Aurkeztutako lanen «maila ona» ikusita, saria ex-aequo banatzea erabaki du aurten Mikel Zarate haur literatura sariketako epaimahaiak. Bat ez, bi irabazle izan ditu bada: Maitane Arizti Ugarteburu (Urretxu, Gipuzkoa 1982), Aitona elefante bat da lanarekin; eta Maitane Perez Argote (Iruñea, 1985), Balearen kanta ipuinarekin. Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatu dute epaimahaia, eta idazleek erdi bana jasoko dute 4.000 euroko saria. Horretaz gain, bi liburuak argitara emango ditu Elkarrek udazkenean.
Ariztiren Aitona elefante bat da lanak «haur literaturan klasiko bihurtuz doan gai bat» du hizpide, argitaletxeak zabaldutako oharraren arabera: kontalari eta protagonista den haurraren aitonak lehenik burua eta ondotik bizia galduko ditu, eta hori «modu original, bizi eta baikorrean» landu du egileak, «idazkera dotorez eta umore etengabez». Perezen Balearen kanta-k, berriz, migrazioa eta ekologia uztartzen ditu. Afrikatik Europara heldu nahi duen neskato bat du protagonista, Hayda; txalupatik itsasora erori ondoren, balea batek hartu du bere gain, eta hortik abiatuko da istorioa, «samurra eta harrigarria», epaimahaiko kideen esanetan.
Elkar argitaletxeak Lezamako Udalarekin elkarlanean antolatzen du Mikel Zarate sariketa —hangoa baitzen izen bereko idazle eta kulturgilea—. Azken urteetako irabazleetako batzuk Lur Gallastegi, Ruben Ruiz eta Karmele Mitxelena izan dira, eta hamaseigarrenez antolatu dute aurten sariketa —zortzi lan jaso dituzte guztira—.