Luteranismoaren ezlekuetan

Marta Garcia
2025eko abuztuaren 31
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

LEIPZIGEKO GEWANDHAUS ORKESTRA

Zuzendaria: Andris Nelsonspellentesque. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa). Egitaraua: F. Mendelssohnen 5. Sinfonia, op. 107 eta J. Brahmsen Requiem alemaniar bat. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 29a.

Arrakasta lortzeko elementuak bildu zituen Musika Hamabostaldiak bere azken egunerako: kutsu protestantedun programa sakona, orkestra zein bakarlari apartak eta hirian asko estimatzen den Donostiako Orfeoia. Herentzia protestante alemaniarra ospatzen du, hain zuzen, Felix Mendelssohnen 5. sinfoniak, lehen eta azken mugimenduan agertzen den Ein feste Burg ist unser Gott (Gaztelu sendoa da gure Jainkoa) koral luteranoaren inguruan eraikia. Berriro ere, Leipzigekoek hasieratik azaleratu zuten harien trinkotasuna, haizeen kolore ederra, metalen distira eta Nelsonsek dinamikak zentzuz marrazteko duen maisutasuna. Allegro vivace-aren fintasuna, Andante-aren baretasuna harien altzoan eta, azkenik, Allegro maestoso-an koralaren errepikapena txirulatik hasita: handitasun erlijiosoa eta energia sinfoniko erromantikoa bikain batu ziren.

Gewandhauseko orkestrak berak estreinatu zuen, 1869an, Johannes Brahmsen Requiem alemaniar bat obraren azken bertsioa. Mugarria izan zen, batez ere, ez delako requiem meza tradizional bat, bizi direnentzat kontsolazio gisa uler daitekeen obra baizik, latinezko egituratik urrunduz Brahmsek berak Itun Zahar eta Berritik aukeratutako testu alemanekin ondua. Hasierako oinazetik azken lasaitasunerantz doa musika, dogmatismo erlijiosorik gabeko itxaropena eskainiz. Christian Gerhaher eta Julia Kleiterrek, ahotserako errepertorio erromantikoan zein oratorio barrokoan trebatuak biak, orbangabe haragiztatu zuten requiem honen izaera aldi berean gizatiar eta espirituala. Bere Herr, lehre doch mich (Jauna, erakuts iezadazu) erreguaren eta aginduaren artean kokatu zuen baritonoak, eta sopranoak samur gidatu zuen ama-kontsolamendua Ihr habt nun Traurigkeit (Atsekabetuta zaudete orain). Erromantizismoaren obra koral hunkigarrienetako bat sortu zuen Brahmsek, gai musikalak espresibitate handiz zabaltzen dituena, betikotasunera hurbildu nahiko balu bezala, denbora eta nekeak desagertzen omen diren ezlekura. Erdibidean gaude oraindik: ez zeru, ez lur, ez neke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.