Maddalen Arzallus nagusitu da Xilabako lehen faseko azken saioan

Ligiko saioan puntu gehien bildurik, zuzenean sailkatu da bigarren faserako, eta Aiherran kantatuko du. Irantzu Idoate izan da bigarren, eta Irati Alcantarilla hirugarren. Horrenbertzez, bigarren faseko saioak finkatu dira.

Maddalen Arzallus kantuan, atzo, Ligiko saioan. GUILLAUME FAUVEAU
Maddalen Arzallus kantuan, atzo, Ligiko saioan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko abenduaren 1a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xilabako lehen faseko azken saioa Ligiko herriko gelan (Zuberoa) izan da, eta sei bertsolari aritu dira kantuan. Maddalen Arzallusek bildu du puntu gehien, 357 orotara, eta, beraz, zuzenean sailkatu da txapelketaren bigarren faserako. Aiherran kantatuko du, abenduaren 6an, hots, heldu den ebiakoitzean.

Irantzu Idoate gelditu da bigarren, 329 puntu eskuraturik, eta Irati Alcantarilla hirugarren, 324,5 puntu lorturik. Bittor Thikoipe (298,5 puntu), Pettan Prebende (292,5 puntu) eta Beñat Larrori (291 puntu) sailkatu dira ondotik.

Oihana Larrandaburu Goñi aritu da gai emaile.

Bigarren fasea, finkatua

Heldu den ebiakoitzean hasiko da Xilabako bigarren fasea, Aiherrako Denen Etxean (Nafarroa Beherea). Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Patxi Iriart, Irati Alcantarilla, Karlos Aizpurua eta Josu Txoperena ariko dira kantuan.

Abenduaren 13an, berriz, Miren Artetxe, Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Mizel Mateo, Oier Urreizti eta Bittor Thikoipe ariko dira bertsotan, Muskildin (Zuberoa). Bigarren faseko azken saioan, abenduaren 21ean, Ramuntxo Christy, Aitor Servier, Irantzu Idoate, Nahia Sasco, Johaine Sarraillet eta Joanes Etxebarria oholtzaratuko dira, Hiriburun (Lapurdi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.