‘The Tiger Lillies in a Macbeth Song’
Daitort: kritika hau sinatuko duenari The Tiger Lillies taldeak bahitu dio bihotza. Ez nuen 1989. urtean Londresen sortutako musika talde hori ezagutzen eta horra hor haien musika —eta estetika— zuei gomendatzeko moduan utzi nautela. Oriol Broggik, Kataluniako La Perla 29 taldeko zuzendari eta sortzaileak aliatu ezin hobeak aurkitu ditu Macbeth-en bere bertsiorako, non, zuzeneko kontzertua eta antzezpena nahasten diren.Â
Musikarien hirukotean protagonismo berezia du Martyn Jacques abeslari eta partitura ederraren sortzaileak. The Tiger Lilliesek eszenatokian duen kokapenak —atzeko aldean eta pixka bat goian— libre uzten du taulen aurreko erdialdea aktoreen antzezpenerako. Disposizio horrekin hasi zitzaidan niri begirada fokalizatzen eta Martyn Jacquesengan begiak iltzatzen. Haren solo batekin hasi zen emanaldia, eta hasiera horretatik bertatik, haren interpretazioak liluratuta utzi gintuen. Aktoreak agertu zirenean, berriz, muntaketa bi hautu estetiko ezberdinen gainean eraikia zela ulertu nuen. Eta Macbeth lan hau ikusteko manera erdibitzen hasi zitzaidan.Â
The Tiger Lilliesen musika dark cabaret gisa definitu dute hainbatek; gainera, kideek badaukate clown beldurgarrien itxura, izan jantziengatik, izan makillajeagatik. Martyn Jacquesek, esate baterako, aurpegia pintatuta dauka, eta Joker nahiz Edward Scissorhanden karakterizazioen oihartzunak ditu. Esan behar da gotikoaren, aro viktoriarraren eta garaikidearen arteko nahasketa hori bihurtu dutela taldearen ezaugarri kontzertuetan. Antzezleak, aitzitik, arropa eta makillaje naturalista erabiliz, oso ondo zuzenduta dagoen antzezpen klasikotik abiatzen dira muntaketan. Horregatik, arestian aitortu dut Broggiren Macbeth honi buruzko pertzepzioa erdibitu egin zitzaidala, eta bi planotan ikusten hasi nintzela, formalki bi estiloko muntaketa balitz bezala. Eta hor buruak klask egiten zidan.
Bestalde, azpimarratzekoak dira soinu bandak lortutako atmosfera eta argien erabilpena —betiere giro iluna lortze aldera—, eta bideoen proiekzioak. Azken horiek eklektizismoa izan dute gidari: Walt Disneyren The Skeleton Dance (1929) famatuaren irudiak ikusi ditugu, baina baita antzezleen zuzeneko beste hainbat plano, paisaiak, film zatiak eta irudi arkitektonikoak ere. Nire ustez, bi plano ezberdin horien arteko elementu bateratzaileak izan zitezkeen proiekzio horiek baina, niri, batzuetan nahasiak suertatu zaizkit.Â
La Perla 29ren Macbeth ingelesez da, gainera. Ingelesez kantak, ingelesez elkarrizketak. Horrek azpidatziak eskatzen ditu (Gaiarrekoan, gaztelaniaz soilik), baina beste faktore bat egon da hizkuntzen harira. Karaoke-kabaret batean egon izan bagina bezala, abestien eta solasaldien letrak ere proiektatu dituzte tamaina ezberdinetan, eta nire ustez, eszenako irudi orokorra zirriborratu eta zikindu dute.Â
Bukaeran asko dira txaloka altxatu diren ikusleak. Biziki eskertu dute emanaldia.Â