Lutxo Egiak irabazi du Cafe Bar Bilbao Antzerki Gidoi Laburren saria

'Hamalau' lanarekin nagusitu da idazlea, euskarazko atalean. Iñigo Cobok jaso du gaztelaniazkoa. Bigarren aldiz jaso dute biek saria

Iñigo Cobo, Mikel Martinez eta Lutxo Egia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hogei urte bete ditu aurten Cafe Bar Bilbao Antzerki Gidoi Laburren sariketak, eta urteurren borobil hori «espero gabe» heldu dela kontatu du Mikel Martinez aktore eta antolatzaileak: «Maitasunez hartu nuen proiektua, ez nuen pentsatzen hogei urte betetzera igaroko ginenik ere, baina oso pozik nago». Lehenengo aldiko helburu berari tiraka jarraitzen du sariketak: «Gidoia da antzerkiaren gauzarik garrantzitsuena». Produkzio horri bultzada emateko egiten dute urtero-urtero antzerki laburren lehiaketa Tartean Teatro konpainiak eta Bilboko Cafe Bar Bilbao tabernak. Guztira, hemezortzi gidoi jaso dituzte aurten; zortzi euskaraz, eta hamar gaztelaniaz. Lan guztiak «kalitate onekoak» izan direla nabarmendu du Martinezek, eta aukeraketa «zaila» izan dela kontatu du. Azkenean, baina, Lutxo Egiak jaso du euskarazko saria, Hamalau lanarekin. Gaztelerazkoa Iñigo Cobok irabazi du, Canciones tristes para gente alegre lanari esker.

Eraikin bateko hamalaugarren solairuan dago kokatuta Hamalau antzezlana. Notario bat da protagonista, eta bere buruaz beste egitera doan bezero baten zain dago. «Ez da notario baten ohiko lana, baina dena baldintza egokietan egiten ari dela ziurtatzera joan da», argitu du Egiak. Hala ere, suizidioa ez da izango obraren gai nagusia: «Gizonaren alde autosuntsitzailea erakustea da asmoa». Gatazka «berehala» piztuko dela aurreratu du egileak, eta umorea izango dela nagusi: «Asko du absurdotik».

Gaztelaniazko atalean nagusitu den lanean, berriz, duela 30 urte bikote izandako bi lagun nola elkartzen diren kontatu du Cobok, eta bizitzari buruzko hausnarketa bat egingo du antzezlanak. «Bakoitzaren arrakastak eta porrotak onartzen saiatuko dira», azaldu du egileak.

Bigarrenez irabazle

Sariketa ez da berria ez Egiarentzat, ez eta Coborentzat ere. Bigarren aldiz irabazi dute Cafe Bar Bilbao saria bi egileek: 2017an nagusitu zen Egia, Identitarteak lanarekin; eta 2018an, berriz, Cobo, Oaxaca en dos lanarekin.

Zortziehun euro jasoko ditu egileetako bakoitzak sari gisa, eta bi gidoi irabazle horien irakurketa dramatizatua eszenaratuko dute Bilboko Lautan Hiru jaialdian, Tartean Teatro konpainiaren laguntzarekin. Horrez gainera, Bilboko Pabiloi 6 aretoko Antzerki Arineko Jardunaldietan parte hartzeko ekoizpenerako laguntza jasoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.