Madrilek 40 milioi euro jarriko ditu Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko

Espainiako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru saila emateko ituna sinatu dute. Diputazioaren arabera, «ingurumen jarduerak» museoa hedatzeko proiektuaren «funtsezko parte» dira

Muruetako ontziola, Laidatik ikusita; han eraiki nahi dute Urdaibaiko Guggenheimen eraikinetako bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak 40 milioi euroko diru laguntza emango du, Urdaibaiko estuarioan (Bizkaia) «garapen iraunkorreko jarduera bereziak bultzatzeko» ekintzetarako. Ekintza horien artean dago biosfera erreserba horretan Guggenheim museoaren beste egoitza bat egiteko proiektua. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuten diru sail hori emateko hitzarmena. Orain, Bizkaiko Batzar Nagusiek akordio hori berretsi beharko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, akordioaren helburua da «Urdaibaiko biosfera erreserba naturalaren inguruko natur balioak indartzea, eta, antzinako industria kokalekuen ordez, ingurumena errespetatzen duten eta ingurumena integratzen duten guneak ezartzea».

Bizkaiko Diputazioaren arabera, «ingurumen jarduerak Urdaibaiko Guggenheim museoaren hedapenaren funtsezko parte dira, eta, besteak beste, 63.570 metro koadrotik gorako lurzorua deskontaminatzea, Muruetako itsasadarraren fluxu naturala lehengoratzea eta espazioak birnaturalizatzea ekarriko dute». Gernika-Lumoko eta Muruetako lurretan eraiki nahi dute museoa.

Orain dela aste batzuk, New Yorkeko arkitektura estudio batek azterketa bat aurkeztu zuen Guggenheim museoa Muruetako ontziolara eta Gernika-Lumoko Dalia enpresara zabaltzeak ekarriko lukeen kostuaren gainean. Haren arabera, Guggenheimen hedatzea 128 milioi euro inguru kostatuko litzateke.

Espainiako Gobernuak diru laguntza eman arren, ez da sartuko Guggenheim kudeatzen duen fundazioan, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Solomon Guggenheim fundazioak osatzen duten.

Bizkaiko Foru Aldundiak bere aurrekontuko 40 milioi euro gordeak ditu jada Urdaibaiko Guggenheimenen proiekturako, eta, Espainiako Gobernuaren ekarpena lotuta, Eusko Jaurlaritzak proiekturako beste diru sail bat onartzea faltako da.

Proiektua zehaztu ahala

Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ez du zehaztasunik eman bere diru ekarpenari buruz, eta atzo ere ez zuen kopururik jakinarazi Bingen Zupiria bozeramaileak, akordioaren inguruan mintzatu zenean. Haren hitzetan, Urdaibaiko proiektuaren «definizioa zehaztu ahala» hartuko lituzke Jaurlaritzak «dagozkion konpromisoak», betiere bere eskumenen arabera. Edozein modutan, egitasmoaren garrantzia nabarmendu zuen. «Eusko Jaurlaritzak beti pentsatu izan du Urdaibaiko Guggenheimen pareko proiektu batek ekarpen positiboa egin diezaiokeela eskualdeari, hartu beharreko beste neurri batzuekin batera».

Espainiako Kongresuan EAJko eledun Aitor Esteban ere gustura agertu zen itunarekin, uste baitu egitasmoa «mugarri bat» izango dela eskualdearentzat, ingurumenari, kulturari eta ekonomiari dagokienez. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak 15 milioi euroko diru saila jaso zuen hasieran bere aurrekontuetan, eta, horren harira, zuzenketa bat gehitzea negoziatu zuen haren taldeak. Horregatik, «pozgarritzat» jo zuen ituna Estebanek, «urte askoko lanaren» fruitu delakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.