Musika

Maitasuna eta borroka

Palestinan lehen intifada piztu zenean Riad Awwadek grabatutako diskoa desagertuta egon da urte hauetan guztietan. Orain, 'The Intifada 1987' izenburuarekin argitaratu dute.

Raid Awwad, 1987ko argazki batean. MAJAZZ PROJECT.
mikel lizarralde
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Kamioi militar israeldar batek lau langile palestinar hil zituen 1987ko abenduaren 9an. Hogei urte ziren Israelek Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu zituela, eta gertaera lazgarri hark areagotu baino ez zuen egin palestinar herriak sufritzen zuen samina. Hala, hilketa hartatik bi egunetara, lehen liskarrak izan ziren palestinar gazteen eta israeldar armadaren artean, eta berehala hedatu ziren borrokak Gaza eta Zisjordania osora. Lehen Intifada abian zen.

Handik astebetera, Riad Awwad musikariak bere arreba Hanan, Alia eta Narima, eta Mahmoud Darwish poeta elkartu eta 11 kantu grabatu zituen etxean bertan, palestinar herriaren borroka historikoaz, haren edertasunaz eta baita borrokarako bideez ere hitz egiten zuten kantuak guztiak ere. Grabazio haren 3.000 kopia egin zituzten kasete formatuan, eta banatzen hasi ziren, baina gehienak Israelgo armadak konfiskatu zituen. Eta, ondorioz, desagertu egin ziren.

Aurkikuntza, 2020an

2020an, Majazz Project zigilu ingelesaren sortzaile Mo'min Swaitatek Jeninera jo zuen. Zisjordaniara. Bere jaioterrira. Txikitatik oroitzen zuen baina urte batzuk lehenago itxi zuten musika denda bat aurkitu zuen han, Tariq Cassettes. Berriro ere irekita. Jabe berriak dendako bigarren solairuan pilatutako kasete zaharren artean arakatzen utzi zion Swaitati: «Zortzi hilabetean, 10.000 kasete inguru entzun nituen: ezkontzetarako musika, funk eta disco kantuak, pieza iraultzaileak... eta bazen kasete hori bat ere, inolako informaziorik ez zuena. Bakarrik eskuz idatzitako hitz bat: Intifada.

Swaitatek altxor bat deskubritu zuen kasete hartan, eta, entzun ahala, jakin ahal izan zuen zein zen 11 pieza haien egilea. Grabazioaren amaieran, egileak bere burua aurkezten zuen: Riad Awwad. Eta, era berean, bere arrebei eta Darwishi eskerrak ematen zizkien diskoan parte hartzeagatik.

Riad Awwadi buruzko informaziorik ez zuen aurkitu, baina, kostata bada ere, Swaitat haren arreba Hananekin jarri zen harremanetan, eta hark eman zizkion grabazioari buruzko argibideak, eta baita nebari buruzkoak ere: «Neba talentu handiko musikaria zen, eta intifadak eragin handia izan zuen harengan. Altxamendua hasi zen aste berean elkartu gintuen sendiak Jerusalemeko haren etxean, eta eskatu zigun laguntzeko Intifadaren kantua kantatzen».

Orain Majazz diskoetxeak The Intifada 1987 izenburuarekin argitaratu duen diskoa borrokarako kantuen (Intifada, Uprising) eta palestinar lurraldeekiko maitasun abestien artean (My Land My People, Palestinian Land) mugitzen da. Nazioa eraikitzeko deien eta jaioterrian loreak ereiteko ametsen artean. «Raidek berezko estiloa zuen, eta gure nortasunari buruzko kantuak idatzi zituen».

Musikaria hainbatetan atxilotu zuten, baita torturatu ere, eta, nahiz eta hasieran kantu haiek azkar zabaldu ziren palestinarren artean, kaseteak konfiskatu egin zituzten berehala, eta grabazio hura ahanzturan erori zen. Gerora, Awwadek haurrentzako musika eskola bat sortu zuen Zisjordanian, eta Palestinian Union izeneko talde bat sortu zuen, harik eta 2005ean auto istripu batean hil zen arte.

The Intifada 1987-ren bertsio digitala abenduan jarri zuten sareetan, eta apirilean iritsiko da dendetara biniloa. «Erantzuna ikaragarria izan da», aitortu du Swaitatek. «Palestinar gazteen ehunka mezu jaso ditut. Horietako askorentzat oso inportantea izan da, eta aipatu izan didate gurasoentzako opari ederra izan daitekeela, gazteak zirelako kantu haiek egin zirenean eta bizi izan zutelako kantu haien atzean zegoen egoera».

Zenbait kantu helbide honetan daude entzungai: majazzproject.bandcamp.com/album/the-intifada-1987-2
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.