Maiatzaren 6tik 11ra egingo da Gasteizko film laburren nazioarteko jaialdia

Hirugarren aldia du ICOFF jaialdiak. Ia 1.500 film aurkeztu dira, eta horietatik 46k parte hartuko dute lehiaketan. Arabako eta Euskal Herriko zinemagileentzat «erakusleiho zabala» izatea espero dute.

ICOFF jaialdiaren aurkezpena, Gasteizen. VITAL FUNDAZIOA
ICOFF jaialdiaren aurkezpena, Gasteizen. VITAL FUNDAZIOA
Maixa Utrera Puelles.
2024ko maiatzaren 2a
08:05
Entzun

Gasteizko Vital Fundazioak antolatuta, ICOFF film laburren nazioarteko jaialdiaren hirugarren aldia egingo dute maiatzaren 6tik 11ra, Gasteizen. Aurten 1.489 film labur aurkeztu dira lehiaketara —iaz baino %70 gehiago—, eta horien artean «onenak» aukeratu behar izan dituzte Sonia Pacios eta Kepa Sojo zinemagile, kultur eragile eta jaialdiaren zuzendariek. Hautaketa prozesu «neketsu» baten ondoren, aurtengo lehiaketan 46 film laburrek parte hartuko dute. Horietatik 30 Ofiziala kategorian lehiatuko dira, eta, hamasei, Eusko atala sailean. Kategoria bakoitzak epaimahai bana izango du sari ofizialak erabakitzeko, publikoarena izan ezik. Ofiziala saileko epaimahaia Pilar Sanchezek, Igor Legarretak eta Goize Blancok osatuko dute.

Bi sail horiez gain, Nazioartekoa saila ere egongo da. Jaialdiak «nazioartekotasunaren aldeko apustua» egin nahi du, Cannes, Berlin, Venezia eta beste hainbat jaialdi «handitan» parte hartu duten film laburrak Gasteizera eramateko. Horiek jaialdiaren azken egunean emango dituzte, maiatzaren 11n, 19:30ean.

Ofiziala eta Eusko atala sailetarako hautatutako filmak, ordea, maiatzaren 6tik 10era ikusi ahalko dira, eta 11n egingo da sari banaketa. Ofiziala sailekoak astelehenetik ostiralera erakutsiko dituzte, 19:30ean, eta, Eusko atala sailekoak, asteartetik ostiralera, 17:00etan. Emanaldien ostean solasaldiak egingo dituzte beren lanak aurkeztera joango diren sortzaileekin, eta, emanaldiak bezala, presentzialki zein online jarraitu ahal izango dira solasaldiak ere.

Iaz baino sari bat gehiago banatuko dute aurten. Izan ere, aurten interpretaziorik onena sarituko dute epaileek, eta iazko palmaresari gehituko zaio izendapena. Gainerako sariak ondorengoak izango dira: ICOFF Gasteiz sari nagusia, fikziorik onenarena, epaimahaiaren aipamen berezia, dokumentalik onenarena, animaziorik onenarena, Arabako film laburrik onenarena, euskal film laburrik onenarena, euskarazko film laburrik onenarena eta publikoaren saria. 

Tokiko eta euskarazko zinemari bultzada

Nazioarteko zinemari bere lekua eman arren, ICOFF jaialdiaren helburu nagusia Euskal Herriko eta Arabako zinemagileei bultzada ematea da. Eusko atala da horren adierazle nagusia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio edo bizi diren egileen lanak eta euskal enpresek ekoitzitakoak sarituko dituzte.

Ofiziala sailean 30 film labur lehiatuko dira, eta horien artean Arabako bost lan daude: Bea de Silvaren Hadas, Imanol Ortizen Jende, Ilune Diazen Talkak, David Perez Sañudoren El rey de la semana, eta Rubi Rocken Hado.

Bea de Silva, Rubi Rock eta Laura Gerrikaetxebarria zuzendari arabarrek parte hartu zuten jaialdiaren aurkezpen ekitaldian, eta Arabako eta Euskal Herriko zinemaren etorkizunaren inguruan baikor agertu ziren. «Madrilgo lankide eta lagunek beti esaten didate izugarriak direla Euskal Herrian zinema bultzatzeko ematen diren laguntzak», adierazi zuen Gerrikaetxebarriak, An inmortal weekend film laburraren zuzendariak. «Zinema sustatzen, hobetzen eta profesionalizatzen duten laguntzak dira, gainera. Eta ez hori bakarrik, bihotz erraldoia duen jendea dago hemen, beti laguntzeko prest dagoena», erantsi zuen Rubik.

«Madrilgo lankide eta lagunek beti esaten didate izugarriak direla Euskal Herrian zinema bultzatzeko ematen diren laguntzak».

LAURA GERRIKAETXEBARRIA'An inmortal weekend' film laburraren zuzendaria

Arabako Foru Aldundiak 250.000 euroko inbertsioa egingo du zinemaren sektorean, eta horrelako erabakiek Arabako zinemagileei bultzada ematen dietela azpimarratu zuen De Silvak: «Araba bultzada handia ematen ari zaie gure lanei. Baliabideak eta ikusgarritasuna ematen dizkigute, eta horrek Gasteizen lan egiteko gogoa sorrarazten du». Gasteizen film luze bat sortzeko asmoa du De Silvak, baina horri buruzko xehetasunik ez zuen eman agerraldian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.