«Idazketarik onena modu inkontzientean iristen da, zeure buruarentzat idazten duzunean». Horixe uste du Maggie O'Farrell idazleak (Coleraine, Ipar Irlanda, 1972). 11 urte zituela hasi zen egunerokoan gertatutakoak eta bestelako gogoetak koaderno batean jasotzen, eta, geroztik, ez da geratu. Orotara hamar lan argitaratu ditu, guztiak sona aipagarria lortu dutenak, baina 2020an plazaratutako batek jarri du batez ere fokupean: Hamnet-ek. William Shakespeare dramaturgoaren semearen heriotzaren ingurukoa da eleberria. O'Farrellek berak Chloe Zhao zuzendariarekin batera moldatu zuen izen bereko filmerako gidoia —urtarrilean estreinatu zuten—, eta aurrez nobelak sari ugari lortu zituen bezala, hala jaso ditu filmak ere orain.
O'Farrellen lanak, hala ere, denbora darama zeresana pizten literatur munduan. 2000. urtean kaleratu zuen bere lehen liburua: After You'd Gone (Zu joan ondoren). Bere buruaz beste egiten saiatu ondoren koman geratzen den emakume bat du protagonista. Commonwealth nazioarteko erakundeak ematen duen Betty Trask saria lortu zuen liburu horri esker, eta jada nazioartean indarra hartzen hasi zen idazlea.
Ipar Irlandan jaio bazen ere, Galesen eta Eskozian hazi zen idazlea. Haurtzaroa Irlandatik kanpo pasatuta, makina bat iruzkin jaso zituen bere jatorriaren inguruan, bai ikaskideen eta bai irakasleen aldetik. «Nire izena letraz letra esan behar nuen, eta irakasle batek esan zidan: 'Zure familia IRAkoa da?'. Hori 12 urteko haur bati esan zion, denen aurrean». 8 urte baino ez zituela, entzefalitisa izan zuen, eta urtebetez eskolara joan gabe egon zen. Etxetik irten ezin zenez, liburuetan topatu zuen babesa, eta, haren esanetan, bizitzako aldi horrek piztu zion gaur egun literaturarekiko duen zaletasuna.
Heriotza gertutik
Idazle izan aurretik kazetari lanak egin zituen O'Farrellek. Berriemaile izan zen Hong Kongen, esaterako, eta The Independent egunkariko gehigarri baten editore izan zen aldi batez, baina, lehen eleberria idatzi ostean, kazetaritza uztea erabaki zuen.
Iraganera jo zalea da O'Farrell: hala iragan propiora nola iragan historikora. The Distance Between Us (2004, Bion arteko distantzia) liburuan, esaterako, entzefalitis batek jota gaixo egon zen garaiari buruz hitz egin zuen. The Guardian egunkarirako idatzitako artikulu batek eman zion liburua idazteko nolabaiteko akuilua. Bertan, entzefalitisak, urteak igarota ere, gorputzean utzitako ondorioak azaldu zituen; giharretan eta nerbioetan, esaterako.
Artikulu hura idatzi eta hamar urte baino gehiago igaro zirenean, 2017an, erabaki zuen autobiografiara ere jotzea, I Am, I Am, I Am: Seventeen Brushes with Death lanarekin (Ni naiz, ni naiz, ni naiz: hamazazpi gertuko enkontru heriotzarekin). Bizitzan zehar hiltzeko zorian egon den hamazazpi aldiak kontatzen ditu idazleak lan horretan. Adibidez: Hong Kongera bidean hegazkinean zihoala, hegazkina, bat-batean, segundo batzuez erori zenekoa; bi gizon autoa lapurtzen saiatu zirenekoa, bera eta bere haurra barruan zirela; itsasora salto egin, eta istripu bat izan zuenekoa... Idazleak azaldu zuenez, «heriotzatik gertuko esperientzia» horiek izateak «nolabaiteko intimitatea» eman zioten heriotzarekin. Den den, «bizitzaren eta bizirik irautearen aldeko aldarria» egin nahi izan zuen, liburuan heriotza oso presente egonda ere.
Biografoen «misterioa»
Baina, zalantzarik gabe, Hamnet lanak eman dio O'Farrelli orain arteko oihartzunik handiena. William Shakespeareren eta Agnes Hathawayren —ezkongabe zeneko abizena— semearen izena da Hamnet; 1596an hil zen, izurriak jota, 11 urte baino ez zituela. Shakespeareren familiaren inguruan ezer gutxi idatzi izan dute biografoek, dramaturgoak Londresen izan zuen bizimoduari erreparatu baitiote batez ere —han hasi zuen ibilbide profesionala—. O'Farrellek 16 urte zituela izan zuen Shakespeareren berri, institutuko literatura klaseetan Hamlet lantzen hasi zirenean.
«Pertsona misteriotsua da Shakespeare. Biograforik onenek ere ez dute lortu haren biografia osorik idaztea»
MAGGIE O'FARRELL Idazlea
Kontatu izan duenez, orduantxe piztu zitzaion jakin-mina idazleari. Halere, ez zion dramaturgoaren bizitzari askorik erreparatu 2014ra arte. Orduan jakin zuen haren semeak Hamnet izena izan zuela, eta dramaturgoak Hamlet antzezlana estreinatu baino lehenago hil zela —hortik antzezlanaren izenburua—. «Shakespearek bere lanik entzutetsuenari seme hilaren izen antzekoa jartzeak zera esan nahi du: dolu prozesua egin duen aita bat dela», azaldu zuen O'Farrellek eleberria aurkeztu zuen ekitaldian. Shakespeareren inguruan, berriz, zera esan izan du: «Pertsona misteriotsua da Shakespeare. Biograforik onenek ere ez dute lortu haren biografia osorik idaztea».
Hain zuzen, Hamneten bizitza aldarrikatzea izan da idazlearen helburua, bai eta haren familia osoarena ere —Shakespeareren emaztearena eta bi alabena—. Hamnet liburua zabaldu orduko, irakurleak badaki zer gertatuko den, idazleak segituan ematen baitu testuingurua. Hala ere, kontatzeko eran dago liburuaren indargunerik aipagarriena; O'Farrellen prosan eta XVI. mendeko giroa zein zen azaltzeko erabiltzen dituen deskribapen andanetan: usainak, paisaiak, pertsonaiak... Bitxikeria gisa, liburu osoan ez da William Shakespeareren ez izen, ez abizenik ageri, egileak familiari eta inguruko pertsonei eman nahi izan dien garrantziaren seinale.
Italia eta Irlanda
The Marriage Portrait (2022, Ezkontza erretratua) da O'Farrellen gaur arteko lanik berriena. XVI. mendeko Italian girotuta dago istorioa, Florentzian zehazki, eta Lukrezia Medici du protagonista. Haren ahizpa zaharrena hil ostean, Alfontso II.a Estekoarekin ezkontzera behartu dute, ahizpa baitzen harekin ezkontzekoa. 15 urte dituela ezkondu behar da Lukrezia; bat-batean, etxez aldatu beharko du, eta ezagutzen ez duen gizon batekin bizi.
Idazleak laster gehituko dio liburu berri bat bere lanen zerrendari. Land (Lurra) kaleratuko du ekainean, ingelesez. Haren arbaso batek Irlandako lehen mapetako bat egiten lagundu zuela jakitean otu zitzaion nobela idazteko ideia. XIX. mendeko Irlandan garatzen da kontakizuna, eta aita-seme kartografo batzuen istorioa kontatzen du. Historia eta misterioa uztartuko ditu, egilearen hitzetan.