Badira sei urte OE Bulegoak Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostia-ri omenaldia egiteko Batura Zikloa antolatzen duela, eta horren barruan, euskal musikaren erreferente handienetako bat izandakoa haren garaiko ganbera-musika tradizioarekin elkarrizketan jartzea izan du asmoetako bat. Aurten, gainera, bi efemerideri heldu die OE Bulegoak, Aita Donostia duela 70 urte zendu baitzen, eta duela 140 jaio, Donostian. Hala, zikloko errezitaletan Aita Donostiaren beraren zein Euskal Herriko eta atzerriko beste hainbat konpositoreren obrak entzuteko aukera dago, nazioartean bide oparoa egin duten bakarlarien eskutik.
Asteartean, Alexandre da Costa biolin jotzaile kanadarra eta zikloaren zuzendari artistikoa ere baden Josu Okiñena pianista batu ziren bizitasun handiko programa eskaintzeko, baita azalpen atseginez egin ere. Tomaso Antonio Vitali konpositore italiarraren Txakona ezagunak ireki zuen emanaldia, partiturak aurkezten dituen modulazio-berritasunak direla-eta, barrokoa ote den zalantzan jarri den arren. Edonola ere, argi dago dramatismo handiko pieza dela, eta Da Costak aukera izan zuen bere soinu bete eta sakona hasieratik agerian jartzeko. Eta kontzertuan zehar, hain zuzen, norabide garbiak, fraseatze luzeak, lirismo sotila eta dinamika neurtuak gailendu ziren, tarteka eztanda txikiei ere bidea irekiz.
Kontrastez eta sen onez eraiki zituzten Txaikovskiren Serenata malenkoniatsua eta Johannes Brahmsen Sonatensatz, indarra eta barnatasuna biltzen dituzten obrak. Erritmo bizi eta doitasun finaz ekarri zituzten Pablo Sarasateren Playera eta Isaac Albenizen Tango, biak ala biak folklorean errotuta, Aita Donostiaren Biolin eta pianorako bi erromantza ederrak bezalaxe, biak ere melodia herrikoien samurtasunak bildutakoak. Eta bikain landutako harribitxiak suertatu ziren Jesus Guridiren Abestia eta Inprobisazioa, ez baitago, antza, haien soinu erregistrorik, eta oso gutxitan interpretatzen dira. Kontzertuaren amaieran iruditeria komertziala ere ekarri zuten Edith Piaf eta Leonard Cohenen bertsioekin. Musika-sorta zabala eta jardun fina, errezitalak luzimendurako baitira.
6. BATURA ZIKLOA