Zinema estreinaldiak

Shakespeareren atzean zegoen emakumea

William Shakespearek eta haren emazte Agnesek semea hil ostean bizi izandakoa jasotzen du 'Hamnet' filmak. Maggie O’Farrellek idatzitako liburu batean oinarrituta dago.

'Hamnet' filma. BERRIA
'Hamnet' filma. BERRIA
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urtarrilaren 21a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezaguna da William Shakespeare dramaturgoa, baina, kontrara, gutxik ezagutzen dute haren emazte izan zena, Agnes Shakespeare. Agnes Hathaway —horixe zuen ezkongabe zeneko abizena— Ingalaterrako Stratford herrian bizi zen gaztetan. Sendabelarrekin aritzen zen Hathaway, jendearen gaixotasunak sendatzeko asmoz. Halako batean William Shakespeare izeneko latin irakaslea ezagutu, eta harekin ezkondu zen.

Makina bat joan-etorri izan zituen bikotearen harremanak; Shakespearek bolada luzeak igarotzen zituen Londresen, emaztea herrian bakarrik utzita. Hori gutxi ez, eta haien seme-alaba bikiak, Judith eta Hamnet, izurriak jo zituen. Jutdithek lortu zuen osatzea, baina Hamnet hil egin zen, 11 urte besterik ez zuela. Familiak haurraren heriotzari aurre egin behar izan zion.

Horixe da Hamnet filmaren abiapuntua. Paul Mescalek jokatzen du Shakespeareren rola, eta Jessie Buckleyk haren emaztearena. Chloe Zhaok zuzendu du filma, eta gidoia idatzi ere bai, Maggie O’Farrellekin batera. 

Filmaren izen bera duen liburuan oinarrituta dago pelikula. O’Farrellek berak idatzi zuen, 2020an. «Izugarri gogorra da liburu hau. Duela urte batzuetako ni-ari esango banio film honetan lanean arituko nintzela, ez luke sinetsiko», aipatu du Mescalek liburuaren inguruan. Eleberriaren egileak Agnes Shakespeareren figuran sakontzen du, Germaine Greer idazleak haren inguruan idatzitakotik tiraka. Liburuaren makina bat ale saldu dira, eta berrogei hizkuntzatara itzuli dute. The New York Times egunkariak 2020ko libururik onenen artean sailkatu zuen. 

Eszenatokian lehenago

Zinemetan ikusgai jarri baino lehen, ordea, eszenatoki gainean ikusi ahal izan zen Hamnet. Hain zuzen, Lolita Chakrabarti idazleak testua antzerkirako egokitu zuen 2023an, eta Royal Shakespeare Company arduratu zen eszenaratzeaz. Bestalde, Zhao eta O’Farrell 2024an hasi ziren elkarrekin lanean, filmerako gidoia idazten. Zahok ibilbide laburra duen arren, aipatzekoa da hark zuzendutako Nomadland filmak hainbat Oscar sari lortu zituela 2020an —zuzendaririk onenarena, filmik onenarena eta emakumezko aktorerik onenarena—.

Hamnet filma Tellurideko (Colorado, AEB) jaialdian ikusi zen estreinakoz. Orduz geroztik, makina bat sari lortu ditu zinema jaialdietan: Torontoko jaialdian publikoaren saria lortu zuen, eta, berriki, Urrezko Globoetan, film dramatikorik onenaren saria lortu zuen; sariketa horretan bertan, Jessie Buckleyri eman zioten emakumezko aktorerik onenaren saria.

'hamnet'

Zuzendaria: Chloe Zhao. Gidoia: Chloe Zhao, Maggie O’Farrell. Aktoreak: Paul Mescal, Jessie Buckley, Jacobi Jupe. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 125 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hegoaldean.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17688967153995) Arco
Arco filma. BERRIA

'ARCO'

Zuzendaria: Ugo Bienvenu. Gidoia: Ugo Bienvenu, Felix de Givry. Aktoreak: Oscar Tresanini, Alma Jodorowsky, Swann Arlaud, Margot Ringard Oldra, Vincent Macaigne. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 82 minutu.

2075. urtea da. Iris izeneko 10 urteko haur batek ostadar koloreko kapa bat daraman haur bat ikusiko du zerutik erortzen. Arco du izena, 2932. urtetik dator, eta iraganera egin du bidaia. Denboraren makina hondatu zaionez, ezin da etxera itzuli. Bitartean, Irisek, Arco etxean hartu, eta itzultzen lagunduko dio.

'diamanti'

Zuzendaria: Ferzan Ozpetek. Gidoia: Ferzan Ozpetek, Gianni Romoli. Aktoreak: Luisa Ranieri, Jasmine Trinca, Milena Vukotic, Vinicio Marchioni. Herrialdea: Italia. Iraupena: 129 minutu.

Zinema zuzendari batek berarekin lan egin duten emakumezko aktore guztiak bilduko ditu proiektu baterako. 1970eko hamarkadan Erroman girotutako film bat egin nahi du. Jostundegi bat izango da istorioaren ardatza, bi ahizpak gidatua. Emakumeek presentzia bereziki handia izango dute zuzendariaren lan berrian, eta gizonezkoek rol txikiagoak jokatuko dituzte.

'la virgen de la tosquera'

Zuzendaria: Laura Casabe. Gidoia: Benjamin Naishtat. Aktoreak: Dolores Oliveiro, Agustin Sosa, Isabel Bracamonte, Candela Flores, Luisa Merelas. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 96 minutu.

Buenos Airesen bizi diren hiru lagun min (Natalia, Mariela eta Josefina) mutil berberaz maiteminduta daude: Diego du izena. Baina Diegok beste neska bat du gustuko, eta ez die kasurik egiten hiru neskei. Horiek horrela, Nataliak bere amonarengana joko du, eta hark sorginkeriak eta magia beltza erabiliko ditu bilobari laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.