Sohütako Hoki auzora (Zuberoa) heldu denak urrundik ikus dezake pastoral urtea dutela. Lurdes Iriondoren izena irakur daiteke mendi magalean, hizkiak belarretan arras moztuta, eta harro-harro ageri dira urrundik kantari donostiarraren izenaren hizkiak iratzean zizelkaturik bezala. Beheitiago, karpa bat eta pastoralaren oholtza ageri dira. Jende gehiena emanaldia hasi baino oren erdi bat lehenago sartu da, eta ohi bezala, lehen musika notak jo baino bortz minutu lehenago igan dira musikariak oholtza gaineko jarlekuetara. Lehen tresna ukaldiak jo bezain fite, esku zarta frankoren artean hartu dituzte arizaleak lerroan, bata bertzearen gibeletik, oholtza gainera arribatzen ari ziren bitartean.
Lehen jelkalditik arizale gorriek frankismoaren testuinguru latzaren markoa plazaratu dute. Funtsean, halako testuinguru politiko eta sozialean bizi baitzen Lurdes Iriondo. Euskal kulturaren forma oro zangopilatzen zuen giroan, hots. «Haien arteko marxista eta/ separatisten egünkari./ Liburu, propagandak dira/ bilakatuko erregai».
Zapalkuntza politiko horrek eraginik, Euskal Herri osoan kantagintza berri bat sortzeko beharra nabaritu zuten garai hartan Iriondok eta bertze hainbatek, eta horixe agerian eman dute bigarren jelkaldian. Hain zuzen ere, euskal kantugintza berriaren mugimenduaren garapena izan da pastoraleko gai nagusia, Iriondoren biziarekin batean harilkaturik.

Andoainen (Gipuzkoa) eman zuen Iriondok lehen kantaldia, bertako ikastolako gurasoek eta lagunek bultzaturik, baina, bertzeak bertze, Loiolako Herri Irratiari esker egin zen ezagun. Pastoralean bertan zen Joxemari Iriondo, Lurdesen lehenkusi eta Loiolako irratiko langile ohia. Iriondorekin kantaldi baten landa elkar ezagutu zutela kontatu du.
Kantaldi horren biharamunean bertan, Iriondok kantatu zituen bortz kantu grabatu zizkion irratietako estudioan, eta jendeak kantariaz galdezka deitu ziola gogoratu du. «Garai hartan ez zen hain ezaguna Lurdes [Iriondo], eta bat-batean jendea etorri zitzaidan Lurdesen kontaktuaz galdezka, eta galdetu zuten guziei eman nien, ez zen datu babeserako legerik lehen», erran du irriz. Ondorioz, haren boza irrati uhinetan hedatu, eta kantaldi franko egiten hasi zen eskuin eta ezker. Halere, frankistentzat traba izan zen Iriondo, eta arizale gorriek hori ontsa esplikatu dute zazpigarren jelkaldian: La Voz de España egunkari frankistak gogor kritikatu zuen kantaria garai hartan. «Badakigü nola heda/ komeni zaikün ideia./ Kazetalari orori/ luzatzen deizüet deia./ Konta zoinen ezdeüsa den/ Urnietako kantaria./ Alegiazko euskal jente/ horiekilan, basta ya!».
Ez Dok Amairu
Kritikak kritika, eta errepresio frankista bortitza izanik ere, 1966an bildu ziren Donostiako Kursaal antzokiko sotoan Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Maite Cousillas, Julen Lekuona eta Jorge Oteiza. Els Setze Jutges talde kataluniarraren ber gisan, Ez Dok Amairu kolektiboa sortu zuten. Taldeko kide izan zen Jose Angel Irigarai oholtzatik hurbil eman da pastorala ikusteko. Bederatzigarren jelkaldian, Ez Dok Amairuko kide ohiari egin diote erreferentzia, taldea sortzeko bilkuran parte hartu baitzuen. «Eüskal Herriko nazio/askapenaren borroka./ Nazioartekoa den ber/ hola behar dügü koka». Hitz horiek kantatu ondoan, publikotik «Aupa Irigarai!» oihukatu dio gizon batek, hari begira. Eria sudurrean eman, eta isiltzeko agindua bezala egin dio Iragaraik erantzun gisa, irriz.
