Mailu kolpeka itzuli da Desgaraian, 'Izan litekeen guztia' sortzeko

Estudioko bigarren lana kaleratu du musika taldeak, soinu «soilekin» eta kolektibitatearen alde egiten duten hitz landuekin. Kontzertua dute gaur, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, eta bihar, Azpeitiko gaztetxean.

Desgaraian taldeko kideak eta Jose Lastra teknikaria, Tio Pete estudioan. DESGARAIAN
Desgaraian taldeko kideak eta Jose Lastra teknikaria, Tio Pete estudioan. DESGARAIAN
Odile Bourguignon Goñi
2026ko maiatzaren 21a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako egun baten estanpa izan liteke: lagun talde bat borobilean, batek gitarra eskuan, denak kantari eta enarak txorrotxioka. Horretarako aukera eskaintzen dute Desgaraian musika taldeko abestiek, sortzeko orduan irizpide bat izaten baitute buruan: «Defenda al daiteke kantu hori gitarra batekin eta ahotsarekin bakarrik?». Hala, pop estiloko zortzi abesti doi ondu dituzte argitaratu berri duten diskoan, eta, soinu leunez gain, badute beste berezitasun bat ere: hitzek garrantzi nabarmena dute. Izan litekeen guztia izena darama diskoak, eta, iradokitzen duen moduan, etorkizunean jartzen du begirada, «ezinezkoa» posible den etorkizun batean. Urdulizko (Bizkaia) Tio Pete estudioan grabatu dute, eta hasi dituzte aurkezpen kontzertuak: gaur Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean izango dira, 20:00etan —sarrerak eskuragarri daude—, eta, bihar, Azpeitiko (Gipuzkoa) gaztetxean, 22:30ean. Kontzertuetan diskoa erosi ahal izango da.

Desgaraian musika taldearen Enarak abestiaren bideoklipa. 


Lagun komunek eta giro politiko batek elkartu zituen taldekideak, baina arrazoi jakin batek nagusiki: kantuak sortzeko gogoak. Bakoitza herri eta musika talde desberdinetatik etorrita ere, pandemia bete-betean, Desgaraian taldea sortu zuten Jon Gurrutxagak (ahotsa), Markel Reparazek (gitarrak), Xabi Agirrezabalak (gitarrak), Ekain Alzolak (baxua eta koruak), Garikoitz Ortiz de Villalbak (teklak eta koruak) eta Peru Iparragirrek (bateria). 

Ezin zen bestela izan: taldea osatu, eta garaiari berari zuzendu zitzaizkion. Gauden aldian beren lehen diskoa kaleratu zuten 2023an, eta, «ikasketa prozesu» baten ondoren, bigarrena argitaratu berri dute: Izan litekeen guztia. Bataren eta bestearen artean garapen bat antzematen du Jon Gurrutxagak: «Pandemia garai ilun bat definitzen zuen Gauden aldian-ek; iluntasun horrek ez du alde egin, baina Izan litekeen guztia-rekin zulo horretatik ateratzeko indar bati egin nahi izan diogu keinu».

Hain zuzen ere, Mailu kolpeka abestiak adierazten du hori hobekien. Iluntasunetik abiatzen da: «Mamu bat dabil entzuten da/ hots, dei, oihartzun, urruneko [...] Gerra oihua ere entzun da/ dena dago beldurgarri». Baina kolektibitateari egiten dio deia: «Harunztu soa, luza urratsa/ hurbil sorbaldak elkarri». Eta, azkenik, esperantzari erreferentzia: «Ezinezkoa imajinatzen dut orain/ izan litekeen guztia/ ezinezkoa ezin zaio deitu orain». Esperantza itsu bati baino gehiago, asmo kontziente bati egiten dio erreferentzia. Fedeari baino gehiago, antolakuntza kolektiboari. «Kantu horrek definitzen du diskoaren asmoa», azaldu du Gurrutxagak.

«Pandemia garai ilun bat definitzen zuen Gauden aldian diskoak; iluntasun horrek ez du alde egin, baina Izan litekeen guztia-rekin zulo horretatik ateratzeko indar bati egin nahi izan diogu keinu»JON GURRUTXAGA Abeslaria

Baina diskoa entzun eta lanari «soiltasuna» igarri zion Gurrutxagaren lagun batek. Halaxe adierazi zion lagunak, eta ados dago harekin: «Soiltasun bilatu bat» azaleratzen du Izan litekeen guztia diskoak. Gurrutxagak berak idazten ditu abestien hitzak, eta apaingarriak alboratu nahi izan dituela kontatu du: «Poemetan ere zailena erro-errora joatea izaten da. Zer da poema horrekin esan nahi duzuna? Zer kantu horrekin esan nahi duzuna? Adjektibazioa saihestu dut, errora joan ahal izateko». Berdin egin dute instrumentuekin ere, eta zortzi abesti «soilez» osatutako diskoa izan da emaitza. 

Oda bat laguntasunari

Aitor Bizkarra bertsolariaren hitzak dira diskoko Portuak eta aingurak lehen abestiarenak. Zehazki, Itsas alegia laguntasunari bertso sortaren moldaketa bat da, eta, hain zuzen, Gurrutxagak adierazi duenez, laguntasunari egindako «oda bat» da. Ez da kasualitatea: adiskidetasunaren alde egiten dute diskoan, eta, gainera, lagun dute Bizkarra bera. Berdin ulertzen dute euren musika taldea ere: lagunak dira, eta elkar laguntzen dute. Argi diote Etsia sartzen denerako abestian: «Plazer hutsetik haratago/ hemen hartzen dugu abaro/ etsia sartzen denerako». 

Benito Lertxundiren Kaixo ardizain abestiaren bertsio bat ere egin dute. «Taldearen sorrera-sorreratatik zuzenekoetan jo izan dugun kantu bat da, ez dugu behin ere zerrendatik kendu», kontatu du abeslariak. Hala, estudioan grabatzea erabaki zuten —Lertxundiren baimenarekin—, eta abestiari country erritmoa gehitu diote gainera. Ez da ohiko pop estiloari ihes egiten dion abesti bakarra: Gurrutxagari countrya gogorarazten dio Zauri zaharra kantuaren erritmoak ere, baina, esperimentazioak alde batera utzita, betiere «soinu organikoak» bilatzen dituztela argitu du taldekideak. Aurrerantzean, egindako lana hezurmamitua ikusteak ematen duen «asetasuna» disfrutatzeko garaia besterik ez dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA