2021eko Xilaba abiatu da Makean (Lapurdi), larunbata honetan, 17:00etan. Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdiko bertso txapelketako lehen kanporaketa honetatik Maddi Ane Txoperena Iribarrenek lortu du sei bertsolarietatik puntu gehien: 422,5.
Berez, Johaine Sarraillet aritu beharra bazen ere Txoperenak ordeztu du gaurkoan.
Irati Alcantarillak du bigarren lekua hartu, 396,5 punturekin; Gillen Hiribarrenek hirugarrena, 390 punturekin; Karlos Aizpurua Etxartek laugarrena, 388,5 punturekin, Mizel Mateok bortzgarrena, 370 punturekin; eta Oier Urreiztik seigarrena, 369,5 punturekin.
Laurogei bat lagun bildu da saioaren behatzeko, "giro zinez ona" egon dela azpimarratu du Ortzi Idoate antolatzaileak. Amaia Castorene aritu da aurkezle lanetan.
Iazko Xilaba bertso txapelketa abiatu bazen ere, COVID-19ak erdiz erdi eten zuen. Itzuli da aurten, iazko ber helburuak betetzeko. Bi urtez taldeka aritu ondoren, iaz bezala, aurten ere, 24 bertsolariak bakarka lehiatuko dira.
Sustrai Colina eta Amets Arzallusek jadanik badute tokia heldu den urtean ospatuko den Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusirako. Hala ere, Arzallusek parte hartuko du Xilaban. Bi hauez gain, Xilabako bertze hiru bertsolarik kausituko dute Bertso Txapelketa Nagusirako sarbidea.