Bide batez, pastorala «izugarria» iruditu zaio. «Leire eta Intza Casamajouri erran diet Lurdes Iriondo pastorala Zuberoan ematea jadanik urrats handia dela». Bertzalde, pastorala Iriondori gorazarre egiten dion obra dela nabarmendu du. «Lurdes zen bezalakoa agertzen da obran, eta sekulakoa iruditzen zait. Pertsona ahaldundua, arras engaiatua eta naturala zen. Ez zuen inongo pretentsiorik, eta hori atzematen dut arras ongi islatzen dela pastoralean».
«Lurdes zen bezalakoa agertzen da obran, eta sekulakoa iruditzen zait. Pertsona ahaldundua, arras engaiatua eta naturala zen. Ez zuen inongo pretentsiorik, eta hori atzematen dut arras ongi islatzen dela pastoralean»
JOSE ANGEL IRIGARAI Ez Dok Amairuko kide ohia
Hain zuzen ere, 1968an Iriondo eta Lete ezkondu egin ziren, Tolosako Andre Maria baselizan (Gipuzkoa), baina maitasun testuinguru horretan dena ez zen ospakizuna, frankistek behin eta berriz hitzak zentsuratzeko mehatxu egiten baitzieten. Hamalaugarren jelkaldian, Lurdes Iriondo: «Zentsürako negozioak/ dira gehien konplikatü./ Oro nahi leikegüe/ ükatü eta debekatü./ Metaforaz bete behar/ gure errepertorioa./ Zentzü literalarekin/ egin beharko parioa».
Hortik landa, ordea, Ez Dok Amairuren urrats eta aldi berria plazaratu dute. Emazte gehiago batu ziren taldera, eta alde teknikoa lantzeko gogoa agertu zitzaien. «Ez Dok Amairun dügü/ zerbait berriren gogoa./ Obra bat osoagoa/ orain beno josiagoa». Xede hori segituz, 1970ean Baga biga higa… sentikaria karrikaratu zuten. Ikusgarri horretan eman zuten Joxean Artzeren Gizona eta Lana kantatzen hasi dira arizale guziak, garaian bezalaxe: «Lana, lana, lana, lana, lana, lana... Nork lotu zaitu/ nork lotu zaitu etorkizunik gabeko gurdi horreri?».
Hil arteko engaiamendua
1970eko hamarkada hastapenean frankismoak errepresio politikoa eta kulturala indartu zuen. Testuinguru bortitzak eta taldekoen arteko desadostasunek eraginik, Ez Dok Amairu ofizialki desegin zen. Hemeretzigarren jelkaldia: «Urte aberasgarriak/ izan dira ororentako./ Lagünartearekilan/ eskola baten gisako./ Ginenaren ondarrealat/ heltü gira beharbada./ Bakotxak bere aldetik/ aitzina egiteko parada».
1980ko hamarkadan, berriz, Iriondok oholtzak utzi zituen, eta bertze mota batzuetako lanetan hasi zen. Euskararen sustapenean bereziki zuzendu material pedagogikoa euskaraz sortzen zuen. Horrela, Egape ikastolako ikasleei kultura klaseak ematen zizkien, eta garai hartan eman zuen Lamiñak kantua kantatzen hasi dira. «Ilargiaren itzalean/ laminak dantzatzen/ basoaren izkutuan/ pagoak negarrez».

Pastoralak 2005era igorri du ikuslea azken jelkaldian. Iriondo Donostiako ospitalean sartu zuten urte hartan, gaztetan atzeman zioten bihotzeko eritasunak ahuldurik. 68 urte zituela hil zen, eta halaxe erran dio Leteri: «Einerik nük izigarri eta/ ni orai banoa, Xabier./ Hik jarraik orano aitzina/ beitük zer erranik eder./ Herriaren alte aitzina/ zer eder idazten, Xabier».
Azkenik, Gaua kantatu du Iriondo gorpuzten zuen arizaleak, bakar-bakarrik oholtza erdian. Publikoak isil-isilik eta emozionaturik aditu ditu Iriondoren azken hitzak. «Gauean, isil-isilean/ argiaren promesa gizonen gau beltzean».