Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea da 2016tik Maialen Beloki (Donostia, 1983), eta funtsezko eginkizuna izan du jaialdiaren azken urteotako bilakaeran, bai nazioarteko posizionamenduan, bai urte osoko jardueraren garapenean. Testuinguru horretan, Z365 / Urte osoko Jaialdia eredua bultzatu du, talentu berrien garapenean, prestakuntza zinematografikoan eta zinemaren inguruko pentsamenduaren sorkuntzan oinarritutako ekimen estrategikoa. 2027ko urtarriletik aurrera, berriz, Donostiako Zinemaldiko zuzendari izango da.
Jose Luis Rebordinosek 2011. urtetik bete du zinema jaialdiko zuzendari lana. Eta iaz publikoki azaldu zuen aurtengoa izango zuela azken urtea. Erretiroa hartuko zuela, alegia. Lehiaketa publiko bidez egin dute zuzendari berriaren hautaketa, eta headhunting-en espezializatutako giza baliabideen arloko aholkularitza enpresa batek kudeatu du prozesua. Administrazio Kontseiluak —Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioa— aho batez hartu du erabakia. Datozen hilabeteetan, Rebordinosek bere erretiroa prestatuko du, eta lekukoa emateko prozesuan ariko da Belokiren alboan. Aurtengoa izango da, hortaz, Rebordinosen azkeneko Zinemaldia.
Beloki Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta Zinema Teoria, Analisi eta Dokumentazioan doktorea (cum laude) Euskal Herriko Unibertsitatean. Ibilbidean kultura kudeaketa, irakaskuntza eta ikerketa uztartu ditu. Elias Kerejeta Zine Eskolako Zuzendaritza Akademikoaren parte da, eta bertan irakasle ere bada; Mondragon Unibertsitatean ere aritu izan da irakasle Komunikazio ikasgaia ematen.
Lan ibilbidean, proiektu estrategikoetan ere parte hartu izan du, hala nola Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuan, eta jarduera nabarmena garatu du hizlari eta egile gisa zinema arloan.
Ezeiza sakon ikertu du
Halaber, ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko zenbait programa eta egitasmotan aritu izan da, ICAA eta halako erakundeekin lankidetzan.
Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez bikain moldatzen da Beloki. Euskal zinemari gertutik erreparatu izan dio urte luzez. Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea izan aurretik, jaialdiko Zinemira sailean ere egin zuen lan.
Antton Ezeiza zinemagilearen inguruan gehien ikertu dutenen artean da Beloki. Haren inguruko doktore tesia egiteaz gain, Antxon Eceiza. Vidas, tiempos, obras (Antxon Ezeiza. Bizitzak, garaiak, obrak) liburua eman zuen argitara 2022an. Lan horren inguruko elkarrizketa egin zion BERRIAk 2023ko otsailean. «Ulergaitza zait Ezeiza hain ezezaguna izatea», azaldu zuen orduko hartan.
Era berean, Euskal Herriko zinemagintzan emakumeen parte hartzea bultzatu du urteotan. Etzi.pm hedabide digitalean, zera adierazi zuen, 2018an: «Emakumeen inkorporazioa bultzatzen duen edozein egitasmok ongi etorria izan behar du. Datu fidagarriak falta zaizkigu, baina agerikoa da zinema jaialdietan askoz emakume zuzendari eta teknikari gutxiago daudela aukeratutako pelikuletan. Iruditzen zait ekarpena egin daitekeela erakunde publikoetatik». Hain zuzen ere, Beloki bera aritu zen beste batzuekin batera Noka programa martxan jartzen. Elkarrizketa berean Zinemaldiaren etorkizunaz honako ideia hau eman zuen: «Niri gustatuko litzaidake jaialdi sendoa bihurtzea bederatzi egunetan, baina baita urte osoan zehar ere. Formakuntza aldetik, talentuak laguntzen, programazioan… urte osoan garatzea gustatuko litzaidake». Horretan aritu da, hain zuzen ere, Z365 / Urte osoko Jaialdia bultzatzen. Horretarako, gainera, harreman eta sinergia sendoak eraiki ditu Tabakalera, Euskadiko Filmategia eta Elias Kerejeta Zine Eskolarekin.
Donostiako Zinemaldiko egunetan, makina bat aurkezpen eta solasalditan parte hartu du urteotan. Moderatzaile lanetan aritu izan denean, sentsibilitate berezia izan du euskaraz lanean ari diren profesionalekin. Izan ere, prentsa aretoetan jaialdiko egunetan gertatu izan da euskara mespretxatzen dituzten batzuen hitzak entzutea. Eta, halakoetan, Belokik argi azaldu die bertaratutakoei euskara bertako hizkuntza ere badela, eta itzulpen automatikoaren aukera badela beti prentsa areto nagusian.