Bertsolaritza

Maddi Ane Txoperena gailendu da Bidarten

340 puntu lortu ditu Txoperenak Xilabako lehen saioan. Haren atzetik Elixabete Etxandi eta Aitor Servier gelditu dira, bakoitzak 338 puntu jasota.

Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilabako Bidarteko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
Maddi Ane Txoperenak irabazi du Xilabako Bidarteko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko azaroaren 8a
20:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidarteko Beheria antzokiak hartu du Xilaba txapelketaren lehen saioa, eta Maddi Ane Txoperena izan da garaile, 340 puntu erdietsita. Bi punturen aldea atera die hurrengo biei: Elixabete Etxandik eta Aitor Servierrek 338na puntu lortu dituzte. Haiekin batera, Nahia Sasco, Karlos Aizpurua eta Oier Urreizti aritu dira; 311.5, 310.5 eta 309.5 puntu lortu dituzte, hurrenez hurren. Xalbat Alzugarai BERRIAko kazetaria aritu da bertso emaile.

Txoperena zuzenean sailkatu da bigarren faserako; hain zuzen, abenduaren 6an Aiherran (Nafarroa Beherea)  jokatuko den saiorako. Beste bertsolariek, berriz, lehen fase osoa amaitu arte itxaron beharko dute sailkatu ote diren jakiteko. Hurrengo saioa datorren larunbatean izango da, hilak 15, Domintxainen (Zuberoa); herriko gelan izango da, 17:00etan, eta Haira Aizpurua, Miren Artetxe, Xermin Clamblong, Joanes Etxebarria, Haize Lekuona eta Josu Txoperena arituko dira kantuan, Amaiur Lujanbio Agirreren gidaritzapean.

Beste bi saio ere egingo dira Xilabako lehen fasea osatzeko: azaroaren 22an Ainhoan (Lapurdi) eta azaroaren 30ean Ligin (Zuberoa). Xilaban parte hartuko duten 24 bertsolarien artetik 18 igaroko dira bigarren fasera.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; egunean bertan ere salduko dira leihatilan, 16:00etatik aitzina, baldin eta Internetez bukatu ez badira. Bertsularien Lagunak elkarteak antolatzen du Xilaba.

SAILKAPENA

  • Maddi Ane Txoperena. 340 puntu
  • Elixabete Etxandi. 338 puntu
  • Aitor Servier. 338 puntu
  • Nahia Sasco. 311,5 puntu
  • Karlos Aizpurua. 310,5 puntu
  • Oier Urreizti. 309,5 puntu

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.