagoela esan genezake, baina, ez. Erdi-erdian dagoen tramankulu mugikorra da funtsezko elementua. Berriro Kantor eta Brecht-i keinua. Komuneko ate bat irudikatzen du. Atean cavalleros (sic) idatzita. Hortik aterako dira soldaduak, pailazoak, migrante italiarrak, kabareteko artistak, zaldiak, tango dantzariak. Sabel emankorreko edukiontzi honetatik absurdo, zirku eta commedia dell'arte estiloetan bustitako kritika sozial eta politiko argia etorri zaigu Gasteizera.
Nik neure egunkarian apuntatuko dut 2026an El Rayo Misterioso Gasteizen egon zela, nola iritsi garen honaino galdera airean uzteko, baina, baita ere, errazkeriatan erori gabe, borrokarako dei irmoa zabaltzeko.
Txaloaldi itzelarekin batera, Oh, bella ciao kantua gogotik abestu du publikoak.