Lurraren (h)erritmotik haziko da EHZ

Euskal Herria Zuzenean festibala izanen da bihar arratsetik igande gauera arte, 29. aldiz. Papa Cumbia eta Zetkin taldeek abiatuko dute besta. Bertzalde, gogoetarako tartea ere izango da, festibalean hainbat mintzaldi antolatu dituzte eta.

Zetkin taldeko kideak. ZETKIN
Zetkin taldeko kideak. ZETKIN
Xalbat Alzugaray
2025eko ekainaren 26a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Honela iragarri dute EHZko antolakuntzako kideek festibalaren aldi berria: «Lurraren (h)erritmoari esker ereinen dugu Euskal Herria Zuzenean!». Karpak, ostatuak eta azpiegitura plantan emateko lanak finitzen ari direla, Lurraren (h)erritmoa lelopean hasiko dute aurtengo aldia Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea), bihar arratsaldetik igande gauera arte. 

Irisarritik (Nafarroa Beherea) Arberatzera lekualdatu bazuten ere, Euskal Herriko taldeek segituko dute jiten nagusiki festibalera. Denetariko estiloak izanen dira bertan, eta, kontzertuak ez ezik, mintzaldiak, ikusgarriak eta tailerrak antolatuko dituzte. Papa Cumbia eta Zetkin taldeekin hasiko da festibala ortziralean, eta ebiakoitzean, berriz, bertzeak bertze Olaia Inziarte, Marte Lasarte eta Fermin Muguruza izanen dira. Jendea urrundik jinen denez bestan parte hartzera, horiendako kanpin bat izanen da, baita aparkaleku handi bat ere, biak dohainik festibalarientzat.

Hiru eguneko proposamen kulturala aintzat harturik, antolatzaileek argi dute «makrofestibaletatik haratago» dagoela EHZ. Lurra «denen ontasuna» denez, festibalak ere hala izan nahi duela azpimarratu dute.

EHZren gisako «ondasuna» ziklo ugariz osatzen da. Urte anitzez loratzen segi dezan, antolaketa taldeak arraberritu behar direla nabarmendu dute. Bide batez, Arberatzeko bigarren aldiaren karietara, talde eragilea berritu da. 70 kidek prestatzen dute festibala urtean zehar, baina festibal denboran bortzehun laguntzaile inguru behar dira hiru egunak ongi iragan daitezen.

Laguntzaileen eta belaunaldien joan-jinen erritmora beraz, EHZ ez da urte batetik bertzera berdina izaten. Auzolana, elkar trukea eta autogestioan oinarriturik, 1996an Arrosan (Nafarroa Beherea) hasi eta Arberatze-Zilhekoako soroetara iritsi bitarte, «bere burua eraldatzen» jakin du EHZk, antolatzaileek kontatu dutenez.

Musika baino zerbait gehiago

Feminismoak, antikapitalismoak, ekologiak, askatasun sexualak eta kultur aniztasunak definitzen dute festibala. Ondorioz, EHZn edozein motatako eraso guzien kontrako protokoloak plantan ezarri dituzte. Errate baterako, eraso sexisten, lesbofoboen, homofoboen eta arrazisten kontrakoak. Protokolo hori martxan emanen dute soilik eraso bat gertatuz gero. Azaldu dutenez, denendako segurua den leku bat eraikitzeko, protokoloa prestatzeaz gain, prebentzioa ere egin behar da.

Kontzertuei leku berezia eginik ere, eskaintza ez da musikaren ingurukoa soilik. Bertze gune batzuk ere badira festibalean: antzerkirako eta eztabaidarako txokoak, adibidez. Arberatze-Zilhekoako eskolan eginen diren hitzaldien artean erraterako, ebiakoitzean, berrarmatzeaz, gerra inperialistaz eta internazionalismoaren beharraz arituko da Askapena erakunde internazionalista. Gainera, euskal selekzioaren eta diskurtso faxisten inguruko hitzaldiak antolatu dituzte. Igandean, Palestinaren genozidioaz, arte politikoaren beharraz eta indarraz mintzatuko dira Ahmed Eid eta Queer Falafel. Bertzalde, sorgin ehizaren deseraikuntzaz arituko da Asisko Urmeneta.

Hainbat emanaldi ikusten ahalko dira egunez. Bertzeak bertze, elizan ebiakoitzean, Altxalili kabareta eta Itzuli konpainiaren Adrien Bergson-Johnson bakarrizketa ikusgai izanen dira. Igandean, berriz, Ane Lindanek bakarrizketa plazaratuko du bertan.

BIHARKO EGITARAUA

  • 18:00etan. Plaza. Papa Cumbia eta Zetkin. 
  • 20:15ean. Pentzean, Zilhekoa eszena. Pangea Pop, Bengo, Miss Bee & The Bullfrogs, W!ZARD eta Acidulanted.
  • 21:00etan. Pentzean, Arberatze eszena. Polylogue From Syla, Auhen, Maskak eta Txaptrax.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.