«Askotan gertatu zait liburu denda batera Maggie Nelsonen liburuak bilatzera joan eta komeriak izatea, dendakoek ere ez dakitelako liburuok Narratiban edo Saiakeran dauden». Eta seguraski Ibon Egaña itzultzaileari anekdota bera errepikatuko zaio itzuli berri duen Nelsonen Argonautak liburuarekin ere, ez baita genero literario bakarreko liburua: autobiografia, nobela, teoria, saiakera... Baina zergatik kategorizatu liburu bat genero literario bakarrean? Eta, ildo beretik, zergatik sailkatu pertsona bat genero batean edo bestean? Nelsonek kritika egiten dio binarismoari, gizon edo emakume izan beharrari, pentsamendua eta gorputza bereizteari, eta kritika horren emaitza da Katakrakek argitaratu berri duen liburua, kategorizatzen zaila den arren, «edukiaren eta formaren arteko koherentzian» onduta dagoena. Nelson euskarara ekartzen den lehen aldia da, baita Egañak itzuli duen aurreneko liburua ere. Berak idatzi du hitzaurrea eta Kay Subijanak hitzatzea.
«Liburu honetan gertatzen da ez dagoela bereizterik gorputza, esperientzia eta pentsamendua. Hirurak daude elkarrekin josita», azaldu du Egañak. Nitasuna da abiapuntua, baina «ni hori beti dago besteekin harremanetan». Eta liburuan presente dagoen harremanetako bat da Nelsonek bere bikotekide Harry Dodge eskultore, idazle eta bideogilearekin duena. Elkarren arteko elkarrizketak azaltzen dira, eta itzultzaileak azaldu duenez, liburua bien arteko maitasun istorioari buruzkoa da funtsean: «Desira eta identitatea denborarekin nola eraldatzen diren azaltzen du liburuak». Dodgen genero identitatea eta trans gisa egindako trantsizioa ere kontatzen ditu idazleak, eta ildo horretatik eraikitzen da Egañaren ustetan liburuaren ardatza dena: pentsamendu binarioari kritika. «Harryren [Dodge] bizitza markatzen duen esperientzia da ez gizon, ez emakume izatearena, baina binarismoaren auzia gorputzetik haratago eramaten du liburuak; edukiari eragiten dio, baita formari ere».
«Harryren [Dodge] bizitza markatzen duen esperientzia da ez gizon, ez emakume izatearena, baina binarismoaren auzia gorputzetik haratago eramaten du liburuak; edukiari eragiten dio, baita formari ere»
IBON EGAÑA Itzultzailea
Aldi berean, Nelsonek hizpide ditu amatasuna, haurdunaldia, erditzea, bere amarekiko eta aitaordearekiko duen harremana, guraso orde izatearen esperientzia eta sexualitatea, besteak beste. Baina, betiere, idazlearen esperientzia pertsonaletik abiatzen da liburua, «intimoa eta pertsonala» den hori publiko egitea interesatzen baitzaio. Hala azaldu du Egañak: «Nelsonek sinesten du norberak bere ikuspuntua eta bere esperientzia partekatzeak balioa duela bere horretan». Idazleak, horri esker, «irudimen kritikoa eta sortzailea» aktibatzea du helburu. Hala, adibidez, bere haurdunaldi propiotik amatasunari begiratzeko beste proposamen bat egiten du. Itzultzaileak liburuan azaltzen diren gogoeta batzuk aipatu ditu: «Posible da ama izan eta sexualitate propioari edo norberaren perbertsioei uko ez egitea? Non hasten eta amaitzen da amaren ni-a?».
Kontraesanak kontraesan
Dena den, liburuak norberaren esperientziaren eta teoriaren arteko loturak esploratzen baditu ere, ez du perfekziorako biderik proposatzen, ezta, Egañak esan bezala, «bizitza teoriaren adibide» izan dadin ere. Kontrara: sortzen diren kontraesanak, galderak eta elkarrizketak dira idazleari interesatzen zaizkionak. Esaterako, normatibitatearen eta transgresioaren arteko tentsioan murgiltzen da; baita integrazioaren eta iraultzaren arteko tentsioan ere. Egañak azaldu du: «Zenbateraino izan daitezke apurtzaileak queer identitateak edo sexu praktikak? Ezkontzak kasu guztietan esan nahi du normatibitateari men egitea? Gurasotasuna familia queer batean zenbateraino dago lotuta asimilazioarekin eta zenbateraino da berritzailea edo apurtzailea?».
«Zenbateraino izan daitezke apurtzaileak queer identitateak edo sexu praktikak? Ezkontzak kasu guztietan esan nahi du normatibitateari men egitea? Gurasotasuna familia queer batean zenbateraino dago lotuta asimilazioarekin eta zenbateraino da berritzailea edo apurtzailea?»
IBON EGAÑA Idazlea
Bestetik, queer mugimenduak ohikoa izan duenez, Nelsonek ere hizkuntzaren filosofiaz hitz egiten du. Hain zuzen, Egañak azaldu du identitateaz edo generoaz hausnartzeak lengoaiaren inguruan hausnartzea dakarrela: «Trans izateak edo gizon izateak benetan izendatzen al du zer garen? Islatzen al du gure bizi esperientzia? Zer uzten du kanpoan?». Eta liburuaren Argonauta izenburuak ere zerikusia du hizkuntzaren teoria horrekin. Zehazki, Greziako mitologiako Argo ontziaren istorioa kontatzen duen Roland Barthesen aipu batetik dator. Kondairak dio argonautek Argo ontziaren piezak aldatzen bazituzten ere, ontziak izen bera eduki zuela etengabe. «Horixe esan nahi zuen Nelsonek: hitzek izendatzen dute, baina izendatzen dugun aldiro zerbait diferentea esaten ari gara», azaldu du Egañak.
Bestelako aipuak ere ageri dira liburuan, eta, hain zuzen, orri bazterretan agertzen dira aipu bakoitzaren egileen izenak. «Argibide gisa funtziona dezakeen elementu bat da. Elementu ludiko bat, liburuaren izaerari buruz asko esaten diguna», aipatu du Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak. Eta zera nabarmendu du gainera: «Nahiko genuke —liburuak merezi duelako—, liburu honek hertsiki lantzen dituen gai, subjektibitate eta gorputz horietatik aparte, jende gehiago deituko balu. Ze liburu honetan oso funtsezko galderei erantzuten zaie: nor den norbera, nola dagoen, nolako harremanak dituen, zer den besteekiko, besteak zer diren norberarekiko... Sofistikatua eta irisgarria da aldi berean». Finean, sare baten forma ematen dio Egañak liburuari; sarea zabaldu, eta gauza bat eta beste jasotzen dituen «artefaktu berri» baten forma. Nelsonen ideia bat azpimarratu du: «Bizitza bat ezin da sailkatu kajoi batean edo bestean, bizitzak ñabardura gehiago ditu».