Bihar hasiko da EHZ festibala Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea). Bertako teknika eta talde eragileko kidea da Andoni Azkue (Zuraide, Lapurdi, 1999). Iaz Amikuzen instalatu zenez festibala, aurten talde teknikoa lasaiago dela kontatu du. Hala ere, barne zirkulazioan egokitzapenak egin behar izan dituzte. Bertzalde, bertako herritarrekin harremana egitea ezinbertzekoa zaio.
Ikusi gehiago
Leku aldaketa izan zen iaz; aurten errazago egin ote duzue teknika egokitzapena?
Uste dut iazko lana izan zela potoloena. Festibala baino hilabete batzuk lehenago hasi zen teknika lana. Hiru herri pentsatu genituen, eta erabaki genuen teknikoki bi bakarrik zirela posible. Horren ondotik, laguntzaileek erabaki zuten festibalaren leku berria, eta hortik goiti hasi genuen teknikako ohiko lana, oinarrizko planoen laguntzarekin. Aurtengo lana arrunt desberdina da, iazko esperientzia baitugu. Hala ere, kritika batzuk ukan ditugu herritarrengandik eta kideengandik, eta aurten aldatu egin dugu jendearen barne zirkulaziorako plana.
Azpiegitura plantan ematean Arberatzen, herria eraldatzen duzue. Nola antolatzen da herritarrekin lotura?
EHZko antolaketan Amikuzeko gazte anitz inplikatu ziren iaztik festibala pentsatzeko. Horrek lagundu zuen Arberatzeko eta Amikuzeko biztanleekin harremana sortzen. Uste dut lortu genuela aski fite hango jendearekin konektatzen, sustut teknikoki baitezpadakoak ziren erronka batzuk aipatzeko. Iaz, herritarrek rol handia izan zuten festibal denboran, batez ere muntaketan eta desmuntaketan. Festibala hurbiltzean, bi bilkura publiko antolatzen ditugu herritarrei festibala aurkezteko eta haiekin informazioa trukatzeko.
Fermin Muguruza izanen da ebiakoitz gauean. Horrelako kontzertuentzat nola egokitzen da teknika taldea?
Teknikoki, jende anitz sartzen ahal da pentzean, orduan, horren aldetik ez dut arrangurarik. Baina zenbat laguntzaile beharko diren aurreikustea zailagoa da, laguntzaile gehiago behar baita azken finean jende gehiagori aurre egiteko.
«Teknikoki, jende anitz sartzen ahal da pentzean, orduan, horren aldetik ez dut arrangurarik»
Materialari dagokionez, nola funtzionatzen duzue? Zer material alokatzen duzue, edo zer material prestatzen dizuete?
Elkarlanean antolatzen da EHZ. Orduan, materiala inguruko elkarteei eta enpresei eskatzen diegu, eta anitzek horrela laguntzen gaituzte. Barne antolaketari dagokionez, teknika taldeak komisio guzien beharrak errezibitzen ditu, eta horrekin, urtean zehar festibaleko materiala osatzen dugu usaiako partaideekin eta partaide berriekin. Muntaketa garaian teknika taldea antolatzen da behar duen materiala ukaiteko eta iristen dela segurtatzeko.
Prest zarete biharko?
Bai, lekua prest da, baita laguntzaileak ere. Uste dut aroa gure alde izanen dela, eta gogotsu gara hasteko!